Alonsotegiko alkate ohiarentzat zazpi urteko espetxe zigorra eskatu dute

Prebarikazioa egitea, dokumentuak faltsutzea eta dirua bidegabe erabiltzea egozten die fiskaltzak Aitor Santiestebani eta beste bost laguni

Alonsotegiko udaletxea, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu Alonsotegiko (Bizkaia) alkate ohi Aitor Santiestebanentzat (2007-2011) eta beste bost lagunentzat. Prebarikazioa egitea, diru laguntzetan iruzur egitea, dirua bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea egozten die. Haren arabera, Santiestebanek obra batzuk egokitu zizkien Laneder eta Pabisa enpresei, eta diru laguntzak eskatu zituen horiek gauzatzeko; lanak, ordea, ez ziren inoiz egin. Orain, epaitegiaren esku dago ahozko epaiketa abiatzeko egutegia zehaztea.

Fiskaltzak uste du Espainiako Gobernuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntzetan emandako bi milioi euro baino gehiago bereganatu zituztela: 53.000 euro Alonsotegiko Udaletik, 1,7 milioi euro Bizkaiko Aldunditik eta beste 461.000 euro Espainiako Gobernutik. Zehazki, futbol zelaiko erreforma, Loibe inguruetako lanak eta Artibako bidekoak egokitu zizkien EAJko alkateak Laneder eta Pabisa eraikuntza enpresei eta Arkideak arkitektura estudioari, lehiaketa publikorik egin eta udal idazkariaren oniritzirik izan gabe. Fiskaltzaren esanetan, akusatuek udalerrian zenbait lan exekutatuko zituztenaren «itxura» egin zuen, eta «errealitatearekin bat egiten ez zuten» memoriak, aktak, ziurtagiriak eta fakturak egin zituzten hori estaltzeko.

Pabisa eta Laneder enpresa horietako kide ziren akusatuetako lau: Roberto Fernandez, Saul Fonseca, Javier Bediaga eta Eduardo Ibarra. Seigarren akusatua, berriz, Alberto Zulueta Arkideak enpresako arkitekto eta Alonsotegiko Udalaren aholkularia zen. Guztiei —eta hil zen beste lagun bati— egozten die elkarlanean aritzea, «legez kontrako irabazi ekonomikoak» bereganatzeko. Bakoitzarentzat zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du, baita berenganatutako dirua denen artean erakundeei itzultzea ere.

Hiru alkate

Udaleko kontuen inguruko gardentasunik eza tarteko, EH Bilduk salaketa bat aurkeztu zuen, etazenbait ustelkeria kasu abiatu dira hartatik. Izan ere, Alonsotegiko Udalarekin lotutako ustelkeria kasuetako bat da hau. Santiesteban Eraikiz auzian ere ageri da, Gabino Martinez de Arenaza alkate ohiarekin batera (1999-2007). Bestalde, Jose Luis Erezuma (2011-2015) alkate ohiaren aurkako prozesu bat ere abian zen. Hura, ordea, otsailaren amaieran hil zen. Hirurak ere EAJkoak ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.