Alfonso Alonso Gasteizko alkate zeneko udalaren kontuetan aurkitutako irregulartasun batzuengatik 393.862 euroko isuna jarri zien Espainiako Kontu Auzitegiak, maiatzean, Alonsori berari, harekin Ogasun zinegotzi izandako eta gerora alkate hautatutako Javier Marotori eta udaleko beste zapi kide ohiri; denak PPkoak. Arabako hiriburuko San Antonio kalean dauden lokal batzuk alokatzean ez zutela egoki jokatu ebatzi zuen auzitegiak, baina, ebazpen horren aurka jarritako helegitea dela eta, auzitegi bereko beste epaimahai batek erabaki du aurrez zigortutakoak absolbitzea.
Hiru magistratuetatik bik egin dute horren alde: Margarita Mariscal de Gantek eta Jose Manuel Suarezek. Biak PPk proposatutakoak eta aurrena Justizia ministroa izandakoa Jose Maria Aznarren lehen agintaldian. Zigortzearen alde egin du batek: Felipe Garciak, PSOEk proposatutakoak. Espainiako Gorteetako alderdiek hautatzen dituzte auzitegi horretako kideak.
Kontu Auzitegiaren ebazpen horren aurka helegitea jar daiteke, Auzitegi Gorenean. Administrazioarekiko Auzietako Salaren esku geratuko litzateke, baina horren jurisprudentziaren arabera, 600.000 euro azpiko isunetan ez legoke horretarako aukerarik.
PPko goi kargudunak dira gaur egun Alonso eta Maroto. Alonso EAEko PPren presidentea da, eta Espainiako Osasun ministroa izan zen aurreko legealdian. Maroto Espainiako PPren Sektore Ekintzako idazkariordea da eta diputatua Madrilen.
Alonso Arabako hiriburuko alkate izan zen 1999-2007 artean, eta bere agintaldia amaitzear zenean sinatu zuen San Antonio kaleko lokalen kontratua Gonzalo Anton Arabako enpresaburu ezagunarekin; akordioa egin baino urte bat lehenago erosi zuen lokala Antonek. Udaleko teknikariek txosten bat kaleratu zuten orduan, kontratuaren baldintzak zalantzan jarriz. Horren arabera, besteak beste, bi aldeek adostu zuten merkatuko prezioaren gaineko alokairua, eta urtero berritzea hileko kuota KPIak ezarritako ehunekoen oso gainetik. Hori dena, hogei urterako; kontratua indarrean da gaur egun.
Alonsoren ostean, sozialistek hartu zuten aginte makila legegintzaldi batez, eta gero PPren esku geratu zen berriz, Maroto alkate. Haren agintaldian azaleratu zen auzia eta orduan aldatu zuten kontratua. Ikerketa batzorde bat ere egin zuten udalean. Horren ostean, EAJk eta PSE-EEk jarri zuten salaketa Kontu Auzitegian.
Muinari heldu gabe
Epaimahaiaren gehiengoak ez dio salaketaren muinari heldu; ez dituzte aztertu udalak eta Antonek sinatutakoaren edukiak. Azaldu dute ez dagokiela haiei hori egitea; auzitegi horren zeregina dela administrazioaren jarduna ikuskatzea —kasu honetan kontratuaren formari erreparatzea; ongi eginda dagoen edo ez—, eta, kasu horretan, kontratua zuzena dela. Era berean, diote ez dela loteslea udal teknikarien txostena. Horren aurka egin du Felipe Garcia magistratuak. Bere boto partikularrean dio hileko kuotan ezarri beharrezko KPIa «abusuzkoa» dela. Eta, horrenbestez, 189.097 eurokoa izan behar duela isuna.
Udaleko teknikarien arabera, errentak hilean 10.000 euro ingurukoa izan behar zuen, baina kontratuak 12.500 euro zehazten zuen. Era berean, alokairuaren prezioa KPIaren arabera berritzea aholkatu zuten, baina ehuneko askoz handiagoak hitzartu zituzten. 2007an adostutakoa halako lau ordaintzen zuen udalak 2013an. Hala, auzitegiaren lehen ebazpenaren arabera, berez ordaindu behar zuena baino 393.862 euro gehiago gastatu zuen 2013ra arte —orduan aldatu zituzten kontratuaren baldintzak—, eta kopuru hori, hain justu, itzultzera zigortu zuen udala, horien buru Alfonso Alonso alkate ohia eta Javier Maroto orduko Ogasun zinegotzia, eta beste zapi kide: Miguel Angel Etxebarria eta Jorge Ibarrondo senatari ohiak, Vital Kutxaren fundazioaren egungo presidente Fernando Arangiz, Gasteizko zinegotzi Alfredo Iturritxa, eta Encina Serrano, Marian Castellanos eta Idoia Garmendia.
Alokairua sinatu baino urte bat lehenago erosi zuen lokala Antonek, 2,7 milioi euro ordainduta. 20 urteko kontratua sinatu zuen udalarekin; horren arabera, 7,6 miloi euroko etekina lortuko luke enpresariak.
EAEko PP «pozik» azaldu da ebazpenarekin. «Egiaztatu da zuzen jokatu zutela, eta interes publikoaren mesedetan».
Alonso eta Maroto absolbitu dituzte Gasteizko Udaleko irregulartasunetatik
Merkatuko prezioaren gainetik alokatu zituzten lokal batzuk diru publikoarekin, baina Kontu Auzitegiak dio kontratua zuzena dela. PPk hautatuak dira hiru magistratuetatik bi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu