Sorpresarik ez Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko PPren XV. kongresuan: Alfonso Alonso izango da aurrerantzean ere alderdiaren lurralde horretako lehendakari. Hura zen hautagai bakarra, eta, atzo, Gasteizko Europa jauregiko kongresuan izandako ordezkarien ia erabateko babesa jaso zuen. 777 kide ziren botoa ematekoak, eta haietariko %94,96ren sostengua jaso zuen Alonsok. «Gobernatzeko bokazioa» du EAEko PPk, haren hitzetan, eta Eusko Legebiltzarrean EAJren abertzaletasuna eta EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren «populismo erradikala» geldiarazteko tresna gisa aurkeztu zuen bere alderdia. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak itxi zuen ekitaldia, eta haren lana ere txalotu zuen Alonsok bere hitzaldian. «Zuk Espainian duzun gobernuaren moduko bat nahi dut nik Euskadin».
Protagonismoa izan zuen ETAren armagabetzearen gaiak. Alonsok ez zion aipamen zehatzik egin ostiraleko iragarpenari—apirilaren 8an, armagabetzea—, baina behin baino gehiagotan hartu zuen ahotan erakunde armatuaren jarduna. «Amaitzen» deskribatu zuen ETA, eta bera politikan hasi zenean oraindik aktibo zegoela gogorarazi zuen; «hil egiten gintuzten». ETAk hil zuen Basilio Altuna polizia ere izan zuen gogoan, gainera, eta kongresuan bildutako ETAren beste biktima batzuei mintzatu zitzaien ondoren. «Zuek zarete gure konpromiso politikoaren motorra». Eta, hain zuzen ere, hori da, atzo zehaztu zuenez, alderdiak Eusko Legebiltzarrean eta euskal gizartean duen egiteko nagusietako bat: iraganari buruzko «irakurketa faltsuak» eragoztea.
Ekonomia bultzatzea xede
Ekonomia bultzatzea da EAEko PPren iparra, Alonsok esan zuenez. Laguntza sozialak handitzearen aurka ere mintzatu zen. «[EAEko] Biztanleen gehiengoak ez du halakoetarako sarbiderik. Ez zaizkie haiei zuzentzen».
Aurrerantzean alboan izango duen lantaldea aurkeztu zuen. Nerea Llanos izango da eleduna eta koordinatzailea, eta Amaya Fernandez idazkari nagusia, Llanosen ordez. Zuzendaritza taldeko kide izango dira Carmen Carron, Leticia Comeron, Ana Morales, Jacobo Caparros, Anton Danborenea, Iñaki Oiarzabal, Borja Senper eta Javier de Andres.
Kongresuan izan ziren ETAren armagabetzeari buruzko aipamen gehiago. «Armagabetze morala» aipatu zuen, esaterako, Javier Maroto PPko Gizarte Gaietako Politikako idazkariordeak bilkurako hitzaldian. Senper Eusko Legebiltzarreko PPko eledunak deitoratu zuen abertzaleek ETAren historia «zuritzeko» saioak egiten dituztela.
Alonso aukeratu dute EAEko PPren lehendakari izateko, %95eko babesaz
ETAren biktimak dira alderdiaren konpromiso politikoaren motorra, haren hitzetan. Ekonomia bultzatzea du helburu alderdi popularrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu