«Ia bi urte dira mina eta oinazea sorrarazten digun tunel ilun batean gaudela, eta ez dugu antzematen noiz izanen den tunelaren irteerako argia». Asteon hamaikagarren kolpea jaso dute Altsasuko zortzi gazteek zein euren gurasoek: Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak soilik Iñaki Abadi murriztu dio espetxe zigorra hamarretik sei urtera, baina gainerakoan ekaineko epaiak ezarritako 72 urteko zigorra berretsi du. «Ez dituzte terrorista gisa epaitu, baina terroristak balira bezala zigortu dituzte». Gazteen gurasoen izenean, Bel Pozuetak «mendeku gosez» aritzea eta «Guardia Zibilaren nahiei men egitea» aurpegiratu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari.
Atzo, Katakrak liburu dendan osteguneko epaiaren analisia egin zuen Altsasuko Gurasoak plataformak eta hemendik aurrerako urratsen berri eman. Agerraldia hasi aurretik, onartu zuten okerrenean jartzera ohitu izanagatik, piztutako itxaropen apurra zapuztu diela, beste behin, Auzitegi Nazionalak: «Ez da justizia ezartzen duen erakundea, ez da justiziaz ari, ez du justizia bilatzen, ez du justiziarik egiten».
Gurasoen arabera, mendekuan oinarrituta edozein herritar zigortu daitekeen bidean aurrera egin du epaiak. «Gizarteak arduraz hartu beharko luke, zeren eta gaur gure seme-alabak dira, baina aurrerantzean edonor izan daiteke». Horregatik, Hau ez da justizia lelopean, manifestaziora deitu dute, martxoaren 24rako, Altsasun (12:00). «Argi dugu Altsasuko kaleak beteko ditugula, duintasunez, denok ikusten baitugu hau bidegabekeria bat dela», nabarmendu dute.
Apelazio aretoaren ondotik, Gorenera jotzeko asmoa dute, eta nahiko lukete hark «lehenbailehen» erantzutea: «Hala ere, badakigu Espainiako justiziak nola funtzionatzen duen, eta espero dugu sei eta hamabi hilabete artean behar izatea erantzuteko».
«Neurriz kanpoko zigorra»
Bel Pozuetak onartu duenez, Europan izan diren aldietan, hainbat kazetarik galdetu izan diete «ea zenbat hildako» izan ziren Altsasun 2016ko urriaren 15 hartan. Epaiak egiaztatutzat jotzen dituen gertaerak bi guardia zibilen zein euren bikotekideen testigantzan oinarrituta daude. Pozuetaren arabera, «kontakizuna egia balitz ere», jasandako lesio larriena tenientearen orkatilaren haustura izan zen: «Hautsitako orkatila bategatik 72 urteko espetxe zigorra ezarri diete». Pozuetak gogora ekarri zuen instrukzio fasean terrorismo delituaren «erabilera maltzurra» egin zuela Lamela epaileak, eta ondoren epaitu dituzten magistratuek Guardia Zibilarekin erlazio zuzena dutela —koronel batekin ezkonduta egoteagatik edo haien dominak jasotzeagatik, besteak beste—. Gazteei errugabetasun presuntziorako eta bidezko epaiketa izateko eskubidea urratu zaiela deritzote.
Apelazio aretoak ez ditu ez gazteen ez defentsaren lekukoak aintzat hartu, eta sinesgarritasun osoa eman die guardia zibilei. Haatik, Iñaki Abaden bideoan agerian geratu zen sarjentuak gau hartan ez zituela hiru gazte identifikatu. «Orduan ez bazituen ezagutu nola da posible handik egun batzuetara identifikazio saioetan edo argazkietan ezagutzea?». Halaber, salatu dute apelazio aretoak «irizpide politikoen arabera» ezarri diela gazteei diskriminazioa larrigarri gisa.
Altsasuko gazteak «terrorista gisa» zigortu dituztela diote gurasoek
Manifestaziora deitu dute martxoaren 24rako, Altsasun. Asteon epaia jaso ondotik, Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa dutela azaldu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu