Alokairuen prezio igoera mugatzeko akordioa egin dute Madrilen

Etxebizitza Legea onartzea adostu dute EH Bilduk eta ERCk Espainiako Gobernuko bazkideekin. 2023an, jabeek %2 igo ahalko dute alokairua; 2024an, %3; eta 2025ean, KPIaren azpitik

Etxebizitza legearekin babes handiagoa eman nahi diete maizterrei. Argazkian, Bilboko Zazpikaleak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
EH Bilduk eta ERCk akordioa egin dute Espainiako Gobernuko alderdiekin, PSOErekin eta Unidas Podemosekin, Etxebizitza Legea onartzeko. Legeak marko juridiko bat ezarriko du, eta autonomia erkidegoek arau propioak onartu ahalko dituzte hura gehiago garatzeko eta, batik bat, alokairuen prezioa mugatzeko. EH Bilduko Oskar Matute eta ERCko Pilar Vallugera diputatuek aurkeztu zuten akordioa atzo goizean. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ere adierazi zuen akordio «historikoa» dela, eta ongizate estatua «indartu» dutela «etxebizitza duina legez» bermatuz.

Matuteren arabera, «azkenik», onartuko da lege bat «etxebizitzarako eskubidea aintzat hartzen duena» eta alokairuak «erregulatzen dituena, espekulazioa zedarritzeko». Erkidegoek eta udalek zenbait leku izendatu ahalko dituzte tentsio handiko eremu, eta horietan alokairuen prezio igoerak mugatuta egongo dira.

Matutek adierazi du «arduraz» eta «diskrezioz» negoziatu dutela hamazortzi hilabetez: «Beste behin, ezkerreko indar subiranistak dira aurrerapen sozial handiak ahalbidetzen eta lortzen dituztenak, lege honen modukoak». Gainera, haren berbetan, gazteei «euren auzoetan eta hirietan» bizitzeko aukera emango die, «euren soldata prekario ia guztia horretara bideratzeko beharrik barik».

Matutek esan du Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseiluan orain dela hamazortzi hilabete aurkeztutako proposamenaren hainbat alde hobetu ahal izan dituztela, eta «izaera sozial nabarmena» erantsi. Gainera, haren arabera, testua jada ez da izango «proiektu zentralizatzaile bat», baizik eta herritarrei «etxebizitza politika aurreratuak eta bermedunak» eskainiko dizkiena. «Gaurtik hasita sustatuko ditugu gure erakundeetan lege honek ahalbidetzen dituen baina aplikatzen ez dituen tresna guztiak», aldarrikatu du.

ALOKAIRU IGOERAK

Akordioaren arabera, tentsio handiko eremuetako jabeek %2 igo ahalko dute alokairua 2023an, eta %3 2024an. 2025eko indizea erabakitzeko dago oraindik, baina KPIaren azpitik egon beharko du. Matuteren esanetan, gurata bereizi dituzte igoera indizeak KPItik, horrek «kontrol bako igoerak» eragin ditzakeelako. 2025erako indize berri bat sortuko dute, «egonkorragoa», eta KPIaren azpitik egongo dena.

Matutek eta Vallugerak adierazi dute gero eta ohikoagoa dela jabe batzuek etxea gelaka alokatzea, eta, horren bidez «tranpak» egin ditzaketelakoan, jakinarazi dute lantalde bat eratu dutela arazo horri heltzeko. Orain adostutako legeak ez dio afera horri erantzuten.

TENTSIO HANDIKO EREMUAK

Tentsio handiko eremuak ezartzeko baldintza bi egongo dira, eta bata zein bestea betetzen bada, nahikoa izango da leku jakin batzuk horrela izendatzeko. Batetik, hipoteken edo alokairuen kostua —gehi gastuak— familien batez besteko errentaren %30 baino handiagoa izatea; eta, bestetik, etxebizitzaren salmenta edo alokairu prezioa gutxienez KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana tentsio handiko eremu izendatu aurreko bost urteetan.

Espainiako Gobernuaren lehen proposamenean, baldintza biak bete behar ziren, eta KPIa baino bost puntu gorago zegoen langa, ez hirutan.

JABE HANDIAK

Erkidegoek jabe handien definizioa aldatu ahalko dute. Orain, hamar higiezin edo gehiago dauzkatenak hartzen dira jabe handitzat, baina lege berriarekin, bost higiezinetan ipini ahalko da langa. Vallugerak esplikatu du jabe horiei beste neurri batzuk aplikatu ahalko zaizkiela tentsio handiko eremuetan, «putre eta inbertsio funtsen espekulazioa eta higiezinen metaketa murrizteko».

MAIZTERREN BABESA

Legeak aurreikusten du jabeak ordaindu beharko dituela etxe -agentzien gastuak alokairuen kasuan, eta ez maizterrak. Nahiz eta kontratua eta maizterra berria izan, jabeek ezingo dute alokairua indizearen gainetik igo tentsio handiko eremuetan. Maizterrek dokumentazioa eskatu ahalko diote jabeari, egiaztatzeko ez dela ari iruzurrik egiten.

Horrez gain, legeak debekatu egingo du alokairuak igotzea gastu berriak argudiatuta. Matutek azaldu duenez, Europako zenbait lekutan aukera eman diete jabeei prezioa igotzeko obra batzuk eginez gero. «Horrek ekarri du batzuetan jabeek eskailera bat kentzea irisgarritasuna hobetzeko eta alokairua igotzea. Kasu horretan ez; obrak gutxienez higiezinaren balioaren %10 izan beharko du hori egin ahal izateko».

ETXEGABETZEAK

Diputatu biek aurreratu dutenez, akordioak «babes handiagoa» emango die egoera zaurgarrian dauden familiei etxegabetzeetan. Vallugerak azaldu du «data eta ordu bako» etxegabetzeak «amaitu» egin direla. Epeetan luzapenak aurreikusi dituzte, eta administrazioek automatikoki esku hartu beharko dute familia zaurgarrien kasuan. Orain arte, gerta zitekeen administrazioak ez jakitea ere.

«ESKUMENEN BLINDAJEA»

ERCk eta EH Bilduk jakinarazi dutenez, legeak erkidegoen eta udalen eskumenak errespetatuko ditu. Horretarako, kendu egin dituzte proposameneko «hainbat arau», «mendekotasun harreman bat ezartzen zietenak» Espainiako Gobernuarekiko.

Halere, lortutakoa baino gehiago nahi zuten EH Bilduk eta ERCk, Vallugerak azaldu duenez: «Gustatuko litzaiguke urrunago heltzea, baina gobernuaren itxikeriarekin egin dugu topo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.