Altsasuko auzia

Altsasuko gazteak aske uzteko eskatu dute Iruñeko sanferminetan

Ehunka lagun bildu dira Errekoleten plazan, espetxeratutako gazteen askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzean. Gurasoek beren senideen egoera "bidegabea" oroitzera eta salatzera deitu dute.

Altsasuko gazte espetxeratuen aldeko elkarretaratzea, gaur, Iruñeko Errekoletoen plazan. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2019ko uztailaren 13a
07:23
Entzun

Altsasuko auzian zigortutako gazteak aske uzteko eskatu dute gaur ehunka lagunek Iruñeko sanferminetan. Errekoleten plazan elkarretaratzea egin dute gazte horien egoera "bidegabea" salatzeko. Bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea leporatuta, bi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak. Manifestariek Altsasukoak askatu, hau ez da justizia eta Alde hemendik, utzi bakean leloak oihukatu dituzte protestan. Sanferminetako peñek ere bat egin dute mobilizazioarekin.

Zigortutako gazteen gurasoek hitza hartu dute Errekoleten plazako agertokian. Gogorarazi dute hirugarren aldia dela sanferminetan mobilizatzen direla beren senideen alde. "Egunez egun ikusten ditugu gure semeen logelak hutsik. Festetan eta ohiko egunetan haien falta sumatzen da". Hala ere, egoera hori eramangarriagoa zaie gizartean aurkitu duten "babesa, ulermena eta konpromisoa" dela eta.

Gurasoen esanetan, gizarteak ez du onartu behar "gazte batzuei, haien familiari eta herriari" ezarri dieten zigorra. "Injustizia ikaragarri hau gogorarazi eta salatu behar dugu". Nabarmendu dutenez, "Koxka tabernako gertakariak muntaia baterako erabili ziren, helburu politikoekin". Salatu dute gazteei bi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkietela, behin-behineko espetxeratzearen erabilera "abusua" izan dela, epaian larrigarriak erabili direla zigorrak gogortzeko, eta, finean, "epaiketaren hasieratik giza eskubideak zalantzan jarri dituen dinamika politiko-judiziala" jarri duela indarrean Espainiako Estatuak. Oroitarazi dutenez, "aurki, Jokinek, Oihanek eta Adurrek mila egun beteko dituzte preso".

Iaz, herri sanferminen txupinazo alternatiboa botatzeko aukera izan zuten Altsasuko gurasoek. Hori gogoratu eta eskertu dute gaur. Bestalde, laguntza eskatu diete elkarte, norbanako eta eragile guztiei. "Edonon zaretela ere, zuen ahotsa behar dugu, aipatzen ez dena ahaztu egiten delako".

Gurasoek elkartasuna helarazi diete 11/13 sumarioko 47 auzipetuei ere. Irailaren 14an Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egingo dutela adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.