Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren presidentetzan Arantza Quirogak utzitako hutsunea betetzeko aukeratua izan ostean, Alfonso Alonsok hedabideei egindako lehenengo adierazpenak baliatu ditu Quirogaren proposamenaren kontra jotzeko etaEH Bildurekiko «exijentzia mailari» bere hartan eustearen alde egiteko. Alonsoren ustez,bakearen eta elkarbizitzaren inguruko lantalde berria sortzeko Quirogaren proposamena «borondate onez» egindakoa zen, baina «ETAren historia kriminalaren gaitzespena» falta zuen.
Proposamenak, Alonsoren ustez, «gaizki-ulertuetarako bidea» zabaltzen zuen; horregatik, osatu egin behar zen aurkeztu baino lehen. «Honek ez zuen dimisiorako arrazoi izan behar», esan du, baina, Quirogak aurrera egitea erabaki ostean, alderdia «azkar» mugitu da «PP berrosatzeko eta lanean jarraitzeko».
Alonsok azaldutakoaren arabera, gauzak «argi eta letra guztiekin» jarri behar dira, eta horrek «ETA gaitzestea» esan nahi du. «Ezin diogu EH Bilduri exijentzia hori gainetik kendu, ikusi baitugu zelan erabiltzen duten gainerakoen borondate ona. Haiek dira mugitu behar duten bakarrak», esan du. Alonsoren ustez, soilki «EH Bilduk ETAren historia kriminala gaitzesteak eta hura desegiteko eskatzeak» ekarriko luke «elkarbizitzarako bermea».
Bestalde, Alonsok aitortu du Espainiako presidente Mariano Rajoyk zerikusi handia izan duela izendapenean, baina, hala ere, «euskal alderdikideen babesa» baduela uste du.
Alderdiak, kritiko
Gainerako alderdiek ez dute begi onez ikusi Alonsoren izendapena. EAJk Espainiako Kongresuan duen eledun Aitor Estebanek esan du Alonsoren jarduera eta diskurtsoa «Madrilera begira» eginda daudela «Euskal Herrira begira baino gehiago», eta ez du uste «Euskadin denbora asko» emango duenik. Gorka Urtaran Gasteizko alkate jeltzaleak ere uste du Alonsoren izendapena «atzerapausoa» dela.
PSOEko Jardunbide Politiko, Herritartasun eta Askatasun idazkari Patxi Lopezek esan du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko presidente izateak «erabateko dedikazioa» eskatzen duela, eta ez du uste ardura hori bateragarria denik Espainiako ministro edo Kongresuko diputatugai izatearekin. Egun, Espainiako Osasun ministroa da Alonso, eta aitortu du bazuela Espainiako Kongresurako PPren zerrendetan hautagai izateko asmoa.
PPn, aldiz, ondo hartu dute Alonsoren izendapena. Mariano Rajoy eta PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedal pozik agertu dira krisiari «erantzun azkarra» eman diotelako, eta Bilboko PPko zinegotzi Luis Egiluzek esan du Alonso «lehendakarigai bikaina» izango litzatekeela.
Alonsoren ustez, EH Bildu da «mugitu behar duen bakarra»
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidente berriaren ustez, Quirogaren mozioak «ETAren gaitzespena» falta zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu