Alonsotegiko (Bizkaia) bi alkate ohi —biak ala biak EAJkoak—, hiru abokatu eta arkitekto bat auzipetu ditu Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, ustelkeria delitua egotzita. Atzera bota ditu akusatuen defentsek jarritako helegiteak, eta auzipetzea baieztatzen duen autoa irmoa da. Alde bakoitzak azalpenak eman ondoren, epaiketarako eguna jarriko dute. Zinpeko epaimahai batek epaituko ditu.
EH Bilduk salaketa bat jarri ondoren, 2014an hasi zen ikerketa. Koalizio independentistaren udal taldeak «irregulartasunak» atzeman zituen 2002 eta 2011 artean udalaren zerbitzu urbanistikoak kudeatu zituen sozietatearen egitekoan. Denbora tarte horretan alkate izandakoak dira, hain zuzen, auzipetu dituztenetako bi: Gabino Martinez de Arenaza eta Aitor Santisteban.
Auzitegiko magistratuek joan den maiatzaren 26an datatutako autoan jaso dutenez, Alonsotegi Eraikiz sozietateak «irregulartasun nabarmenak» egin zituen. Azpimarratu du, esaterako, sozietateak kudeatutako hainbat lanen lizitazio publikoetan «erabat» baztertu zituela «publizitatearen eta lehiaren printzipioak». Gainera, Eraikiz-en administrazio kontseiluko bi kidek «urratu»egin zuten «bateraezintasun printzipioa», haiekin lotura zuten bi enpresen aldeko erabakiak hartu zituztelako. Autoaren arabera, sozietate horrek 7,3 milioi euro inguru gastatu zituen, ustez, justifikatu gabe. Diru publikoa bidegabe erabiltzea, iruzurra eta, besteak beste, influentzia trafikoa delituak egotzi ahal dizkiete auzipetuei.
Barakaldoko 1. Instrukzio Epaitegiak 2018ko uztailean deliberatu zuen prozedura zinpeko epaimahai batek gauzatzea, baina auzipetuen defentsek helegitea jarri zioten ebazpen horri, eta auzia artxibatzeko eskatu. Argudiatu zuten ez zegoela akusazioetarako zantzurik, eta, gainera, ez zela egokia zinpeko epaimahai batek epaituak izatea. Baina auzitegiak epaitegi horren autoak berretsi ditu, eta iruditzen zaio badagoela sei pertsona horiek auzipetzeko oinarri juridikoa. «Delituen egiantzekotasuna» nabarmendu du auzitegiak.
Berri «ona», EH Bildurentzat
Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak atzo nabarmendu zuenez, auzitegiak hartutako erabakia «albiste ona» da. Agirrerentzat, ordea, «larria» da auzipetuen aurkako «akusazio larriak» egonda ere erakundeentzat lanean jarraitu dutela.
Gogoratu zuen EH Bilduk salatu zuela kasua, eta frogak «bilatu» zituela. Legebiltzarkidearen iritziz, halakoak ez dira «praktika bakanak» EAJ alderdiaren barruan. Adierazi zuen, bide batez, Alonsotegiko beste alkate ohi bat ere —Jose Luis Erezuma, EAJkoa (2011-2015)— inputatuta dagoela «antzeko gertakariengatik».
Alonsotegiko bi alkate ohi auzipetu ditu Bizkaiko Auzitegiak, ustelkeriagatik
Autoaren arabera, 2002 eta 2011 artean «irregulartasun nabarmenak» egin zituzten udalean. Zinpeko epaimahai batek epaituko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu