Alokairuen prezioak %23 igo dira azken zortzi urteetan, KPIa baino lau puntu gehiago

Hego Euskal Herriko etxebizitza parkearen bilakaera aztertu dute EITBk eta Tokikomek, elkarrekin. Azken hamar urteetan merkatua suspertu bada ere, ez da ailegatu burbuilaren garaiko mailarik gorenera, ez salmentetan eta ez prezioetan.

Bilbon, etxebizitzak. MIGUEL TOÑA / EFE
Bilbon, etxebizitzak. MIGUEL TOÑA / EFE
joxerra senar
2024ko urriaren 31
12:35
Entzun

Hego Euskal Herrian, hamar herritarretik bat alokairuan bizi da. 2016tik 2023ra bitartean alokairuen prezioak %23 garestitu zaizkie batez beste maizterrei Euskal Autonomia Erkidegoan, KPI kontsumo prezioen indizeak epe horretan izandako igoera baino lau puntu gehiago. Atal horretan, Nafarroako bilakaeraren daturik ez badago ere, joera antzekoa da, %2,95 garestitu baitzen alokairua urtebetean, 2022tik 2023ra. 

EITBk eta Tokikomek, elkarren artean landutako Saretzen proiektuaren barruan, Hego Euskal Herriko etxebizitza parkeari buruzko txostena argitaratu dute. Alokairuak, etxebizitzaren salmenta prezioak, parkearen ezaugarriak eta babes ofizialeko etxebizitzen bilakaera aztertu dituzte, besteak beste. Horra ondorio nagusiak:

1

Alokairua

Alde handiko argazkia uzten du alokairuaren prezioak, lurraldeka eta eskualdeka. Nafarroan, Iruñerrian izan ezik gainerako eskualdeetan alokairua 500 eurotik beherakoa da. Alta, hiriburuan eta inguruetako herrietan, 617 eurokoa da batez beste. Kasurako, Zizurren, 707 eurokoa, eta Iruñean, 627 eurokoa. Prezioa erdira merkatzen da Erriberako eta Estellerri hegoaldeko hainbat herritan —Los Arcos, Allo, Fitero, Cortes...—.  

Maizterrek egoera zailagoa dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez besteko prezioa 775 eurokoa baita. Hiriburuen artean, Donostia da garestiena, batez beste 937 euro kobratzen baitute jabeek. Hiriburu horiek kenduta, Plentzia-Mungia, Urola Kosta eta Bidaso Beherea dira 700 eurotik gorako alokairua duten hiru eskualdeak.

Nahiz eta hiru lurralde horien artean Araba den alokairu merkeena duena (717 euro batez beste), bertan handitu da gehien alokairuaren eta inflazioaren arteko aldea: 13,6 puntu. Hala, 2016tik 2023ra bitarteko epea hartuta, deigarria da eskualde batzuetan nabarmen egin duela gora maizterrek ordaindutakoak: Gorbeialdean, %44, eta Lautadan, %33. Bizkaiko eta Gipuzkoako eskualde batzuetan ere prezioen igoera esanguratsuak izan dira: Debagoienean, %30ekoa; Donostialdean eta Bidasoa Beherean, %28koa; eta Gernika-Bermeon, %23koa.

2

Etxebizitzaren prezioa

Etxebizitza burbuilaren erpinean, 2007an, goia jo zuten salerosketek eta prezioek Hego Euskal Herrian. Eztandaren ondotik, salneurriek beherantz egin zuten, 2015ean behea jo arte. Ordutik, berriro gorantz egin dute nabarmen; baina, azterketak ondorioztatutakoaren arabera, salneurriak ez dira ailegatu 2007ko maila hartara: orduko salneurriekin alderatuta, EAEn, %13 merkeago daude; Nafarroan, berriz, %9 apalago.

Alokairuarekin gertatzen den bezala, Donostialdea da garestiena: 4.119 euro metro koadroko. Gainera, Gipuzkoako hiriburuan eta Urola kostaldean %30 garestitu dira prezioak azken hamarkadan. Batez beste, 2.956 euro kostatzen da metro koadroa EAEko hiru probintzietan. Nafarroan etxebizitza erostea merkeagoa bada ere, han erritmo handiagoan garestitu da merkatua: %44, azken bederatzi urteetan.

3

Salerosketak

Prezioek marraztutakoaren antzeko joera islatzen du merkatuak. 2007an, 35.000 etxe saldu ziren, eta, burbuilak eztanda egin ondotik, salerosketek behera egin zuten nabarmen, 2013an behea jo arte (15.000 etxe). Ordutik, merkatua suspertuz joan da, baina ez da ailegatu 2007ko maila hartara: orduko bolumenarekin alderatuta, %17 gutxiago saldu zen EAEn, eta %13 gutxiago Nafarroan. Deigarria da azken urteetako goranzko joera eten egin zela iaz, 2022arekin alderatuta behera egin zutelako salmentek.

Alta, salerosketen erradiografia bai aldatu da azken hamabost urteetan. 2007an, eraikuntza sektorearen bultzadaren eta zoru kopuru handiaren ondorioz, etxebizitza salmenten kopurua handia zen, batik bat Araban eta Nafarroan. Kasurako, Araban saldutako hamar etxetik sei ziren berriak. Alta, eraikuntzaren krisiak eraginda, bigarren eskuko etxeen salmentek gora egin dute bi lurraldeotan — %44 eta %34, hurrenez hurren—.  

4

Babes ofizialeko etxebizitzak

Babes ofizialeko etxeen eskaintza ere aldatu egin da. 2007an, etxebizitza gehien salerosten ziren garaian, merkatuko hamar etxetik bat babes ofizialekoa zen. Aitzitik, egun eskaintza hori apaldu egin da: Araban, %6,4koa da; Bizkaian, %3,2koa; Gipuzkoan, %4,3koa; eta Nafarroan, %4,8koa. 

Gainera, babes ofizialeko eskaintzan ere ñabardura esanguratsuak daude. Administrazio publikoak enpresa pribatuekin hitzartutako babes ofizialeko eskaintza pribatuaren ehunekoak «handiagoak eta egonkorragoak» dira urtetik urtera.

Eskaintza publikoari dagokionez, aldeak daude EAEko hiru lurraldeen artean: Araban, 2015etik 2020ra ez zen sustapenik aurrera atera, eta, pandemia ostean sustapenak gora egin badu ere, aurten ez da etxerik sustatu. Gipuzkoan, aldiz, sustapen publikoak gora egin du 2018tik. 

5

Etxebizitza parkearen ezaugarriak

Etxebizitza jabegoari dagokionez, Nafarroa da alokairuan pertsona kopuru handiena duen lurraldea (%13,6). Lurralde guztietan egin du gora alokairuan bizi direnen kopuruak azken hamar urteetan. Gipuzkoan, zehazki, 2013an sendien %8,5 zeuden alokairuan, eta hamar urte geroago, %11,4 dira hala bizi direnak. Txostenaren arabera, «atzerriko nazionalitatea duten familien kopurua» handitzeak eragin du igoera. 

EAEn, 40 urtetik gorako etxeen kopurua handia da. Bizkaian, esaterako, etxebizitzen erdiek gutxienez 40 urte dituzte. Era berean, etxebizitzek batez beste 85-90 metro koadroko azalera dute. Bilbo eta inguruetan eta Donostialdean, etxebizitzen %77k dute igogailua. 

Etxebizitza Sailak kalkulatu du 9.045 etxebizitza hutsik daudela EAE-n

Eusko Legebiltzarrean, Sumar taldeko Jon Hidalgok eskatuta, etxebizitza hutsei buruzko inkesta eta azterketa landu du Etxebizitza sailak. 67.714 etxebizitzako lagina azterturik, 419 hutsik daudela ondorioztatu du. Estrapolazioa eginda, kalkulatu du guztira 9.045 daudela hutsik; hots, parke osoa aintzat hartuta, mila etxetik zortzitan ez da inor bizi. Hutsik dauden etxe horietako gehienak (8.599) norbanakoenak dira. Halaber, udalak jabe diren 7.366 etxebizitzetatik 546 hutsik daude. Txostenak zehazten du ez dagoela jakiterik zenbat denbora daramaten horrela. Etxebizitza Sailak gaineratu du Jaurlaritzaren jabegoko etxeak ez daudela hutsik «modu estrukturalean», gutxieneko erreserbako etxeak edo esleipen prozesuan edo konponketa lanetan direnak kenduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.