Arabar batek gidatuko du EAEko PP hemendik aurrera: Alfonso Alonsok. Arabako PPko buru eta Espainiako Osasun ministroak beteko du Arantza Quirogak utzitako hutsunea. Quirogari kontra egin eta elkarbizitzaren inguruko mozioa atzera bota zezan presio egin zion PPko ordezkariak hartuko du orain alderdiaren gidaritza. Bezperan, lurraldeen gainetik «balio duen pertsona bat» aukeratu behar zutela esana zuen Borja Senper Gipuzkoako buruak. Azkenean, baina, joan den urteko kongresutik minduta atera zen Arabako sektoreko kide batek lortu du alderdia gidatzea, eta, historian lehen aldiz, herrialde horretako ordezkari batek izango du EAEko PPren lema.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPk hogeita lau ordu baino ez ditu behar izan Quirogaren ordezkoa aukeratzeko. PPko kideek esana zuten «azkar» egin nahi zutela aukeraketa, eta hala izan da. Presidente kargua asteazken goizean utzi, eta ostegun eguerdirako ordezkoa bilatu dio alderdiak Quirogari. «Adostasunez» hartu dute erabakia, Nerea Llanos idazkari nagusiak azaldu duenez.EAEko PPren zuzendaritzak gaur arratsaldean izendatuko du ofizialki Alonso.
Quirogari ordezkoa bilatzeko harremanak Eusko Legebiltzarrean egin dira. Etengabekoak izan dira PPko legebiltzarkideen joan-etorriak korridoreetan, goiz osoan egin dituztelako bilera ez-ofizialak ganberan. Nerea Llanos idazkari nagusia eta Alfonso Alonso, Borja Senper eta Anton Danborenea hiru herrialdeetako buruak egon dira batzarretan. Baina ez horiek bakarrik. Arabako ordezkarien pisua nabaria izan da, Javier Maroto eta Javier de Andres ere joan baitira bileretara. Gutxitan ikusitako argazki bat utzi dute Arabako PPko hiru ordezkariek legebiltzarrera elkarrekin sartu direnean; presidente berria arabarra izango zen susmoak berehala hartu du indarra.
Ordu bietan agertu da Alonso kazetarien aurrean, pozarren. Marotok eta De Andresek babestuta egin ditu lehen adierazpenak. Eskertu egin du alderdiak beragan jarri duen «konfiantza» eta sortutako egoerari emandako «erantzun azkarra». Kargua «ilusio handiz» hartuko duela esan du. Azken egunetako krisia kudeatzeko Llanosek erakutsitako «adorea» goraipatu eta aurrerantzean ere alderdiko bigarrena izatea nahi duela nabarmendu du.
Alderdiaren «batasunaren» alde lan egingo du Alonsok, proiektua «sendotuta» eta «elkarrizketa eta elkarguneak» sustatuta. Alderdi barruko sentsibilitate guztiei tokia emateko lan egingo duela ziurtatu du, baina Arabako PPko kideen garrantzia azpimarratuta: «Erreferentzia baliotsuak dira». Elkarbizitzaren aldeko apustua ere egin du EAEko PPko presidente berriak, baina ohartarazita alderdiaren ibilbidearekin «zintzoa» izango dela. Azaldu du erronka ugariei heldu beharko dietela hemendik aitzin, eta horietatik nagusia Espainiako Gobernurako hauteskundeak direla, «Mariano Rajoy berriro izan dadin presidentea».
Madrili lotuta
Quirogaren eta Alonso buru den Arabako popularren arteko harremana ez da ona izan, batez ere joan den urtean Quirogak Llanos hautatu zuenetik idazkari nagusi izateko, Oiarzabalen ordez. Ordura arte EAEko PPn bigarrena izandakoa ardura postuetatik kentzeak asaldura eragin zuen Arabako PPn —Oiarzabal Alonsoren konfiantza osoko pertsona da, gainera—, eta harrezkero tenkatuta egon dira harremanak.
EAEko PPko presidente berriak pisu handia du egun Madrilen: PPko bozeramailea izan da Kongresuan, eta Osasun ministroa da orain. Gasteizen jaio zen Alonso, 1967an, eta Filologia Erromanikoko eta Zuzenbideko lizentziaduna da. 1996an hasi zen politikan, Gasteizko zinegotzi gisa, PPren eskutik. Arabako hiriburuko alkate izan zen 1999tik 2007ra bitartean. 2011n Madrilera egin zuen jauzia, PPko bozeramaile kargua hartu baitzuen Espainiako Kongresuan. Hiru urtez egon zen, harik eta Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun ministro izendatu zuten arte, Ana Matoren ordez. EAEko PPko presidentetza eta Osasun ministro kargua bateragarri egingo ditu aurrerantzean.
Azken urteotan polemika gainean izan du Alonsok, Gasteizko alkate zenean egindako ustezko irregulartasun batzuengatik. 2007an hiriburuko lokal batzuk hogei urterako eta udaleko teknikariek aholkatu baino garestiago alokatzeagatik, Espainiako Kontu Auzitegiak erreklamazioa egin zien Alonsori, orduko beste hainbat zinegotziri eta Marotori. Epailearen esku dago orain auzia.
Alonsoren izendapenak mugarria jarriko du EAEko PPn. Izan ere, alderdiak ez du sekula presidente arabarrik izan, nahiz eta urte askoan herrialde horretan izan pisu instituzionalik handiena eta azken udal eta foru hauteskundeetan ere emaitzarik onenak bertan lortu dituen. Bi presidente gipuzkoar izan ditu alderdiak —Jaime Mayor Oreja (1989-1996) eta Maria San Gil (2004-2008)— eta bi bizkaitar —Carlos Iturgaitz (1996-2004) eta Antonio Basagoiti (2008-2013) —. «PPko hurrengo presidenteak arabarra izan behar du», esan zuen Alonsok 2012an. Orduan ez zuen asmatu —Quiroga aukeratu zuten—, baina hiru urteren bueltan egia bilakatu zaio ametsa.
Alonso izango da lemazaina
Arabako PPko buru eta Osasun ministroak hartuko du EAEko PPko presidente kargua.Arantza Quirogak dimisioa eman eta biharamunean aukeratu du alderdiak ordezkoa, «adostasunez»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu