Atxiloketa

Altsasuko gaztea atxilotu du Guardia Zibilak

Aginte agenteen aurka egiteagatik ari dira gaztea ikertzen. Guardia Zibilak ezeztatu egin du komunikabide batzuek zabaldu dutena, baina atxilotu egin dute. Bihar pasatuko da Iruñeko epaitegitik.

Guardia zibil bat Altsasun, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ/ FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko otsailaren 7a
20:29
Entzun

Espainiako komunikabide batzuek 2016ko urriaren 15ean Altsasun (Nafarroa) jazotakoekin lotu dituzte ortzegun goizaldean besta testuinguru batean gertaturikoak, baina Guardia Zibilak berak ezeztatu egin du komunikabideek hauspoturiko kontakizuna, gaur goizean. Hain justu, hedabide horiek zabaldu dute taldean egindako «segada» bat izan zela Guardia Zibilen aurka ortzegun goizaldean egindakoa. Guardia Zibilak, ordea, goizean erran du «eraso arin bat» baino ez zuela jasan guardia zibil batek. Ustez edukiontzi batzuk bide erdian jartzeagatik Guardia Zibila lau gazte identifikatzera joan zenean gertatu zen ustez eraso arin hori.

Arratsaldean, ordea, jakinarazi dute atxilotu egin dutela guardia zibilari ustez eraso egin zion gaztea, aginte agenteen aurka egiteagatik. Bihar pasatuko da epailearen aurretik.

Beste lau identifikazio

Identifikaturiko lau gazteei salaketa jarri eta mozal legea aplikatuko diete, eta guardia zibil bat arinki erasotu zuen gaztea ikertzen ari dira agintearen aurka egiteagatik. Asteazkenean Santa Agedako kinto bestak izan ziren Altsasun, eta ortzegunean, goizaldeko seiak aldera, agertu ziren zabor edukiontziak iraulita Garcia Ximenez kalean. Guardia Zibila eta Foruzaingoa hara hurbildu ziren eta han identifikatu zituzten lau gazteak.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak gazteek egindakoa salatu du, eta Altsasun zein gizartean oro har «elkarbizitzan» aritzera deitu du. Balioan jarri du Guardia Zibilak eta Foruzaingoak egindako «lan koordinatua» eta zehaztu du ikerketapean dagoela kasua. Besta testuinguruarekin lotu du hark ere, dena den: «Besta egun bat zen Altsasun, Santa Ageda, inauteriengatik Nafarroako herri anitzetan izaten ari den gisan, alkoholaren kontsumoarekin nahastu egiten dena, eta horrek gatazka egoera bati eta edukiontziak gurutzatzeari bide eman zion».

Remirezek adierazi du «herritarren eskubide eta askatasunak bermatzeko» lan egin zuela Guardia Zibilak, hala gertatu zirela identifikazioak, eta «istilu txiki» bat gertatu zela, Foruzaingoekin batera kudeatu zutena. Atxiloketarik ez dela egon zehaztu du goizean Nafarroako Gobernuko presidenteordeak, eta erran du «diskretua» izanen dela, poliziaren esku baitago kasua: «Berriki gertaturiko zerbait da, ikerketapean dago eta goiz da oraindik adjektiboak jartzeko. Zehaztasunez eta kontuz ibili behar da horrelako kontuekin». Guardia Zibilarengan eta Foruzaingoengan «konfiantza osoa» duela nabarmendu du.

Coviteren ustez, «gorrotoa»

Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak adierazi du «gorroto ekosistemaren adierazle» dela ortzegun goizaldean Altsasun gertaturikoa. Gazteek egindakoaren «gaitzespen argia» egiteko eskatu die alderdi politiko guziei, eta salatu du ez dagoela «estrategiarik abertzaleen erradikalizazioa gelditzeko EAEn eta Nafarroan». Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak erran du «gorrotoaren kulturak ukigabe jarraitzen» duela Euskal Herriko kaleetan: «Abertzaletasun erradikalaren bortizkeriarekiko zigorgabetasun sozialak sustatu du 2016ko urriko gertaera larriak errepikatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.