Alternatiba feminista munduari

Emakumeen Mundu Martxak bihar abiatuko du seigarren ekintza sorta. Urriaren 17ra bitarte, gerren eta kapitalismoaren aurka egingo dute, eta herrien subiranotasunaren eta ondo bizitzearen alde.

Emakumeen Mundu Martxari harrera, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Emakumeen Mundu Martxari harrera, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko martxoaren 7a
12:00
Entzun

Gerren eta kapitalismoaren aurka, eta herrien subiranotasunaren eta ondo bizitzearen alde egingo du aurten, Emakumeen Mundu Martxak. Bihar abiatuko du nazioarteko seigarren ekintza, eta dei ozena egin diete mundu osoko emakumeei, parte hartzeko urriaren 17ra bitarte egingo diren ekintzetan. 

Alternatiba feministei ikusgaitasuna emateko garaia dela sinetsita, nazioarteko mobilizazio eta artikulazioa sustatu nahi dute tokian-tokian eta eskualdeetan mobilizatuz.

Ekintzarako lau ardatz zedarritu dituzte aurten: enpresa transnazionalen aurka ondasun komunak defendatzea; bizitzaren jasangarritasuna eta elikagaien subiranotasuna defendatuko duen ekonomia feminista bat sustatzea; emakumeen aurkako indarkeria salatzea, gorputzaren eta sexualitatearen autonomia sustatuta; bakea eta desmilitarizazioa.

Ikur gisa kanpadenda bat hartzea erabaki dute, gerrak eta lekualdatzeak sinbolizatzeaz gain antzinako kulturen urteetako jakinduria eta herri askorentzako babesa ere sinbolizatzen dituelako, hala nola Saharan. Hain zuzen, horregatik abiatuko da mundu martxaren lehen ekintza handik, Saharako emakumeekin elkartasunean. Haimak ordezkatzen du herri sahararraren askatasunaren aldeko borroka. 

Hargatik, Marokok Sahara okupatu zuenean Aljeriako basamortuko Tinduf eremuan babes hartu zuten errefuxiatuen kanpalekuetan zenbait ekintza egingo dituzte lau egunez. Nazioarteko beste hainbat tokitan, aldi berean, beste hamaika ekintza egingo dira. Emakume sahararren borroka goratzeaz gain, herri sahararraren borroka ikusarazi nahi dute.

Emakumeen Mundu Martxak proposatu dituen ekintza lerro guztiak daude lotuta, eta borroka horiek elkarren osagarri direla ondotxo daki Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak. Antolakunde internazionalista, ekologista eta feminista da. Kritikoa da gaur egungo garapen ereduarekin, eta nazioartean zenbait programa jorratzen ditu bidezko mundu baten alde. 

Emakumeen Mundu Martxak Euskal Herrian duen ordezkaritzan, talde sustatzailean dagoen eragileetako bat da Mugarik Gabe. Gobernuz kanpoko erakunde horrek indarrean jarri duen azken programa Bizitza jokoan izenekoa da, Guatemalatik aurkeztu berri dutena.

Erraldoien aurka

Programa horren helburua da lurralde haietan inposatzen ari diren proiektu erraldoien ondorioak ikusaraztea eta salatzea, eta lurralde jasangarri baterako eskubidea defendatzea. Izan ere, hango baliabide naturalak modu basatian eta bolumen handian ustiatzen ari baitira. Hango kasua azaldu du Maite Ezkerro Mugarik Gabeko kideak: «Meatzeak ustiatzen ari dira, eta arrantzatik bizi zen komunitate batek hortik bizitzeari utzi behar izan dio, urak kutsatu dizkietelako».

Baliabide naturalen ustiaketa modu basatian ezartzen ari diren adibideetako bat da Guatemalakoa. Ezkerrok esan duenez, zentral hidroelektriko asko ere eraiki dituzte, baina bertako biztanleen %46k ez dute argirik: «Beraz, norentzat ari dira jartzen hidroelektrikoak? Guatemala ustiatzen ari diren enpresa erraldoientzat».

Eredu horiek bistarazi eta salatzea da Emakumeen Mundu Martxaren helburuetako bat, enpresa transnazionalek lurralde horietako ondasun komunen aurka egiten dutela salatzeko.

Ezkerrorentzat garrantzitsua da mugimendu feministan enpresa transnazionalei buruz ere hitz egitea, krisi ekosozialaren eragile nagusiak ere haiek direlako. «Hau ez da zerutik eroritako fenomeno bat». Klima aldaketarekin lotutako hainbat fenomeno deforestazioarengatik eta baliabide naturalen neurririk gabeko ustiaketarengatik gertatzen ari dira. Bide horretan, gaur egun gertatzen ari den paradoxa bat nabarmendu du. «Herri indigenak dira lurraren alde lan gehien egiten ari direnak, eta proiektu transnazionalei aurre egiteko gorputza jartzen ari direnak, indarkeria gehien jasaten ari direnak».

Krisi ekosozialek kolektibo zaurgarriei gehiago eragiten dietela azpimarratu du, besteak beste emakumeei. Hori estuki lotua dago emakumeen aurkako indarkeriarekin, Ezkerroren esanetan.

Sexuaren araberako lan banaketa oso errotua dago Latinoamerikan, Ezkerrok zehaztu duenez. Andreak arduratzen dira etxean ura eta sua egoteaz, eta, enpresa transnazionalek maiz dituzten naturaren kontrako praktikengatik, deforestazioa kasurako, gero eta urrutiago joan behar izaten dute sutarako egur bila. Lan banaketa horren ondorioz, emakumeek bere gain hartu behar izaten dute zaintzaren eta etxearen ardura, eta gero eta denbora gehiago behar izaten dute lan horietarako; eta horrek beste guztirako denbora kentzen die, hala nola hezkuntzarako. 

Borrokak batzea

Horrek guztiak zuzenean eragiten du emakumeen gorputzean, baina emakume indigenen mugimendutik zer ikasi handia dagoela azaldu du Ezkerrok. «Indarkeriatik libre diren gorputzak aldarrikatu dituzte, lurra defendatzeaz batera». Borroken osagarritasuna eta kolektibotasuna jorratzen dute Latinoamerikan, eta hortik ere zer ikasia badagoela azpimarratu du.

Krisi ekosozialarekin batera dator maiz migrazio krisia. Lur bat kutsatu edo arpilatu badute, edo lehorteren, uholderen edo klimari lotutako krisiren bat jasan badute, migrazioak behartuak izan ohi dira sarritan. Emakume askok haurrekin egin behar izaten dute bide hori. Aldiz, beste batzuetan, seme-alabak beste emakume baten zaintzapean utzita migratzen dute lan bila, jatorrian geratu diren haiek mantentzeko. Halakoetan sortzen den lan banaketaren iruditeria azaleratzea ere bada mundu martxaren helburuetako bat.

Horiek guztiak azaleratu, salatu eta alternatiba feministak lantzeko ekintzak egingo ditu bihartik aurrera, nazioarteko zenbait eremutan. Hurrengo mugarria martxoaren 30a da, eta Palestinaren aldeko ekintzak egingo dituzte; apirilaren 24tik maiatzaren 1era, enpresa transnazionalen aurka egingo dute; irailaren 21ean, Bakearen Nazioarteko Egunean, hainbat ekintza egingo dituzte; eta azkena urriaren 17an izango da. Kapitalismoaren eta gerraren aurkako 24 orduko ekintzak antolatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.