Alokairuaren prezioa kontrolatzeko legea hitzartu dute Nafarroan

PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k aurkeztu dute lege proiektua, baina talde gehiagoren babesa beharko dute. Jose Mari Aierdiren arabera, «edukia sakona eta aurreratua» da

Ana Ansa (Geroa Bai), Jose Mari Aierdi, Arantza Biurrun (PSN) eta Mikel Buil (Ahal Dugu), atzo. JAGOBA MANTEROLA FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Etxebizitzaren merkatua arautzeko erreminta gehiago izango ditu aurki Nafarroako administrazioak, batik bat alokairua kontrolatu ahal izateko. Nafarroako Gobernua osatzen duten hiru alderdiek —PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k— 2010eko Etxebizitzaren Legea aldatzeko proiektua hitzartu dute, eta atzo goizean erregistratu zuten parlamentuan. Hiru alderdietako eledunak pozik agertu ziren emaitzarekin. Jose Mari Aierdi Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko kontseilariak azpimarratu zuen edukia «sakona eta aurreratua» dela merkatuaren errealitate zailari aurre egin eta etxebizitza eskubidea gauzatzeko bidean.

Dena den, ez da erraza izango aurrera ateratzea. Hasteko, hiru alderdiek ez dutelako gehiengorik parlamentuan. Aierdik atzo aipatu zuen EH Bilduk eta Ezkerrak negoziazioen berri izan dutela, baina, parlamentuan, azken testuak bi talde horien ekarpenak ere jaso beharko ditu. Legebiltzarrean bide luzea geratzen zaio lege proiektuari. Atzo goizean Eledunen Batzordetik pasatu ostean, ohiko prozedurari jarraitu beharko dio: lehenik, osoko bilkuran aintzat hartu beharko da; ondoren, batzordeetatik igaro beharko du; eta azken testua osoko bilkuran bozkatuko da. Ikusteko dago Navarra Sumak zer jarrera hartzen duen.

2010eko legeari hainbat aldaketa esanguratsuegitea proposatu dute. Adibidez, alokairuen errenta kontrolatzeko mekanismo berriak ezarriko dira. Alokairuen iraunkortasunerako indizearen bidez, gobernuak alokairuari gehienezko prezio baten erreferentzia ezarriko dio, tokiz toki. Adierazle hori bi tarteren artean egongo da: urteko errenta 3.600 eurokoa izango da gutxienez, eta lanbide arteko soldata bider 1,5 izango da gehienez.

Lehen aldiz, alokairu kontratuen erregistroa ezarriko da Nafarroan. Halaber, babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioa iraunkor egin nahi du legeak, administrazio publikoek etxebizitzekin egiten duten esfortzu horri eutsi ahal izateko. Izan ere, orain arte Nafarroak sustaturiko 56.000 etxebizitzetan erdiak bakarrik dira publikoak oraindik (28.000, zehazki), eta legeak izaera publiko horri eustea proposatzen du. Babes ofizialeko etxea galtzeko baldintzak ere ezartzen dira: adibidez, etxea ohiko bizitoki gisa ez erabiltzea.

Tramitazioaren aldia

Gaur-gaurkoz, etxebizitzaren lege proiektua tramitazioan dago Espainiako Kongresuan. Izan ere, Espainiako Botere Judizialaren Kontseiluak egitasmo horri buruzko txosten bat kaleratuko du aurki. Nahiz eta legeak jaso autonomia erkidegoek eskumena izango dutela alokairua arautzeko, Geroa Baiko Ana Ansak espero du bi legeen artean «talkarik ez egotea». Bestalde, Aierdik ados jartzeko gai izango diren itxaropena agertu zuen. Gaineratu zuenez, «estatuko legearen musikarekin bat egiten dute» hiru alderdiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.