Kantonamenduetako bozak. Elkarrizketa. Daniel Olzomendi. EH Baiko Iholdiko hautagaia

«Alternatiba gara, eta gure mezuak, ulergarriak izateaz gain, ulertuak dira»

Bigarren itzulira pasatzea lortu du EH Baik Iholdin; Jean-Louis Casetekin (UMP) lehiatuko da igandean Olzomendi.

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Bigarren itzulia aitzineko hiru egun hauetan, azkarki mobilizatuak dira Iholdin EH Baiko militanteak. Abertzaleen mezua etxe guztietara eraman nahi dute, lehen itzulian baino emaitza hobeak lortzeko, eta nahiko itxaropentsu da horri begira Olzomendi.

Iholdin bigarren itzulia izatea bera irabazte bat dela erran daiteke, ikusiz aitzinekoan Jean-Louis Caset (UMP) lehen itzulitik pasa zela.

Lehen aldian salbu, beti lehen itzulian pasa da Caset; 1998an%80k eskuin bozkatu zuten. Beraz, bai, hau dugu lehen irabaztea. Argi frogatu dugu EH Bai dela Iholdi Oztibarren bigarren indar politikoa; guk dugu alternatiba ekartzen. Gure mezuak ulergarri dira, eta ulertuak ere bai, gainera. EH Bairen eta Caseten arteko aldea biziki txikia da, 254 bozekoa da, eta, jakinik 802 ez direla bozkatzera joan, badugu boz gehiago lortzeko aukera. 731 boz joan dira beste hautagaietara. Beraz, bozkatzaileen erdiek ez dute bien arteko hautatua egina. Haiei erran behar diegu edo oraingo sisteman segitzen dutela edo aldaketa hautatzen dutela eta horretarako hautagaia EH Bai dela.

Lehen itzulian baino emaitza hobeak espero dituzu?

Bai. Etxez etxe ari gara, eta batzuek diote Cachenauten alde (eskuina) bozkatu dutela baina igandean aldaketarentzat bozkatuko dutela, hots, guretzat. Lan handi bat badugu egiteko hiru egunez; mobilizazio azkarra nahi dugu, eta militanteek bozeramaile izan behar dute, beren familietan, karriketan, herrietan... Uste dut denok elkarrekin desmartxa hau bururaino eramaten ahal dugula.

2004an baino kasik 300 boz gehiago bildu dituzue abertzaleek. Nahiz Alderdi Sozialistak eta Europe Ecologie Berdeak zerrendek zuei sostengua erakutsi, uste zenuen hainbeste herritarrek emanen zizutela sostengua?

Ez, eta biziki kontent gara. Etxez etxe egin lanak anitz ekarri du. Jendeak ulertu du aldaketa behar dela, eta ulertu dute desmartxa kolektiboak duela hori ekarriko. Emaitza onak dira, eta ez dugu orain deus utziko. Ahal bezain azkar segituko dugu, eta igandean eginen dugu bilana.

EAJ ere aurkeztu zen. Sostengua adierazi dizue bigarren itzulirako?

Ez dut uste gure alde bozkatzera deitu dutenik; hauteslea bere bozaren jabe dela erraten dute. EAJren mezua ikusiz, espero dut abertzale horiek gure alde eginen dutela, zeren ez dut uste Casetek euskara edo Euskal Herriaren ezagupenaren alde lan eginen duenik.

Garazin ere, bigarren itzulira pasatzea lortu du EH Baik, baina ez da aurkeztuko. Zer diozu horretaz?

Lokalki hartu erabakiak errespetatzen ditut beti; kolektiboki erabaki dute, eta errespetatzen eta onartzen dut. Orain arte egin dugun bezala, Euskal Herri mailan denek elkarrekin lanean ari izan behar gara.

Iholdin sortu dinamika hori igande gauean zer bilakatuko da?

Dinamika horren segitzea hitzeman diogu elkarri. Zinez irabazte ikaragarrikoa izan da. Gure indarrak harritu nau, eta ondoko egun eta urteetan ere lanean ariko gara. Herriko bozketetan, abertzaleok gure burua erakutsi eta gure mezua zabaldu beharko dugu, herriko etxeak irabazteko.

Kontseilari bihurtzen bazara, zein da Pauera eramanen duzun lehen mezua?

EH Bairen eta beste alderdien artean ez da akordio politikorik izan. Lau galdera pausatu dizkiegu PS, UMP eta Forces 64 zerrendei, eta ez dugu erantzunik jaso. Horien beha egon behar gara; baina, dena dela, abertzale gara, abertzale izanen gara eta abertzale gisa segituko dugu lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.