Ikus-entzunezkoak

'Altsasu (Gau Hura)' dokumentala bukatzeko finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatuko dute

Marc Parramon dokumentalgileak eta Amets Arzallus bertsolariak lau urte daramatzate Altsasu auziaren inguruko dokumentala prestatzen. Azaldu dutenez, eskuratutako dirua «proiektua bukatzeko lanetara, eta istorio hau gure mugez haratago zabaltzera bideratuko da».

Paulo Ostolaza.
2021eko apirilaren 25a
13:49
Entzun

Marc Parramon dokumentalgileak eta Amets Arzallus bertsolariak lau urte daramatzate Altsasu auziak «harrapaturiko pertsona batzuk orpoz orpo jarraituz». Lau urte manifestazioetatik epaitegira, epaitegitik espetxera, elkarrizketa eta grabazio lanetan, haien bizitzaren parte bihurtuz. Hori guztia, Altsasu (Gau Hura) izena duen dokumentala egin eta han jazotako istorioaren berri emateko asmoarekin.

Azaldu dutenez, «azken urte luze hau edizio eta muntatze lanean eman dugu, eta orain postprodukzio fasean gaude». Fase horretarako behar dituzten baliabideak eskuratzeko, sareetan finantzaketa kolektiboko diru-bilketa kanpaina bati ekingo diote bihar, apirilak 26: «Lortutako dirua proiektua bukatzeko lanetara eta istorio hori gure mugez haratago zabaltzera bideratuko da». 

Izan ere, egileen arabera, kasuaren kontakizuna eta ezagutza «gure mugez haratago» eramateko ahalegin bat da dokumentala: «Altsasuko kasuak badu testuinguru lokal bat Euskal Herriko gatazkari lotua. ETAk behin betiko armak utzi eta bost urte geroago, oraindik ere estatuaren barne aparatuen inertzia zaharrek iraun egiten dute. Baina, Euskal Herritik haratago, Altsasuko kasuak badu dimentsio unibertsal bat; indar armatu eta botere faktikoen aurrean herritar arruntak duen indefentsio gero eta handiagoa».

Arzallus eta Parramon

Altsasu (Gau Hura) dokumentala aurten aurkeztuko dute, euskaraz eta gazteleraz, eta 75 minutu iraungo du. Ekoiztetxeak Bartzelonako Massa d'Or eta Bilboko Marmoka Films izan dira. Dokumentaleko musika Maite Arroitajauregi Mursego-rena da.

Egileak, berriz, Euskal Herrian aski ezaguna den Amets Arzallus bertsolari eta kazetaria (Hendaia, Lapurdi, 1983) eta Marc Parramon dokumentalgilea (Manlleu, Katalunia, 1977) dira. Hogei urte baino gehiagoko ibilbidea du Parramonek, eta nazioartean hainbat sari jaso izan ditu. Nagusiki, motibazio politiko eta soziala duten gaiak lantzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.