Etxebizitza Eskubidea Babesteko Legeak ez du mugatuko alokairuen prezioa, eta aukera hori ezartzea erkidegoen esku utziko du,zenbait baldintzaren arabera, betiere. Hala jaso du Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartutako lege aurreproiektuak.
Udalerriek eskatuta, erkidegoek tentsio handiko eremuak izendatu ahalko dituzte. Eremu horietan hamar etxebizitza baino gutxiago dituzten jabeei eskatu ahalko zaie alokairuaren prezioa bere hartan mantentzeko, hiru urtez. Alabaina, jabeek etxebizitzetan hobekuntzaren bat egiten badute, %10 igo ahalko dituzte prezioak.
Hamar etxebizitza baino gehiago dituztenei, berriz, zehazteko dauden indize batzuen arabera mugatu ahalko zaizkie alokairuen prezioak, tentsio handiko eremu horietan, betiere. Gainerako jabeentzat, ordea, legeak zerga hobariak baino ez ditu aurreikusten. Etxe hutsak merkaturatzeko ere zergetara joko du lege berriak, udalek OHZ ondasun higiezinen gaineko zergan egindako errekarguen bidez.
Tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzak hauek dira: alokairuen prezioa etxe bakoitzeko batez besteko diru sarrerak baino %30 handiagoa izatea, eta azken bost urteetan erkidego horretako KPI kontsumoko prezioen indizea baino %5 gehiago igo izana.
Bide luzea
PSOEko eta Unidas Podemoseko gobernukideak urtebete inguru aritu dira negoziatzen, eta eragile askok espero zuten legeak muga jarriko ziela alokairuen prezioei, baina ez da horrela izan. Halere, legeak bide luzea du aurretik: Espainiako Gobernuak berak onartu du 2022. urtearen erdira arte ez dela onartuko, urgentziazko prozedura baliatuta ere.
PPk gobernatutako zenbait erkidegok, hala nola Madrilek eta Galiziak, aurreratu dute ez dutela aintzat hartuko lege hori, eta epaitegietara joko dutela erkidegoen eskumenak eta «jabetza pribaturako eskubidea» urratzen dituela argudiatuta.
Alokairuen prezioa soilik «tentsio handiko» tokietan mugatuko du Madrilek
Ministroen Kontseiluak etxebizitzaren lege aurreproiektua onartu du. Erkidegoen esku utziko dute araua aplikatzea eta prezioak arautzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu