ETA. ATENTATUAK

Alonso: «ETAk ahalmen operatiboa du oraindik»

Barne ministroak dio Madrilgoen antzekoak zirela atzoko leherkariak

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Barne ministro Jose Antonio Alonsok atzoko arratsaldean egin zuen prentsaurrekoan adierazi zuen ETAk baduela oraindik atentatuak egiteko «ahalmen operatiboa». Hori dela eta, Alonsok esan zuen borroka polizialak «tentsio egoera gorenean» egon behar duela.

Barne ministroak gaineratu zuen, prentsaurrekoa egiteko unean artezilariak lehergailuen «kopuru zehatza» aztertzen ari zirela, eta «aurre-txosten» baten arabera, «detonagailu elektriko» bidez leherrarazi zituztela indar txikiko bonbak. Ministroak adierazi zuenez, jasotako zantzuen arabera, atzoko lehergailuek iragan ostiralean Madrilgo bost gasolina zerbitzugunetan eztanda egin zutenen «antzeko konposizioa» zeukaten.

«Espainiako Konstituzioaren eguna da, ez ETArena»

Jose Antonio Alonsok azpimarratu zuen «Poliziak eta Guardia Zibilak izan duten erabateko profesionaltasuna» lehergailuak zeuden tokietan «segurtasuna bermatzeko». Espainiako Polizia etaGuardia Zibila «erne» zeudela esan zuen Alonsok, eta «beren lana oso-oso azkar» burutu zutela. Espainiako Barne ministroak hiritarrei eskatu zien «konfiantza» izan dezatela segurtasun indarrek gertaera hauek aztertzeko daukaten «profesionaltasunean». Ikerketa lanek «fruituak» emango dituztela esan zuen, «urteetan zehar eman duten bezala».

Atentatuen aurrean herritarrek izandako «adore demokratikoa» aipatu zuen Alonsok, eta gaineratu zuen atzokoa «Espainiako Konstituzioaren eguna» zela, «ez ETArena». Halaber, talde armatuak «esperantza oro» utzi behar duela esan zuen, eta «ETAk ez duela etorkizun sozial ez politikoa baldintzatuko, ezta Zuzenbidezko Estatuaren sendotasun moral, ideologiko eta konstituzionala apurtu ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.