Altsasuko auziari buruzko webgunea aurkeztu dute, «gertatutakoa ahaztu ez dadin»

Altsasuko Gurasoek, udalak eta Labrit Ondareak auzia gogoratzeko webgune bat eta liburu bat landu dituzte. Memoria ariketa horren bidez, duela zortzi urte gertatua etorkizunean bizirik geratzea nahi dute, eta berriro gerta dadin zailtzea.

Klara Larruzea (Labrit Multimedia), Antton Ramirez de Alda, Javi Ollo Altsasuko alkatea eta Igone Goikoetxea, Altsasuko Iortia kulturgunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Klara Larruzea (Labrit Multimedia), Antton Ramirez de Alda, Javi Ollo Altsasuko alkatea eta Igone Goikoetxea, Altsasuko Iortia kulturgunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
Altsasu
2024ko maiatzaren 17a
16:45
Entzun

Nola gogoratuko dute hurrengo belaunaldiek Altsasuko auzia? Galdera horri erantzun nahi izan dio Altsasuko Gurasoak taldeak. Labrit Ondarea enpresarekin eta Altsasuko Udalarekin batera webgune bat eta liburu bat landu dituzte, eta han jaso dituzte 2016ko urriaren 15eko goizalde hartatik aurrera bizitako hilabete eta urteak. Altsasuko herriak eta batik bat atxilotutako gazteek bizitako eraso haren inguruko 442 lekukotza eta ikuspegi bildu dituzte bertan. «Memoria kolektiboan geratzea nahi dugu, etorkizunean bizirik gera dadin. Eta zaildu egin dezan berriro errepikatzea», hausnartu du Antton Ramirez de Aldak, Adur Ramirez de Alda auzipetuaren aitak. 

Hain zuzen ere, «gertatutakoa ahaztu ez dadin», memoria ariketa hori egitea da webgunearen helburu nagusia. Altsasuko Iortia kulturgunean aurkeztu diete haren edukia komunikabideei, eta arratsaldean gauza bera egin dute altsasuarrekin: «Aitortza berezia egin nahi diogu Altsasuko herriari. Gure bizilagunen eskutik egin dugu bidea, eta maitasunez, enpatiaz eta duintasunez lagundu gaituzte», eskertu du Igone Goikoetxeak, Jokin Unamuno auzipetuaren amak.

«Aitortza berezia egin nahi diogu Altsasuko herriari. Gure bizilagunen eskutik egin dugu bidea, eta maitasunez, enpatiaz eta duintasunez lagundu gaituzte». 

IGONE GOIKOETXEA Altsasuko Gurasoak

Testigantzak, elkarrizketak, argazkiak, bideoak... Zortzi urte begi kliska batean igaro direla ematen du, eta atzerako bidaia hori patxadaz aztertzeko aukera ematen du webguneak. Izan ere, maiz badirudi memoria iragan urrunagoko ariketa bat dela. Antton Ramirez de Aldak onartu du memoria historikoko elkarteen esfortzua eta lana izan dutela ispilu: «Ikusten dugu memoria historikoari buruzko lanak argitaratzen ari direla, eta horietako gehienak urte asko iragan ondoren egiten direla, lekuko gutxirekin eta esfortzu handiarekin».

Hiru gaztek betetzeko dute espetxe zigorra

Iragan asteburuan sare sozialetan zabaldutako mezu batzuen bidez jakin zen Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda auzipetuek jada bete dutela espetxe zigorra. Aurretik, urrats bera egin zuten Iñaki Abadek eta Aratz Urrizolak. Agerraldian jakinarazi dutenez, Oihan Arnanzek datorren hilabetean beteko du. Jon Ander Cobek eta Julen Goikoetxeak, berriz, datorren urtean amaituko dute. Guztiak hirugarren graduan badaude ere, gurasoek gogora ekarri dute espetxearen itzala atzean uzten ez duten bitartean ez direla aske izango. Ramirez de Aldak azpimarratu du Altsasukoak aske aldarria ozen oihukatu behar dela oraindik ere.

Horregatik erabaki dute hurrengo belaunaldiei hutsune hori ez uztea, gaur-gaurkoz ez baitira erabat amaitu auziaren ondorioak —datorren urtean amaituko zaie espetxe zigorra azken bi auzipetuei—. «Orain egin nahi izan dugu, gertatu berritan, oroitzapena bizirik delarik. Uste dugu ekimen hau beharrezkoa dela kasuaren hasieratik egindako ibilbidea behin betiko ixteko, dena gertatzen baita eta dena geratzen baita», azpimarratu du Ramirez de Aldak.

Auzi hura eraso gisa bizi izan zuten Altsasuk eta Euskal Herriak, eta horren ondorio izan zen auzipetuen inguruan sortu zen elkartasun olatua. Ramirez de Aldaren arabera, gertatutakoak «garrantzi handia» izan zuen, eta funtsezko deritzote horregatik hura oroitzeari: «Kontua ez da beste jazarpen kasuekin alderatzea», esan du. «Gure desioa da erraztea edonork presente izatea Altsasun bizi izandakoa, 2016ko urriaren 16tik aurrera begira», gaineratu du.

Urtebeteko lana

Ideia horrek hauspoturik, Labrit Ondarea enpresaren atean jo zuten. Klara Larruzea Labrit Ondareko kidearen arabera, urtebete inguru behar izan dute lan guztia osatzeko. Iparrorratza argi eta tinko izan dute: «Altsasun gertatutakoaren memoria herritar guztien eskura uztea, zuzenean jasoa eta modu ordenatu eta eskuragarrian jartzea», kontatu du.

«Lawfare eta hori dena guk bizi izan genuen. Kazetaritzan bolo-bolo dabil gezurra. Gaia bizirik dago, eta geure buruari esan ohi diogu: 'Hori bizi izan genuen guk duela zortzi urte, eta oraindik ere bizi dugu'». 

ANTTON RAMIREZ DE ALDA Altsasuko Gurasoak

Aurkezpenean, gonbita egin diete herritarrei iraganera bidaia egiteko. Lekukotza ugari bildu dituzte: gazteak, haien senideak, abokatuak, dokumentalistak, kargudun publikoak, altsasuarrak, elkartasun olatu hura antolatzen ibili ziren lagunak... Orotara 24 orduko grabazioak dituzte, formatu desberdinetan bilduak. Irudiek ere protagonismo berezia dute.

Gainera, webguneko pasarteak liburu batean bildu dituzte: Altsasuko Auziaren memoria liburua. Liburuan parte hartu du Altsasuko Udalak. «Gure herriko ondare immaterialaren bilketa ezinbestekoa da. Duela urte batzuk, Labrit Ondarearekin horren inguruko lan oso on bat egin da gure herrian; bestelako liburuak ere egin dira. Gure historiaren eta ondarearen adibide izango da liburu hau», nabarmendu du Javi Ollo Altsasuko alkateak.

Hiru gogoeta

Altsasuko auzia behin betiko ixteko gutxi falta den honetan, Antton Ramirez de Aldak hiru gogoeta egin nahi izan ditu. Batetik, «bertsio ofizialarekin ez da fidatu behar». Bigarrenik, azken urtea hirugarren graduan eman dute auzipetuek, baina gertutik ezagutu dute espetxeetako errealitatea ere: «Premiazkoa da espetxe sistemaren ikuspegia aldatzea. Ezagutu dugu errealitate krudela batik bat pandemia garaian, eta pentsatzen dugu egoerak eskatzen dituela erreforma  batzuk. Zigor eta mendeku eskemetatik gizarteratzean eta justizia errestauratiboan oinarritutako batera pasatzea, espetxe legediak dioena betez irizpide politikoen araberako salbuespenik gabe».

«Gure herriko ondare immateriala biltzea ezinbestekoa da. Gure historiaren eta ondarearen adibide izango da liburu hau ere». 

JAVI OLLO Altsasuko alkatea

Azkenik, gezurrak eta eraberritze demokratikoa hizpide diren honetan, Altsasuko auziko protagonistek ondo gogoan dute bizi izandakoa. «Lawfare eta hori dena guk bizi izan genuen. Kazetaritzan bolo-bolo dabil gezurra. Gaia bizi-bizirik dago, eta geure buruari esan ohi diogu: 'Hori dena bizi izan genuen guk duela zortzi urte, eta oraindik ere bizi dugu'», adierazi du. Haren ustez,  indarrean jarraitzen dute Guardia Zibilaren benetako boterearen eta errealitate judizial, mediatiko eta politikoaren aurkako salaketek, eta horri heldu behar zaio demokrazia egiazki eraberritu dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.