«Alternatiba sinesgarriak» proposatu nahi ditu EH Baik Frantziako legebiltzarrean

Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan aurkeztuko ditu hautagaiak ekainean, Euskal Herriaren ahotsa Parisen entzunarazteko. «Beste mundu bat eraikitzen ari gara, eta Ipar Euskal Herria horretarako prest da»

Hiru hautesbarrutietan aurkeztuko ditu hautagaiak EH Baik. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko apirilaren 26a
17:26
Entzun

Ipar Euskal Herrian eramaten diren «borroka eta alternatiba guziei ahotsa ematea». Hara zer den EH Baik Frantziako legebiltzarrerako bozetara aurkeztuko dituen hautagaitzen helburua. Ekaina arte eramanen duten kanpaina aurkeztu dute, gaur, Miarritzen (Lapurdi): Gure esku lelopean, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa biltzen dituzten hiru hautesbarrutietan izanen dira hautagai ezkertiar eta abertzaleak. Transizio ekologikoaren erronka eta lurra eta etxebizitzaren arazoari konponbideak ematea aldarrikatzeaz gain, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean urratsak ematea eta euskarari lege babesa ematea ere mahai gaineratuko dituzte. Eta, oro har, «gizarte emantzipazioaren aldeko neurriak» defendatuko dituzte: «guztiok bizitza duina izateko eskubidea, askatasun indibidual eta kolektiboak errespetatuz».

Egoitz Urrutikoetxea izanen da 4. hautesbarrutiko hautagaia. Historialaria izateaz gain, Lexantzüko (Zuberoa) eta Euskal Hirigune Elkargoko hautetsia da, eta elkarte munduan ere dihardu. Terexa Lekunberri antropologoa izanen da bere ordezkoa. Ipar Euskal Herriaz gain Biarnoaren zati bat ere hartzen du 4. hautesbarrutiak, eta ez da ezkerreko abertzaleentzat aproposena. 2017an bosgarren lekuan gelditu ziren bozen &8,9 lortuta, baina bigarren indarra izan ziren Ipar Euskal Herriko zatiko bozak bakarrik kontuan hartuta.

5. hautesbarrutian Mathilde Hary izanen da hautagaia. Gizarte langilea da, eta etxebizitza eskubidearen eta laborantza lurren zaintzaren alde militatu izan du. Sylvain Aime laboraria izanen da bere ordezkoa. Baionako hirigunea hartzen du 5. hautesbarrutiak, eta nahiko zenbaki apaletan ibili ohi dira hor ezkerreko abertzaleak. EH Baikoak seigarrenak izan ziren 2017an, bozen %5,7 eskuratuta.

Azkenik, Peio Dufau izanen da 6. hautesbarrutiko hautagaia. Trenbideetako langile eta sindikalista, Bake Bidean ere ari da azken urteetan, eta Ziburuko (Lapurdi) herriko etxeko axuanta da 2020ko hauteskundeetatik. Françoise Gallois izanen da bere ordezkoa. Ezkerreko abertzaleek emaitza onenak lortu izan dituzten hautesbarrutia da hau. 2017an hirugarren indarra izan zen EH Bai, ezkerreko lehena, bozen %12rekin.

Abstentzioak markatu zituen duela bost urteko bozak: hautesleen erdia baino gehiago ez zen bozka bulegoetara agertu. Aurten, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari oposizio indartsu bat eraikitzeko ideiak har lezake gaina. Frantziako ezkerreko indarrek elkarrizketak abiatuak dituzte hautagaitza bateratua aurkezteko. Ikusi beharko da horren aitzinean nola eusten dion EH Baik. Paristik gidatuak diren Frantziako alderdien aitzinean tokikotasun bat agertzeko parioa eginen dutela aurreikusi daiteke, Korsikako eta Bretainiako esperientziak eredu hartuta: «EH Baiko diputatuak lortzea, Parisen Ipar Euskal Herriaren ahoitsa segurtatzea da. Azken bost urteetan, Korsikako hiru diputatuek zein Paul Molacek erakutsi bezala, garrantzitsua da bertakoen interesak defendituko dituzten diputatuak lortzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.