Japonian, ipar-ekialdeko kostaldearentzat mugarri bat izan ziren 2011ko martxoaren 11ko lurrikara handia eta ondorengo tsunamia. Aurretik zein ondoren, olatu bortitzei aurre egiteko euste hormak eraiki eta berreraiki dira. Altsasun ere altxatu ziren bestelako euste hormak terrorismoaren akusaziopean altxatutako olatu judizialari aurre egiteko, eta horren aurkako erantzuna da auziak utzi duen irakaspenik baliotsuena.
Izan ere, auzi judiziala amaitutzat jo daiteke. Bost urte pasako bide malkartsuaren azken geltokia Europako Giza Eskubideen Auzitegia izan da. Esperantzaz baina tentuz jo zuten Estrasburgora (Frantzia) zortzi gazteen defentsek, Amaia Izko abokatuetako batek gogora ekarri duenez: «Itxaropentsu geunden, baina zailtasunen berri ere bagenekien». Asteon, Estrasburgoko auzitegiak eskaera aintzat ez hartzea erabaki du. Izkoren arabera, «ez dago jakiterik» noraino heldu dion mamiari: «Ebazpena lerro batekoa da, tramite huts bat. Ez du ikustarazten deus».
Terrorismoaren mugarria
Nolatan, baina, ez da gai izan Estrasburgoko Auzitegia bederen tramiterako onartzeko?2016ko urriaren 15eko ordu txikietan Altsasun izandako gertaeren ostean, Espainiako hainbat komunikabidek intoxikazio kanpaina bati ekin zioten, eta harrabots haren ondotik Covite ETAren biktimen elkarteak Auzitegi Nazionalera jo zuen. Carmen Lamela epaile instruktoreak bide eman zion salaketari, eta terrorismoaren akusazioaren gain eraiki zuen dena. Funtsezkoa izan zen instrukzioa Iruñetik Madrilera iragateko. Akusazio larri horrek zutik iraun zuen instrukzio fase osoan, 2018ko ekainean lehen epaia kaleratu zen arte.
Horregatik, Estrasburgoko auzitegiaren aurrean gorabeherok juridikoki adieraztea zailtasun bat izan da. Izko: «Terrorismo akusazio batekin hasi genuen auzia, eta, horrela amaituz gero, oso argi zegoen Estrasburgok beste begi batzuekin hausnartuko lukeela. Hori baino askoz erelausoagoa eta sotilagoa izan da, terrorismoaren akusazioak baldintzatu egin baitu prozesu guztia, berme guztiak ezabatzeraino». Auzibidean, akusazioa atzera botatzea lortu zuen defentsak, baina ordurako kaltea egina zegoen, ohiko prozedura bat eragotzi nahi zelako, «Auzitegi Nazionalak har zezan, eta kanpoko bestelako interesak lehenets».
Auzibidea konplexua eta luzea izan da, gainera. Auzialdiz auzialdi, Espainiako sistema judizialean gora egin ahala, akusazioaren hasierako asmoak koska bat leundu ziren, bai, baina bidegabekeriaren funtsari eutsi zitzaion: lehenik, 2018an, Auzitegi Nazionalak terrorismoaren akusazioa kendu zuen, baina larrigarri gisa ezarri zuen guardia zibil izateagatik jo zituztela; bigarrenik, 2019an, Gorenak larrigarri hori ezabatu arren, egotzitako delituak errepikatu, eta zigor handiei eutsi zien; azkenik, Konstituzionalak epai hura berretsi zuen, 2020an. Orotara, 79 urteko espetxe zigorra ezarri zieten zortzi gazteei. Zerikusirik ez hasieran fiskalak eskatutako 375 urteekin, baina epaitegien zama guztia erori zen zortzi gazteen gain, behin betiko zigor handi eta gogorrak ezarriz.
Estrasburgon, hori guztia ikusaraztea zen xedea. «Prozesu bat bermatu dela irudi arren, egiazki bidezko prozesurik ez dela bermatu salatzen genuen eskaeran. Hori izan da zailtasuna», nabarmendu du Izkok. Horretarako,epaimahaiko kide batzuek Guardia Zibilarekin zuten harremana azpimarratu eta inpartzialtasun eza adierazi zuten; gainera, hainbat irregulartasun adieraziz, bidezko prozesurik ez dutela jaso adierazi dute. «Proportzionaltasunik ez dela egon planteatu dugu, hemen erabili direlako larrigarriak zigor guztiak muturreraino eramateko. Larrigarri berbera erabili da behin eta berriro, baina beste izen tekniko bat erabiliz». Zuzenbidearen oinarrizko printzipioak urratu direla argudiatu arren, Estrasburgo ez da sartu hori dena aztertzera.
Ezein epaimahaik ikusi ez duena bai ulertu zuten Euskal Herriko eta Kataluniako gizarteek berehala. «Garaipenik handiena alor sozialean izan da. Jende askok oso argi ikusi du komunikabideen manipulazioa, biktimen lobby edo presioa eta Auzitegi Nazionalaren rola, eta horren aurrean oldartu egin da. Horrek markatu du mugarria». Izkoren arabera, aurrera begira garrantzia du horrek. «Egongo dira horrelako eskandalu gehiago, baina zailago izango dute horrelako gauza bat egitea». Hor laburbiltzen dira Altsasuko auziaren bi aldeak: bidegabekeriaren olatua eta hari aurre egiten dion euste horma.
Judizialki auzia itxitzat jo bada ere, ezin esan daiteke amesgaiztoa amaitu denik. Ainara Urkijok kartzela saihestea lortu zuen; Iñaki Abadek iragan urrian bete zuen zigorra; Aratz Urrizolari beste bost hilabete inguru falta zaizkio horretarako, eta gainerako bostei, gehiago. Hirugarren graduan daude guztiak, egun. «Kalean daude, baina ez dira libre. Bizitza guztiz baldintzatua dute. Espero dezagun baldintzapeko askatasuna lortzea ahalik eta azkarrena. Egia da gizartearen erantzunak ahalbidetu zuela espetxe erantzun egokiago bat ematea».
Altsasu: tsunamiari aurre egin dion horma
Asteon, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du tramiterako onartu Altsasuko zortzi gazteen defentsaren eskaera, eta auzia itxitzat jo du. Amaia Izko abokatuak azaldu du «zail» egin zaiela Estrasburgon bost urteotako bidegabekeria ikusaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu