G7koen goi bilera Miarritzen. Kontragailurra

Alternatibak erakusteko

4.000 bat lagun bildu dira Irun eta Hendaia artean egiten ari diren G7koen aurkako kontragailurrean, antolatzaileen arabera. Martxa inprobisatuek eta sindikatuen ekintzek mamitu dute bigarren eguna. Bideoa, albistearen amaieran.

Jende andana ibili zen egun guzian Ficoba aretoan antolatutako hitzaldi eta tailerretan. JON URBE / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun

Egun mugitua izan zen atzokoa Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) artean G7koen bileraren harira antolatu duten kontragailurrean. 10:00etan ezarri zuten hitzordua Urruñako kanpalekuan: Notre-Dame-Des-Landeseko (Bretainia) BBG Babestu Beharreko Gunetik Ambazada etxolaren erreplika bat ekarri zuten, eta Topaketa Intergalaktikoak antolatu dituzten Hendaiako Caneta portura eraman. Manifestazio inprobisatu bat egin zuten hirurehun bat pertsonak, Pirinio Atlantikoetako prefeturak ezarritako debekuei aurre eginez. «Erakutsi diezaiegun karrika gurea dela», aldarrikatu zuten megafonotik kanpalekua utzi aitzin.

Etxolari errota txiki batzuk ezarriak zizkioten okasiorako, eta denen artean bultzatuz eraman zuten errepidean gora. Denek gorroto ditugu poliziak; karrika gurea da; borroka da bide bakarra, halako oihu eta lelo andana entzun ziren ibilbide guzian. Jendarmeak agertu ziren aski fite, baina martxa abiatua zutenekin hitz egin ondotik, manifestazio inprobisatuari bidea irekitzea erabaki zuten azkenean. Istilurik gabe eta umore onean ibili ziren, ordubete inguru, eta greban diren itsas ospitaleko langileei elkartasuna erakusteko ere baliatu zuten eraikinaren aitzinean pasatzea. Eguerdirako iritsi ziren topaketa intergalaktikoak antolatu dituzten gunera, eta txalo zaparrada artean hartu zituzten han.


Manifestazio inprobisatu bat egin zuten kanpalekutik Hendaiako Caneta portura. Guillaume Fauveau

Ordu berean, LAB, CGT eta Solidaires sindikatuek ekintza sinboliko bat egin zuten Hendaiako Mc'Donalds inguruan. Piknik herrikoi bat banatzeko bildu ziren bertan, «prekaritatearen» aurka «elikadura burujabetza» aldarrikatzeko asmoz: «Bertako haragiarekin egindako hanburgesak jango ditugu orain, sagardoarekin lagunduta». Halaber, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak nabarmendu zuen McDonalds «sistema kapitalistaren adierazle garbi bat» dela.


Sindikatuek elikadura burujabetzaren aldeko ekintza bat egin zuten eguerdian. Guillaume Fauveau

Eragileen herrixka

Ilara luzeak ikusi ziren Ficoban ere. Han dira G7 Ez plataformak antolatu dituen hitzaldi eta tailer nagusiak, eta arrakasta handia izan zuten atzo. Antolatzaileen kalkuluen arabera, 4.000 pertsona inguru dabiltza kontragailurreko guneetan eta 2.000 Urruñako kanpalekuan. Ingurune eta ideologia ezberdineko jendearen artean «elkar ezagutu eta sinergiak sortzeko» aukera bikaina izaten ari dela nabarmendu dute, eta euskal herritarrei dei egin diete kontragailurrean eta hurrengo egunetan izanen diren mobilizazioetan parte har dezaten.

Alternatiben herrixkan dira parte hartzen ari diren eragileetako batzuk. «Internazionalista eta feminista gisa, Miarritzen etzitik aurrera bilduko direnek gure proiektuaren antagonismoaren isla dira, eta, beraz, haien kontra egiteko modu hoberik ez zaigu bururatzen», azaldu du Izaskun Goienetxea Askapenako kideak. «Haien kontra egiteko hemen egon behar dugu, hemen adierazi behar ditugu gure ideiak eta alternatibak, internazionalismoaren funtsa zer den; batez ere, haiek zapuztu nahi duten herrien arteko elkartasuna indarrean dagoela erakutsi nahi dugu».

EH Baik eta EH Bilduk ere ezarria dute mahaia. Iker Elizalde Hendaiako hautetsiak bi arrazoi aipatu zituen kontragailurrean egoteko: «Alde batetik, erakusteko hemen badela herri bat, bere geroaren alde borrokatu nahi dena. Bestetik, Miarritzera goi bilera inposatzera etorri direnei jakinarazteko hemen badela alternatiba bat beraiek eskaintzen duten munduarentzat, eta alternatiba hori aspalditik eraikitzen ari dela herri honetan». ELB laborari sindikatuaren ordezkari gisa etorria da Mikel Hiribarren: «Miarritzen elkartuko diren buruzagiek, nahi ala ez, badaukate ikaragarrizko erantzukizuna munduaren norabideari buruz. Eta guk, nekazari bezala, nahi dugu adierazi beste moduko nekazaritza bat nahi dugula gerorako».

Jende andana ibili zen egun guzian Ficoba aretoan antolatutako hitzaldi eta tailerretan. Jon Urbe / FOKU
Bizi-ko kideek ere klima larrialdia eta justizia sozialaren alde lan egiteko beharra azpimarratu zituzten. Igandean ekintza berezi bat eginen du mugimendu altermundialistak, iragarri baitute urtean zehar ebatsi dituzten Emmanuel Macron Frantziako presidentearen argazkiak agertuko dituztela. Azken egunetan, erretratuekin Miarritzen hartutako argazki horietako batzuk erakutsi dituzte sare sozialetan, trufa eta probokazio artean.

Bi larrialdi

Munduaren bukaera, hilabete bukaera: borroka bera hitzaldia izan zen atzo arratsaldean arrakasta gehien izan zuenetako bat. Bostehun pertsonarentzako lekua du aretoak, eta batek baino gehiagok kanpoan gelditu behar izan zuen, leku faltan. Philippe Martinez CGTko idazkari nagusia, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, Eric Beynel Solidaireseko bozeramailea, Jean-François Julliard Greenpeaceko zuzendari nagusia eta Aurelie Trouve Attaceko bozeramailea aritu ziren eztabaidan.

Bi borrokak batera egin behar direla aldarrikatu zuten guziek. «Ez dugu mundu bukaeraren erronka ulertaraziko hilabete bukaerara iristeko arazoak konpontzen ez baditugu», azaldu zuen Martinezek. «Frantzian hamabi milioi pertsona daude energia prekaritatean». Julliardek aitortu zuen luzaz ingurumenaren aldeko taldeek ez dutela kontuan hartu arazo soziala. «Ezin dugu nuklearretik ateratzea planteatu nuklearrean ari diren langileen etorkizuna konpondu gabe».

Frantziako sindikatuek eta ingurumenaren aldeko taldeek mobilizazio bateratu bat iragarria dute irailaren 20rako. Lehen pauso bat dela nabarmendu zuten, eta hizlari guziek elkarrekin lanean segitzeko beharra azpimarratu zuten.

[youtube]https://youtu.be/os0av9-gEhI[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.