Alokairu kontratuak berritzean, haien prezioak ezingo dira %2,2 baino gehiago igo Hegoaldean

Etxebizitza alokairuentzako erreferentziazko indizea zehaztu du Espainiako Estatistika Institutuak. Hilabetero berrituko du, eta, horregatik, %2,2ko mugak urtarrilerako balio du soilik.

Higiezinen agentzia bateko erakusleihoa, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Higiezinen agentzia bateko erakusleihoa, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko urtarrilaren 2a
17:20
Entzun

Urtarrilean Hego Euskal Herrian alokairu kontratu bat berritzekoak izango dira jabe eta maizter bat baino gehiago. Kontratua berritzeak askotan berekin ekartzen du alokairuaren prezioa ere aldatzea; inflazio garai hauetan, bereziki, igotzea. Bada, urtarrilean prezio hori ezingo da %2,2 baino gehiago garestitu, hala zehazten baitu Espainiako Estatistika Institutuak ondutako etxebizitza alokairuentzako erreferentziazko indizeak. Hori bai, muga horrek ez du ezertarako balio kontratua 2023ko maiatzaren 25a baino lehenago sinatu bazuten.

COVID-19aren pandemiak eta Ukrainako gerrak eragindako krisi ekonomikoek eragin zuzena izan dute etxebizitzaren merkatuan, eta ondorio horiei galga jartzeko asmoa du Espainiako Gobernuak bultzatutako neurri horrek. Tentsio handiko eremuak ez diren udalerrietan —Hegoaldean, Errenteria da izateko gertuen dagoena—, alokairuen kontratu berriek ez dute inolako mugarik prezioak ezartzeko: jabeak eta maizterrak «adosten» dute, Espainiako Hiri Errentamenduen Legearen arabera. Kontratuak urtean behin berritzean, ordea, prezioen igoerak muga du 2019an lege hori egokitu zutenetik. 

Espainiako Etxebizitza Legea indarrean sartu aurretik — 2023ko maiatzaren 25a baino lehenagotik— sinatutako alokairu kontratuak berritzean, prezioaren igoera ezin da hilabete horretako KPIa baino altuagoa izan. Data horren ostean hitzartutako kontratuei dagokienez, berriz, muga zorrotzagoa da. 2022an eta 2023an %2 igo zitezkeen gehienez alokairuen prezioak, kontratuak berritzean; iaz, gehienez %3. Espainiako Estatistika Institutuak egindako etxebizitza alokairuentzako erreferentziazko indizeak zehaztuko du aurrerantzean zenbat ahalko diren igo alokairu horien prezioak.

Indizea, hilabetero

Urtarril honetan, gehienez %2,2 igo ahalko dira. Hilabetero berrituko dute indizea, eta haren kalkuluak KPIaren aldakuntza tasa du oinarri: urteko KPIarena, azpiko inflazioarena eta bien arteko batezbestekoa. Hiru erreferentzia horietan baxuena gailenduko da indizea zehaztean, eta, horrela, KPIaren azpikoa izango da zenbatekoa. Urtarril honetakoa iazko azaroko KPIaren arabera zehaztu dute, hori baita eskura dagoen daturik berriena. Otsailekoa iazko abendukoaren arabera kalkulatuko dute. Horrela kalkulatuko dute hilabetero.

2019an erreformatutako Espainiako Hiri Errentamenduen Legearen arabera, alokairuen prezioa urtero berritzeko aukerak kontratuan adierazita egon beharko du; bestela, maizterrak ezingo dio etxearen jabeari exijitu. Gainera, jabeak berak eskatu beharko du, legeak dioenez, prezioa erreferentziazko indizearen arabera egokitzea. Eskaria kontratua berritu eta hilabete batzuetara egiten bada, martxan jarriko da, baina jabeak ezingo dio maizterrari exijitu aldi horretan ordaindu gabeko diru kopurua emateko.

Gainera, kontratua sinatu eta bost urtez, maizterraren eskubidea izango da alokairuaren prezioa erreferentziazko indizearen arabera berritu ahal izatea. Hala jasotzen du legeak norbanakoentzat, eta 7 urteko epea ematen die etxe baten alokairua ordaintzen ari diren enpresei. Kontratuak urtero berrikusteak zera esan nahi du, kontratu berri bat iazko azaroaren 23an sinatu zutenek aurtengo azaroaren 23an berritu beharko dutela, adibidez. Jatorrizko kontratuaren data izango da erreferentzia hura berritzean, alegia.

Tentsio handiko eremuak

Tentsio handiko eremuetan ere, 2023ko maiatzaren 25aren ostean sinatutako kontratuak berritzean, erreferentziazko indizearen arabera egokitu ahalko dute alokairuen prezioa, baina muga handiagoak ere izango dituzte alokairuen prezioek, bi kasutan: kontratu berriak sinatzean eta etxea daukana jabe handia baldin bada.

Tentsio handiko eremu batean alokairu kontratu berri bat sinatzean, prezioa ezingo da izan aurreko bost urteetan etxe horregatik eskatutakoa baino garestiagoa. Beraz, aurreko maizterrei eskatutako errenta baino altuagoa ezingo diete eskatu jabeek maizter berriei, baina salbuespen batekin: kontratua berritzean prezioen igoera mugatzeko baliatzen den erreferentziazko indizearen arabera igo ahalko da alokairua. Hori baino gehiago igotzeko —gehienez, %10—, zenbait baldintza bete beharko dituzte: kontratu berria sinatu aurreko bi urteetan etxea eraberritu izana, eraberritze horren ondorioz energia ez-berriztagarria %30 aurreztu izana —efizientzia energetikoaren ziurtagiriaren bidez egiaztatuta— eta irisgarritasuna hobetu izana, besteak beste.

Jabe handientzat neurri zorrotzagoak ezarriko dituzte; esaterako, haiek alokatzen dituzten etxeen prezioek gehienezko eta gutxieneko kopuru batzuen artean egon beharko dute. Indarrean dauden alokairuei ere ezarriko diete neurria, eta jabe handiak derrigortuta egongo dira kontratuak eguneratzera.

Beste indize batek zehaztuko ditu jabe handiek alokatzen dituzten etxeen prezioek bete beharreko gehienekoak eta gutxienekoak, baina oraindik zehaztu gabe dago. Izan ere, Espainiako Etxebizitza Ministerioak ezarriko du indizea, eta hori osatzeko beharrezkoa den informazioa bidaltzeke dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek —Nafarroakoak igorria dio—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.