Alonsok «zoragarri» ikusiko luke EAEn ere PPk eta C's-k bat egitea

Erkidegoko PPko presidenteak esan du botoari «ahal den baliorik handiena» eman behar zaiola, eta «inteligentea» iruditu zaiola Nafarroan eskuin konstituzionalistak koalizio elektorala osatzea

Alfonso Alonso EAEko PPko presidentea, urtarrilean, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Ez luke, inondik inora, Nafarroako eragin bera izango, baina EAEko PPk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere eskuin konstituzionalista bildu egin nahi du, Vox salbu. Izan ere, Alfonso Alonso EAEko presidenteak adierazi du «zoragarria» litzatekeela Ciudadanosek eta PPk hauteskundeetarako indarrak batzea erkidegoan. Dena dela, ezinbestekotzat jo du Ciudadanosek lurraldeen foru izaera onartzea. «Tradizio liberal-foruzalearen oinordekoak gara, eta funtsezkoa eta erabakigarria da hori», adierazi du Radio Euskadiko elkarrizketa batean.

UPNk, PPk eta Ciudadanosek Nafarroan osatuko duten koalizioa «interesgarria» eta «zentzuduna» dela iruditzen zaio Alonsori. EAEn ez bezala, Navarra Suma hirukoak aukera handiak lituzke maiatzaren 26ko foru hauteskundeak irabazteko —hiru alderdien batura eginda, 2015ean %36ko sostengua zuketen, aise izanik aurreneko indarra—, eta EAEn duela lau urteko foru hauteskundeetako baturak %11,6ko babesa emango zien PPri eta Ciudadanosi —bosgarren indarra—.

Alonsok azaldu du ez dutela bat egiteko aukeraz hitz egin Ciudadanosekin, baina nabarmendu du herritarren botoari «ahal den baliorik handiena» emateko itunak behar direla. Gogoratu du 1980ko hamarkadan EAEn Koalizio Popularra eta UCD elkarrekin aurkeztu izan zirela. Baztertu egin du Voxekin bat egitea; «bazterreko indarra da hemen».

Javier Maroto Gasteizko alkate ohi eta Espainiako PPko zuzendaritzako kideak aste honetan iradoki du eskuinak estatu osoan batu beharko lituzkeela indarrak.

EAJk eta EH Bilduk, gora

EITB Focusen azkeneko inkestaren arabera, EAJk eta EH Bilduk gora egingo lukete maiatzaren 26an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru hauteskundeetan. Hiru herrialdeetan EAJk irabaziko luke, eta EH Bildu izango litzateke bigarrengo indarra.

Arabako Batzar Nagusietarako bozetan, botoen %29,1eko sostengua lortuko luke EAJk, duela lau urte baino zazpi puntu gehiagokoa. %21,6ko babesa luke EH Bilduk, puntu bat hazita. PP ia zazpi puntu jaitsiko da, inkestaren arabera: %15,8ra. EP Elkarrekin Podemos ere, behera: 4,6 puntu—haren kasuan, erreferentzia modura Ahal Dugu-ren eta Irabaziren 2015eko batura hartu du EITB Focusek—, eta %14an legoke. PSE-EEk bi puntu egingo luke gora, eta %13,3ko babesa luke. C's %3,5ean legoke eta Vox %0,6an.

Bizkaian EAJ gehiengo osoa lortzeko gertu geratuko litzateke, %45,1 eskuratuta —inkestak ez du batzarkide kopuruaren berri eman—. Zazpi puntu haziko lirateke jeltzaleak. EH Bildu ere gora, puntu bat: %20,1. PSEk %13,2ko babesa luke —puntu erdi bateko igoera—, EPk %11,7koa —ia sei puntuko jaitsiera— eta PP %8,3tik %6,6 jaitsiko litzateke. C's %1,6an legoke eta Vox %0,2an.

Gipuzkoan EAJ 4,4 puntu haziko litzateke: %36,4. EH Bilduk, 3,4 puntu gora: %32,7. PSE hiru puntu jaitsiko litzateke —%13,7—, EP bi —%12,6— eta PP bi pasatxo—%3,2—. C's-k %1,3ko sostengua izango luke; Voxek batere ez.

Espainiako Kongresurako bozetan ere EAJ litzateke EAEnlehen indarra, %28,5ekin. Elkarrekin Podemosek %20,7 luke; PSE-EEk, %20; EH Bilduk, %15,6; PPk, %9,7; C's-k, %3,6; eta Voxek, %0,8.

Gizaker enpresak egin du EITB Focuseko inkesta, martxoaren 1-5 artean, 1.600 laguni galdetuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.