Azaroaren 25etik goiti, Ipar Euskal Herriko tentsio guneko hirietako bizitegi pribatuei aplikatuko zaie alokairu mugatzea. 24 herritan sartuko da indarrean, beraz; Lapurdikoak denak: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Baiona, Basusarri, Bidarte, Biriatu, Bokale, Donibane Lohizune, Getaria, Hendaia, Hiriburu, Jatsu, Larresoro, Lehuntze, Miarritze, Milafranga, Mugerre, Urketa, Urruña, Uztaritze eta Ziburu. «Denek bizitegi bat erdiesteko baitezpadako neurria» dela adierazi du Jean Rene Etxagaraik, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak. Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak eta biek gaur prentsa aitzinean egin nahi izan dute neurriaren dekretua izenpetzeko saioa.
Alokairu pribatuen mugatzeko neurria Frantziako Estatuak onartu duen esperimentazio bat da, duela lau urte plantan eman zena Parisen, eta geroztik Bordelen, Lyonen eta Montpellierren indarrean dena. Jabe pribatu batek bere etxebizitza bat alokatzen duelarik —apartamentua edo etxea—, horra arte jada ezin zuen nahi bezala emendatu alokairu saria alokatzailez aldatzen delarik edo kontratu berria egiten duelarik. Neurri berri horrek oraindik gehiegizkoak diren alokairu emendatzeak mugatzea luke helburu, Etxegaraik esplikatu duenez: «Horri esker, maizegi gehiegizkoak diren alokairu emendatzeak hein batean atxikitzen ahalko ditugu». Helburua delarik Ipar Euskal Herriko biztanleen «erosahalmena mantentzea», Etxegarairen erranetan. Ipar Euskal Herriko herritarren batez besteko errebenioak Frantzia mailakoak baino apalagoak dira, eta, alta, alokairuak Tolosa (Okzitania), Naoned (Bretainia) edota Lille (Nord) hirietakoen bertsuak dira. «Familia batzuetan, errebenioen %40 joaten dira alokairua ordaintzeko».
Merkatuaren araberako muga
Alokairuen mugatzeko esperimentazio horrek alokairu prezioaren hiru maila ematen ditu. Erreferentziazko alokairu prezio bat metro karratuko. Gehienezko muga ematen duen prezio emendatua, eta halaber, gutieneko prezio bat edo prezio apaldua. Neurriaren ondorioz, jabe batek gehienez %20 emenda dezake erreferentziazko prezioa. Muga hori du ematen prezio emendatuak. Prezio apaldua jabeari ezartzea «gomendatzen» zaion prezioa dela erran du Julien Charles Paueko (Biarno) prefetak. %30eko apaltzea aplikatzen ahal zaio erreferentziazko alokairuari prezio apaldu hori ukaiteko.
«Ez dira hautu arbitrarioak edo teknokratikoak. Etxebizitzaren egiazko merkatuaren araberako prezioak dira»
JULIEN CHARLESPirinio Atlantikoetako prefeta
2022tik estatuak onartua duen Tokiko Alokairu Pribatuen Behatokiak eman datuetan oinarritzen da erreferentziazko prezioa. Audap hirigintza agentziak du behatoki hori kudeatzen Ipar Euskal Herrian. Erreferentziazko prezio hori finkatzeko irizpide batzuk bereizi dituzte: tentsio handiko gunean zein eremutan den etxebizitza, apartamentua edo etxea denetz, zenbat gela dituen, altzariz hornitua den edo ez, eta noiz eraikia izan den. «Alokairu prezioak metro koadroko balioan emanak dira, gainerako kargu edo gastuak kontatu gabe», zehaztu du prefetak. Muga gisa ekarriak diren erreferentziako prezioak ez dira behatokiak asmatuak, Charles prefetak aitortu duenez. Besteak beste, etxebizitzen negozioko profesionalekin mintzatuz ikusi dira: «Ez dira hautu arbitrarioak edo teknokratikoak. Etxebizitzaren egiazko merkatuaren araberako prezioak dira».
Alokairu mugatze hori indarrean jarriko da azaroaren 25etik goiti eginen diren parke pribatuko alokatze kontratuentzat —hortik goiti berritzen diren alokatze kontratuak barne—. «Alokatzen duenak hori erabiltzen ahalko du proposatua zaion alokatze prezioa neurriaren araberakoa denetz segur izateko», erran du Charlesek. Sekula jabearekin ez bada ados jartzen, departamendu mailako bitartekaritza batzordearengana jotzen ahalko du. «Horrek ararteko lana eginen du alokairu ona adosteko bi parteen artean».
Arartekoaren bitartekaritza aski ez balitz, alokatzen duenak Euskal Hirigune Elkargoko Etxebizitzen Zuzendaritzara jo lezake. Hark, arazoa aztertu ondoren, prefetari galdegin diezaioke zigor administratibo bat agintzea. «Jabe bat behartu dezaket behar den alokairua jartzera, eta beharrez, isun bat jar diezaioket», adierazi du prefetak. Isuna 5.000 eurorainokoa izan daiteke jabe batentzat edo 15.000 eurokoa pertsona moral batentzat.
Jabearekin ezin akomeatuz ibiliko den alokatzaileak auzitara ere jo dezake. Ohargarri da gutik baizik ez dutela egiten neurria indarrean den hirietan, alta epai aurrekariak sor ditzakeelarik jabeak behartzeko. Alokatzen duenak hiru hilabeteko epean egin behar ditu helegite urrats horiek guztiak jabeari prezio muga betearazi nahi badio.
Alokatzaileen bizkar
Jabeek neurria errespetatzeko zaintza lan hori alokatzaile bakoitzaren gain izanen da, nagusiki. Estatuko zerbitzuek eta Euskal Elkargokoek neurria indarrean dela jakinarazteko eginahala egin nahi dute, hilabete batez. Elkargoak hiru agente baditu bizitegi turistikoentzat 2023tik daukan konpentsazio neurria jabeek betetzen dutenetz zaintzeko, baina ez da argi alokairuen mugatze neurriarekin gauza bera eginen duen.
Gehiago dena, legeak jabeei bidea uzten die alokairua erreferentziazko mugatik gora jartzeko «prezio gehigarriak» erabiliz. Etxebizitzak lituzkeen ezaugarri berezi batzuk direla kausa emenda dezake prezioa jabeak. Prefetak baieztatu du hori: «Jabe batek erran dezake terraza oso ederra duelako, edo nik dakita zer, emendatzea justifikatua dela. Legeak hori ahalbidetzen dio, bai». Baldintza da alokatze kontratuan zehaztua izatea, eta epaile batek azter dezake justifikatua denetz.
Mugatze esperimentazioa 2026ko abendura arte eginen da. Orduan, Frantziako Etxebizitzen Ministerioak erabakiko du neurriarekin segitu edo ez, prefetak dioenez, «beharbada, legean modu iraunkorragoan sartzeko». Orain arte neurria indarrean duten hiri handietan «alokairuak emekiago emendatzen» direla ohartu direla adierazi du prefetak.
«Tentsiopeko eremua hedatuz doa; prezioen emendatze auzia Kanbo eta Hazparneraino ari da joaten»
JEAN RENE ETXEGARAIEuskal Hirigune Elkargoko lehendakaria
Ipar Euskal Herrian tentsio handikotzat hartuak diren 24 herrietan baizik ez da beteko mugatzea; alta, Etxegaraik berak aitortu du «tentsio handiko eremua hedatuz» doala; prezioen emendatzearen «auzia Kanbo eta Hazparneraino ari da joaten».
Euskal Elkargoaren Internet atarian nornahik simulazioa egiten ahal du alokatzen duen etxebizitzari jarria zaion muga ezagutzeko.
Parke pribatuko alokairu prezioek gora segitu dute 2023an
Ipar Euskal Herriko parke pribatuko alokairuko etxebizitzen prezioek gora jarraitzen dute. Bizitegiaren ezaugarrien eta, bereziki, dagoen gunearen arabera, prezioak emendatu dira batez beste iazkoekin konparatuz, nahiz oro har emendatzearen gelditze bat nabaritzen den.
Tokiko Alokairu Pribatuen Behatokiak bere urteko txostena plazaratu du gaur, alokairuen mugatzeko esperimentazio neurria izenpetzeko prefetak eta Euskal Elkargo buruak egin agerraldiaren karietara. 103 herri hartzen ditu kontuan datu bilketak; Ipar Euskal Herrian, hauek: kasik Lapurdi guztia; Nafarroa Beherean, Donapaleuko eta Donibane Garaziko inguruak; eta Zuberoan, Maule-Lextarre-Sohüta inguruak eta Hego Landak. Prezio heinen araberako lau eremu seinalatzen ditu: karioenak Baionako hirigunean eta Donibane Lohizunekoan dira; doi bat merkeago Urruña, Ziburu, Azkaine, Basusarri bezalako herriak; doi bat merkeago Senpere, Uztaritze eta Kanbo bezalakoak; eta azkenik, gainerako Lapurdi barnealdea, eta Nafarroa Behereko eta Zuberoako aipatutakoak.
Prezioek gora jarraitzen dute. Datu «adierazgarriak» direla erran du aurkezpenean Euskal Elkargoko eta beraz Audap hirigintza agentziako lehendakari Jean Rene Etxegaraik; eta «batzuk, kezkagarriak».
Emendatzea irudikatzeko, asko zabaldua den pisu neurriari lotu batez besteko datua eman du. Iaz, Ipar Euskal Herrian 67 metro karratuko apartamentu (T3) bateko batez besteko alokairua 691 eurokoa izan da. Aitzineko urtearekin alderatuta, 24 euroko emendatzea kalkulatu du behatokiak. Metro koadroaren batez bestekoa 10,1 eurotik 10,4 eurora iragan da, urte bakarrean. «Prezio horrek Frantziako hirigune handi edo metropoli batzuen heinean jartzen gaitu», erran du umorez Etxegaraik. Emendatze horiek biztanle gehien metatzen diren eta tira gehien duten hirietan gertatzen dira.
Naoned baino karioago
Urtero bezala, Frantziako beste hirigune batzuekin alderatu du behatokiak Baionako hirigunea. T1 apartamentuetan, Baionako hirigunea Naoned (Bretainia) edo Grenoble (Isere departamendua) baino garestiago da. T2 izarikoetan, Tolosa (Okzitana), Roazhon (Bretainia) eta Estrasburgo (Alsazia) baino karioago. T3 neurrikoetan ere halatsu.
Beste zenbait datu azpimarratu ditu Elkargoko buruak: Ipar Euskal Herriko biztanleen %28 bizi dira parke pribatuko etxe horietan. Etxebizitza horien %30 2005etik hona eraikiak izan dira.