Alternatiba egitasmoa Baionan egingo dute berriz urrian, Bizi-k deituta

Antolaketan mila lagunek parte hartuko dutela adierazi dute; 30.000 ingururi egin nahi zaie harrera. Leloa: 'Sistema alda dezagun, ez klima'

2013an egindako Alternatiba, Baionan. GAIZKA IROZ.
arantxa iraola
2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Bizi elkarteak jakinarazi du heldu den udazkenean Alternatibaren beste edizio bat egingo dela Baionan, urriaren 6an eta 7an. Gogora ekarri du 2013. urtean antolatu zutela lehen aldiz jarduera sorta hori —gizarte antolaketa eredu berri baten alde egitea helburu, klima aldaketaren arriskuak ardatz—, 12.000 pertsona hurbildu zirela orduan Lapurdiko hiriburura, eta oihartzun handia izan zuela. Eta segida luzea: mezu hori bera ematen duten festa eta jarduera ugari antolatu dira ordutik, bai Euskal Herrian, eta baita mundu zabalean ere. Datorren urtean Baionan egingo duten Alternatiban, handitu egin nahi dute aurrekoaren oihartzuna; mila lagun inguru antolaketan parte hartzeko prest daudela esan dute Bizi-ko arduradunek, eta 30.000 lagun inguru espero dituztela. Leloak aurretik egin diren jardunbideen mamiari helduko dio: Denok batera, indar handia daukagu! Sistema alda dezagun, ez klima!

Heldu den urteko ediziorako data hautatuta dago motibo nagusi baten harira; justu aurreko egunean espero da klima aldaketaren gaineko ikerketak egiten dituen nazioarteko IPCC taldeak bere azken txostena aurkeztuko du, Lurraren tenperatura 1,5 gradu berotzeak ekarriko dituen ondorioen inguruan. Horrekin lotuta, halaber, asteburu horretan Alternatibaren Itzulia amaituko da Baionan; martxa hori ekainean abiatuko da Paristik, eta Euskal Herrira ailegatuko da 5.700 kilometro egin eta gero.

Lurraren berotzea eragiten duten gasen murrizketa, eta trantsizio energetiko, ekologiko eta sozial bat sustatu nahi dituzte jardunbide horiekin guztiekin. «Jendarte iraunkor, zuzen, solidario eta sinpleki bizigarriaren eraikuntzarako» bat egitea ezinbestekoa dela gogorarazi dute, eta horregatik egin dute jarduera horietan parte hartzeko deia.

Iruñean, ekainean

Xede horrexekin egingo da ekainaren 2an, Iruñean, Alternatiben Herria ere. Lehengo hilean eman zuten egitasmoaren berri. Gogora ekarri zuten 2013an Baionan abiatu zen eta 2015ean Bilbon jarraitu zuen —han izan zen bigarren edizioa— jardunbideen soka luzatuko dutela Nafarroan ere. Elkarte feministak, ekologistak eta sindikatu ugari daude deitzaileen artean. Iruñeko Alde Zaharrean egiteko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.