Alternatiben auzoak, hiriaren erdigunera

Ekainaren 2an egingo dute Alternatiben Herria ekitaldia, Iruñean. Sei gune jarriko dituzte Alde Zaharrean, zenbait arlotako gaiak lantzeko

Atzo aurkeztu zuten Alternatiben Herria, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Alternatiben Herriaren lehenengo bi aldiak Baionan eta Bilbon egin ondoren, Iruñeak du oraingoan lekukoa: ekainaren 2an egingo dute hirugarrena. Iazko urrian, oinarriak zehazteko batzar irekia egin zuten, eta, bost hilabeteren ostean, prest dituzte egitarauaren ildo nagusiak. Atzo egin zuten aurkezpena, Iruñeko Katakrak liburu dendan. «Inposatzen dizkiguten ereduen aurrean, erakutsi nahi dugu hemen posiblea dela pertsonen beharrak erdigunean jartzea», adierazi zuten. Horretarako, Alde Zaharra sei gune edo auzotan banatuko dute: Ekonomia; Herriak eta lurra; Bizitza anitzak eta duinak; Arragoa; Haurren errepublika; eta Parte hartzea, demokrazia, burujabetza.

Auzo horietako bakoitzean hainbat jarduera egingo dute, arlo horietako gaiak lantzeko; eta, horrez gain, gune orokor bat ere jarriko dute, Maitane Unzu Jabat Alternatiben Herriko kideak azaldu duenez: «Goizean irekiera xume bat egingo dugu; ondoren, auzo bakoitzean egongo dira mahai inguruak, hitzaldiak, eztabaidak... Herri bazkaria egingo dugu, eta, bazkalostean, jarduera dinamikoagoak egingo ditugu: antzerkiak, tailerrak...». Amaitzeko, kalejira batekin bilduko dituzte auzoetako lagunak, eta gune zentralera abiatuko dira. Han, itxiera ekitaldia egingo dute: «Itxiera atsegina eta polita egin nahi dugu, umorez landuta, musikarekin eta hainbat pertsona erakargarrirekin». Behin betiko egitaraua apirilaren amaierarako prest egotea aurreikusten dute.

Prozesuaren hastapenetan Bilboko Alternatiben Herrian parte hartu zutenen laguntza izan zutela azaldu du Unzuk: «Aholkuak eman zizkiguten, eta haien esperientzia gurekin partekatu zuten; eta hemen, gutxi gorabehera, Bilboko molde bera errepikatzea erabaki genuen». Hasieran, batzar orokorrak egin zituzten, eta, ondoren, lantaldeak osatu zituzten, ildo zehatzak jorratzeko. Hainbat kolektiborekin harremanetan jarri ziren, ahalik eta pertsona gehienen parte hartzea lortzeko. Kontzeptu batzuk definitu ostean, egitaraua prestatzeari ekin zioten. «Batzar horietan orotariko pertsonak daude: batzuk esperientzia handikoak dira, eta beste batzuek interes hutsagatik parte hartzen dute, edo eragile batean daudelako... Taldeak oso malguak eta irekiak dira».

Hilabete hauetan guztietan udalarekin harremanetan egon direla esan du Unzuk, eta asteotan hartu-emana «jarraituagoa» izaten ari dela. Udalak «laguntzeko jarrera» du, haren hitzetan. Orain, gune bakoitza Alde Zaharreko zein tokitan jarriko duten erabakitzen ari dira.

Prozesuaren garrantzia

Prozesuak berak «berebiziko garrantzia» duela adierazi dute ekitaldiaren antolatzaileek, ezinbestekotzat jotzen baitituzte «parte hartzea eta horizontaltasuna». Horretarako ere oinarri batzuk definitu dituzte: konfiantza, erabakien errespetua, hizkuntza eskubideak eta zaintza. «Egitura antolatzean gardentasun handia egon da hasieratik; bestalde, aintzat hartzen dugu jendeak nola daraman lan zama, eta informazioaren transmisioa zaindu egiten dugu», azaldu du Unzuk.

Egindako ibilbidearekin eta jendearen erantzunarekin «pozik» daudela adierazi du. «Orain, lan erritmoa handitzen ari da, eta, halere, jendea oso gogotsu dago; beraz, horrek erakusten du ongi goazela». Animatzeko gonbita zabaldu, eta gogorarazi du parte hartzeko modu anitz daudela, eta horiek Alternatiben Herriaren webgunean kontsultatu daitezkeela.

Lekukoa, Bilbotik Iruñera

Altenatiben Herriak 2013an du jatorria. Urte horretan egin zuten Parisko klimaren goi bileraren ostean, gizartearen sektore batek erantzun zuen sistema aldatu behar zela, ez klima. Testuinguru horretan, Bizi mugimenduak «alternatiben herriak» sortzeko deia egin zuen. Euskal Herrian, lehenengo Alternatiben Herria Baionan egin zuten, eta horrekin batera sortu zuten Eskubide Sozialen Gutuna. Bigarren aldia, berriz, 2015ean egin zuten, Bilbon. Iruñeak hartu die lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.