Eguzkitako betaurrekoak, bainujantziak, badminton sarea, olatuen eta itsasontzien hotsa... Itsas bazterreko paisaia baten irudia, hondarrik eta itsasorik begi bistan izan gabe. Aldako kideek hondartzako giroa sortu dute Lehuntzeko (Lapurdi) etxe baten lorategian. «Etxebizitza honen jabea Nizakoa da (Okzitania), eta, ikusiz zer preziotan jarri duen alokagai etxebizitza hau, Kosta Urdinean gaudela ematen du», adierazi du Txetx Etxeberri Alda-ko kideak. Lahonce-sur-Mer berrizendatu dute gunea, herri sarreretan izan ohi diren seinaleen itxurako batekin. Aldako militanteek salatu dute etxearen jabeak legez kanpo emendatu duela alokairu prezioa. Horrelako egin-moldeak seinalatu, salatu eta auzitara bideratuko dituztela azpimarratu dute. Eta botere publikoei deiadar egin diete tokiko biztanleak espekulazio kasu horietarik babestu ditzaten, «alokairuen mugatze neurriak errespetaraziz», eta hori errespetatu ezean «zigortuz».
Ordura arte, 840 euroan zegoen alokatua 74 metro koadroko etxea. Baina, maizter ohiek etxea utzi zutenetik, 1.460 euroan jarri du alokagai jabeak. Lehuntze Ipar Euskal Herriko tentsio handiko eremuan dagoenez, alokairu prezioen mugatze neurriak daude. «Hau da, prezioa ezin da alokairuen erreferentzia indizetik gora emendatu», azaldu du Ainize Butron Aldako kideak. «Jabeak legea urratu du». Horrez gain, maizter berriei alokairua baino hiru aldiz soldata handiagoa eskatzen die. «Etxebizitza hau eskuraezina bilakatu da tokiko biztanleria ia guztiarentzat», ondorioztatu du Etxeberrik.
Ekintza garaian, Aldako kideak harremanetan jarri dira etxearen jabearekin. Etxeberrik telefonoan jabeari ekintzaren berri eman, eta legearen urraketaz ohartarazi du. Jabea bere posizioetan gelditu da, eta ezer ukatu gabe moztu du deia.
David Hugla Lehuntzeko auzapezari ere bertaratzeko eskatu diote. Hark gogorki salatu ditu jabearen egin-moldeak. Oroitarazi du etxebizitza soziala zela hasieran. Jabeak bizitegi sozialak lortzeko programari esker eskuratu zuen, 2008an. Hala, espekulazioaren kontrako hamar urteko klausulak babesten zuen etxebizitza, «baina, klausula hori amaitu denez, merkatu librera pasatu da», esplikatu du Huglak. «Eskandalagarria» iruditu zaio, eta Aldarekin bat egiten duela adierazi du.