Tentsio handiko eremuak

Alokairuen prezioa igotzea mugatu ahal izango da Errenterian, gaurtik aurrera

Aizpea Otaegi alkateari iruditzen zaio izendapena «hankamotz» heldu dela, Espainiako Etxebizitza Ministerioak ez duelako jakinarazi zein den erreferentziazko prezioen indizea.

Otaegi alkatea eta Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua, Jaurlaritzak Errenteria tentsio handiko eremu izendatu zuen egunean, iazko urrian. JON URBE / FOKU
Otaegi alkatea eta Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua, Jaurlaritzak Errenteria tentsio handiko eremu izendatu zuen egunean, iazko urrian. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
2025eko urtarrilaren 30a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Errenteria da (Gipuzkoa), ofizialki, tentsio handiko eremu izatea lortu duen Hego Euskal Herriko lehen herria. Gaurtik aurrera etxebizitzen alokairuen prezioa igotzea mugatu ahal izango dute, gutxienez hiru urtez. Hala, martxan jarriko dute Jaurlaritzari aurkeztu zioten hiru urteko ekintza plana, etxebizitza politika ikuspegi integral batez egiteko. Mugarri bat ezarri dute.

Eusko Jaurlaritzak iazko urrian izendatu zuen Errenteria tentsio handiko eremu, baina orain egin da ofizial, izendapena Espainiako aldizkari ofizialean argitaratu delako. Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak sare sozialen bidez esan du jakitun direla neurri horrek bakarrik ez duela etxebizitzaren errealitatea irauliko, baina, etxebizitza funtsezkoa den heinean, «eskura dituzten tresna guztiak» erabiliko dituztela.

Hiru urteko iraupena izango du tentsio handiko eremuaren izendapenak, baina luzatzeko aukera egongo da. Dena dela, Otaegik eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak iazko urrian nabarmendu zuten helburua ez dela Errenteriak beti tentsio handiko etxe merkatua izatea eta beti alokairuen prezioen igoera mugatzen ibiltzea. Ez zaie iruditzen hori luzera begirako konponbidea denik eta, horregatik, «egoerari buelta» eman nahi diote. 

Erreferentziazko prezioen indizerik ez

Beste zenbait neurri zehatz ere sartuko dira indarrean gaurtik aurrera: batetik, alokairu baten bost urteko kontratua amaitutakoan, hiru urtez luzatzeko aukera egongo da, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan; bestetik, alokairuaren prezioa igotzea mugatu egingo da kontratu berrietan. Kontratu berrian ezingo da gainditu egindako azken kontratuaren errenta —legearen arabera, kontratuak %10 igo daitezke hamar urtetik gorako alokairuak badira, edo hobekuntzak egin badira etxebizitzaren birgaitzeari, energia eraginkortasunari edota irisgarritasunari dagokienez—. 

Gaurtik aurrera, gainera, jabe handitzat joko dituzte bost higiezin baino gehiagoren jabe direnak. Haiei neurri zorrotzagoak ezarriko dizkiete; esaterako, haiek alokatzen dituzten etxeen prezioek gehienezko eta gutxieneko kopuru batzuen artean egon beharko dute. Indarrean dauden alokairuei ere ezarriko diete neurria, eta jabe handiak kontratuak eguneratzera behartuta egongo dira. Bestalde, azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzak alokatzeko kontratu berrien prezioa igotzea ere mugatu egingo da —prezioari aplika dakiokeen gehieneko muga erreferentziako prezioen indizeen sisteman zehaztuko da—.

«Presazkoa zaigu Gipuzkoako eta Bizkaiko erreferentziazko prezioen indizea jakitea, herri gehiagok beharko baitute laster»

DENIS ITXASOEusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua

Dena den, Errenteriako Udalak gaur jakin du Espainiako Etxebizitza Ministerioak ez duela erreferentziazko prezioen indizea jakinarazi —Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek ez dituztela beharrezko datuak bidali—, eta, beraz, aipatutako bi neurri horiek ez dira oraindik indarrean sartuko. Otaegiren esanetan, indize hori «ezinbestekoa da» etxejabe handien eta bost urte baino gehiago alokatu gabe egon diren etxeen prezioa zehazteko. Hori dela eta, iritzi dio tentsio handiko eremuaren izendapena «hankamotz» heldu dela. «Ulergaitza» iruditzen zaio herritarrentzat hain premiazkoa den gai batean legeak ematen dituen tresna guztiak ezin aktibatu ahal izatea «udalerriz gaindiko instituzioak ez direlako gai izan euren lana egiteko». 

Itxasok ere bide beretik jo du X sare sozialean: «Presazkoa zaigu Gipuzkoako eta Bizkaiko erreferentziazko prezioen indizea jakitea, herri gehiagok beharko baitute laster». EH Bilduk irmo kritikatu du Gipuzkoako Foru Aldundia, eta esan du erreferentziazko prezioen indizearen kalkulua «atzeratu nahian» ari dela. EH Bilduk erantsi du udalak «haien esku dagoena» egiten ari direla, baina gainontzeko erakundeek ez badute «premiaz» ardurarik hartzen, neurria ezingo dela erabat aplikatu.

Espainiako Gorteek iaz onartu zuten Espainiako Etxebizitza Legeak arautzen dituen eremu horiek, eta Errenteriako Udalak iazko urtearen hasieran eskatu zion Jaurlaritzari Errenteria tentsio handiko eremu izendatzeko. Hainbat hilabetez aztertu ostean, urrian sinatu zuen Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak izendapen agiria. Erabakia argitaratuta zegoen Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofizialetan, baina Espainiako Etxebizitza Ministerioak izango du azken hitza: Espainiako aldizkari ofizialean argitaratzea falta zen.

Bi irizpideren arabera izendatu ditzake Eusko Jaurlaritzak udalerriak tentsio handiko eremu: bata, alokairuen prezioa %17 baino gehiago igo bada (KPI + hiru puntu); bestea, alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastua (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa bada. Bietakoren bat betez gero, tentsio handiko eremu izenda daiteke, eta Errenteriak biak betetzen ditu.

Tentsio handiko eremuaren izendapenak zer esan nahi duen azaltzeko eta hark dakartzan neurrien inguruko informazioa herritarrei emateko asmoz, hurrengo asterako lau batzar ireki antolatu ditu udalak. Bide batez, Otaegik dagoeneko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari sare sozialen bidez Errenteriako udalak laga dizkion lursailetan abia ditzala etxebizitza publikoak eraikitzeko lanak.

Badira gehiago

Ipar Euskal Herrian 24 udalerri dira tentsio handiko eremu, denak Lapurdikoak. Azaroaren 25ean sartu zen indarrean alokairuak igotzea mugatzeko neurria. «Denek bizitegi bat erdiesteko baitezpadako neurria» dela adierazi zuen Jean Rene Etxagaraik, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, iazko urrian.

Gipuzkoan, Errenteriaren atzetik heldu da Lasarte-Oriaren (Gipuzkoa) izendapena: atzo onartu zuen haren proposamena Jaurlaritzak, eta tentsio handiko eremu izendatu zuten. Irailean egin zuten eskaera: alokairuen prezioak %18,15 garestitu dira azken bost urteetan, baina oraindik ezingo diete gehienezko preziorik jarri. Alokairuko etxebizitzen eskaintza «oso txikia» dela esan du alkateak. 

Barakaldoren (Bizkaia) eskaera ere onartu du Jaurlaritzak, eta gaur izendatu dute tentsio handiko eremu. Juan Antonio Pizarro Hirigintza zinegotziak nabarmendu du barakaldarrek «ahalegin ekonomikoa» egin behar dutela alokairua eta oinarrizko gastuak ordaintzeko, etxeetako diru sarreren %30 gainditzen baitute —udalaren datuen arabera, 33.557 euro irabazten dituzte Barakaldoko familiek batez beste, eta alokairuaren eta oinarrizko gastuen batez besteko prezioa 917,4 euro da hilean—. 

Bi herri horietan ezingo dute alokairuen prezioa igotzea mugatu erabakia Espainiako aldizkari ofizialean argitaratu arte. 

Nafarroako Gobernuak azaroan hasi zuen 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua. Besteak beste, Iruñea, Burlata, Zizur Nagusia, Berriozar, Antsoain, Altsasu eta Tutera izendatu nahi dituzte tentsio handiko eremu. 21 udalerri horietan, Nafarroako herritarren %68,3 bizi dira. Abiatzear dituzte izapide administratiboak. 

Beste zenbait udalerrik ere egina dute eskaria: esaterako, Zumaiak. Jaurlaritzak hiru hilabeteko epea dauka bidalitako dokumentuak egiaztatzeko eta aztertzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.