Alda mugimenduak ekintza bat egin du Baionako suprefeturan, salatzeko Ipar Euskal Herrian zenbat alokatzaile kanporatzen dituzten etxetik. Talde horrek auzoetako herritarrak antolatzea du helburu, eta, iaz, 97 laguntza eskaera jaso zituen. «Bakar batzuek baizik ez dute gure elkartera deitzen; egiazki, askoz pertsona eta familia gehiago dira gertatu dira egoera dramatiko horretan», ohartarazi du Ainize Butron Alda-ko kideak. Frantziako Justizia Ministerioaren datuen arabera, 2019. urtean 302 prozedura izan ziren Baionako Auzitegian alokairua eten ondotik bizitegia utzi ez zuten maizterren kontra; Paris kontuan hartu gabe, Frantziako bost hiri nagusietako auzitegietan baino prozedura gehiago izan dira Baionan.
Ikusi gehiago
Jabe batek bi arrazoi izan ditzakete maizterra kanporatzeko: bizitegia saldu nahi izatea eta beretzat edo senide batentzat berreskuratu nahi izatea. Baina Aldak behin baino gehiagotan salatu du kanporatzeen ondotik bigarren etxebizitza gisa baliatzen direla bizitegi andana. Halaber, iruzurrak ere agertu izan ditu: jabe batzuek alokairuaren prezioa emendatzeko baliatu izan dituzte kanporatzeak. Ipar Euskal Herriko gizarte mugimenduak urteurren bat baliatu du gaia hizpidera ekartzeko: 70 urte dira Frantziako Estatuan figura nabarmena izandako batek, Pierre apaizak, etxebizitza eskubidearen aldeko deia egin zuela. Hala, gutun bat helarazi diote Baionako suprefetari, eta bilkura bat eskatu, neurriak har ditzan alokatzaileen kanporatzeak erregulatzeko eta mugatzeko.
Izan ere, bederatzi proposamen egin zituen iaz Aldak: kanporatzeen erregistro bat sortzea zehazki zenbat diren jakiteko; kanporatzeko epea luzatzea tentsio eremuetan; kanporatuak izan direnei bizitegi sozial bat eskuratzeko bidea erraztea; DALO etxebizitza eskubiderako betebeharraren helegitea egokitzea; kanporatzea ez gauzatzea alokatzaileak beste bizitegi bat aurkitu aitzin; alokatzaile babestuaren estatuaren hedatzea; kanporatzeak debekatzea bizitegia bigarren etxebizitza bilakatzeko egiten direnean.
Fabriceren kasua
Abenduaren 18an, kanporatze agindua jaso zuen Fabricek Baionako auzitegian. Elbarritua da, eta mila euroko pentsioa du. 2005etik, estudio bat alokairuan hartua du Miarritzen (Lapurdi), eta hilabetero ordaindu du 430 euroko alokairua. Baina jabeak bizitegia saltzea erabaki zuen iaz, 170.000 euroan. Lehentasunez erosteko aukera izan zezakeen, baina ez zuen horretarako ahalik. Salmentarako kanporatze agindua jasorik, iazko martxoaren 31n utzi beharra zuen bizitegia. Baina diru sarrera apalak izanik, ez du modurik beste aterpe bat aurkitzeko. «Jabeak erabaki zezakeen etxebizitza maizterrarekin batera saltzea, baina nahiago izan du kanporatu, diru gehiago irabazteko», salatu du Aldak. Mugimenduaren laguntzarekin, erabakiari dei egin dio Fabricek.