Allozko urtegiko ingurua (Deierri, Nafarroa) biziberritzeko, Allotz Jasangarria programa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak 2022ko urrian. Gaur, 1,1 milioi euroko inbertsioa izan duen egitasmo horren emaitzak aurkeztu ditu Maria Txibite Nafarroako presidenteak, Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Txibitek eta Tokiko Administrazio eta Despopulazio zuzendari Jesus Mari Rodriguezek lagunduta. Proiektuaren helburua da Allozko urtegiaren ibar higatuak klima larrialdira egokitzea. Horretarako, baso gerriko bat sortu dute haren inguruan. Horrez gain, 27,5 kilometroko «bide ekologiko bat» egokitu dute.
«Nafarroan inoiz egin den baso biziberritze handienetako bat da», adierazi du Txibitek. Nabarmendu du aurkeztu duten proiektuarekin «biodibertsitatea eta natura balioak hobetzea» lortuko dela, eta urtegiak «hesi bat» izango duela klima aldaketaren ondorioetatik babesteko.
Urtegiaren inguruan 19.000 zuhaitz eta zuhaixka landatu dituzte, «tokiko espezieetakoak», eta 44,5 hektarea basoberritu dituzte. «Ingurumen eta paisaia narriadura esanguratsuko» lurretan egin dute esku hartzea; gehienak, jabetza publikokoak. Urtegiaren ur mailaren gorabeherek higatu dituzte eremu horiek.
Gainera, gobernuak 27,5 kilometro luze den bide bat egokitu du oinezkoentzat eta bizikletentzat, urtegiaren eta haren inguruaren «lotura, erabilera publikoa eta funtzio soziokulturala» hobetze aldera.
Proiektua Europako Batasunak finantzatu du osorik. React EU kohesiorako eta Europako lurraldeetarako berreskuratze funtsetik ordaindu dute egitasmoaren 1,1 milioi euroko inbertsioa.
«Turismo jasangarria» bultzatzeko
Nafarroako presidenteak gaineratu duenez, klima aldaketara egokitzeko ez ezik, «turismo jasangarria» sustatzeko helburua ere badu egitasmoak. «Allotz Jasangarria proiektuarekin, etapa berri bat hasi dugu eremu honentzat eta Deierri eta Gesalatz ibarretako herrientzat, natura eremu hori inguru berdeago bihurtzeko etapa bat, turismoarentzako erakargarriagoa eta ibar hauetako biztanleen bizitzarako adeitsuagoa».
Proiektua amaituta, Deierriko eta Gesalazko udalek beren gain hartuko dituzte baso gerrikoaren babes eta kontserbazio lanak, bost urtez.