Ustelkeria

Alonsotegiko auzipetuek ez dute kartzelara joan beharko, akordioa lortuta

Bi urteko kartzela zigorra, hamarreko inhabilitazioa, eta 881.000 euro ordaintzea onartu dute, prebarikazioa, dokumentuak faltsutzea eta iruzurra aitortuta. EAJko alkate ohia zegoen auzipetuen artean.

Alonsotegiko udaletxea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2022ko urtarrilaren 17a
21:05
Entzun

2011tik 2015era Alonsotegiko (Bizkaia) EAJko alkate izandakoak, Jose Luis Erezumak, udaleko arkitekto izandako batek eta haiekin batera ustelkeria auzi batean korapilaturiko Laneder Construcciones eraikuntza enpresako bi kideek ez dute kartzelara joan beharko, azkenean, Efe berri agentziak jakinarazi duenez. Auzian herri akusazio gisa jardun du EH Bilduk, eta guztira 48 urteko espetxe zigorra eskatua zuen auzipeturiko seientzat —beste bi langile daude auzipetuen artean—, baina bi aldeek akordioa lortu dute azkenean.

Auzipetuek aitortu egin dituzte leporaturiko delituak, hots, prebarikazioa egin izana, dokumentuak faltsutu izana eta iruzurra egin izana; eta bakoitzak bi urteko espetxe zigorra, beste hamarreko inhabilitazioa eta denen artean 881.000 euro ordaintzea onartu dute. Zehazki, lapurtutako dirua itzuli —681.000 euro ziren— eta beste 200.000 euro ordaindu beharko dituzte, interesengatik.

Fiskaltzaren txostenaren arabera, akusatuek 2011n egin zuten delitua: udalak diru laguntza bat eskatu zuen euriteen ondorioz ustez hondaturiko hainbat kalte konpontzeko, baina, egiaz, diru hori enpresa batekin 2008tik zuen zor bat kitatzeko erabili zuen. Bizkaiko Foru Aldundiak 600.000 euro eman zizkion udalari ustezko lan horiek egiteko, eta beste 81.000 udalarenak berarenak ziren.

Garai hartako EAJko alkate Erezumak, auziaren instrukzioan, onartu egin zuen «egin ez ziren» lan batzuk ordaindu zituztela, nahiz eta argudiatu zuen horrek ez ziola kalte ekonomikorik eragin Alonsotegiko Udalari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.