Alternatiba berdeak bizi sostengu

Ekologistak Martxan taldeak eta Euskal Gune Ekosozialistak antolatuta, autobus ibilbide bat egin zuten atzo Bizkaiko hainbat txokotan, herrialdeko «gune beltzak» ezagutzeko, eta horien aurrean abia daitezkeen alternatibez gogoeta egiteko.

Iñaki Barcena Bilboko portuaren aurrean, atzoko txango ekologistan. EKOLOGISTAK MARTXAN.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Goizeko 09:30ean abiatu da autobus berdea. Berdea, izenez eta izanez. Izenez, kolore hori duelako, eta izanez, Ekologistak Martxan taldeak eta Euskal Gune Ekosozialistak antolatutako tour informatibo bat egingo duelako. Bizkaia, kolapsoaren aurrean deitu diote lurraldeko puntu beltzak berdetzeko asmoa duen bidaiari. Mugimendu ekologistaren jomugan dauden hainbat toki bisitatu zituzten atzo, eta horien alternatiba gisa dituzten beste proiektu batzuk.

Lehen geltokira iritsi bitartean, gako batzuk eman dituzte; Adrian Almazan ekologistak hartu du hitza: «Krisi ekosozial bat pairatzen ari gara, eta hori eragiten duten hainbat faktore banaezin daude. Gaur ezagutuko ditugu horietako batzuk». Bioaniztasuna desagertzen ari dela berretsi du Almazanek, eta horrek gizartean eragin «izugarria» duela: «Ez dago gizarte osasuntsurik bioaniztasunik ez badago». Normaltasuna hitza ere hartu du ahotan, azken hilabeteetan askoren ahotan izan den terminoa: «Normaltasun hori normaltasun hiltzailea da; ez ditu bizitza libre, duin eta bidezkoak babesten».

Iritsi da autobusetik jaisteko garaia, Bilboko Portuko hidrokarburoen gordailuetan. Energia eta metabolismoak mintzagai, Iñaki Barcena Ekologistak Martxan taldeko kidearen txanda heldu da: «Hau etengabe haz daitekeela uste dugu, eta ez; mugak ditugu, eta ezin ditugu gurutzatu». Energia eskubide bat dela dio Barcenak: «Giza eskubide bat da, eta etorkizuna gero eta energia gutxiagorekin uzten ari gara». Hari horretatik tira eginez, amaiera argia da: «Ez da energiarik egongo denontzat». Etorkizun beltz horren aurrean, ekologistek argi dute: «Energia demokratikoki banatu behar da, eta, horretarako, aldaketa kultural asko eta handiak gertatu behar dira».

Supersur pasabidea da hurrengo puntu beltza; handik igarotzen ari direla, garraio sistemaren arazoez hitz egin du David Hoyos EHUko irakasleak. Igarobideak esperotako erabiltzaileen erdia baino ez du; arrazoia argi bota du, segidan: «Errenta altuko pertsonentzat dago diseinatuta. Herriak ez du mugikortasuna behar; herriak oinarrizko zerbitzuetarako eskuragarritasuna behar du».

Ibilaldiaren hurrengo hausnarketa gaia Arrigorriagako Ur Patzuergoan dago: ura. Joserra Diez EHUko irakasleak aitortu du Bizkaiko ura kalitate «oso onekoa» dela , baina badu alde ilun bat: menpekotasuna. Horregatik, hiru gomendio berde jaurti ditu: «Ur iturriak dibertsifikatu, arroak babestu eta ur kontsumoa erregulatu».

Mercabilbaon geratu da gero autobusa, Basaurin. Amets Ladislao nekazariak elikadura burujabetzaren gakoak eman ditu: «Elikadura funtsezkoa da, baina jakiekin autoak balira bezala jokatzen dute: gehiago produzitzea interesatzen zaie». Sistema errotik aldatu behar dela iruditzen zaio: «Ez da utopia bat: politika publikoak aldatu behar dira». Segidan, Labore dendara joan dira, Bilboko Santutxu auzoan: badago Bizkaian bertoko produktuak kontsumitzerik eta lehen sektorea hauspotzerik.

Zaintzak moreak dira, baina badute kutsu berdea ere. Bilboko immigrazio bulegoaren aurrean amaitu dute bidaia. «Zaintzarik gabe ez dago bizigarria den bizitzarik», azaldu du zehatz Etxekotu Gabeko Langileak taldeko Txefi Rocok. «Gizartea ez da aldatuko zaintzen arloa aldatzen ez bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.