Bihurgunez betetako errepide batetik lauzpabost kilometro aldats gora egin ostean, udaletxea azaltzen da parez pare. Atzealdean, elurrak zuritutako mendi tontorrek ematen diote ongietorria bisitariari. Mendia eta natura arnasten da bazter guztietan.
Baina natura ez da Alkizak duen altxor bakarra. 366 pertsona bizi dira herrian, eta horietako askok postaleko herria biziz mamitzeko konpromiso sendoa dute. Kultura dinamika handia du Alkizak. Herri txikia izanik ere, ospe handiko artisten jaioterria da. Zenbait eskultore, margolari, musikari, idazle, zientzialari eta aktore eman ditu. Aurten bi artista galdu dituzte: Koldobika Jauregi eskultorea eta Juan Luis Goenaga margolaria. Bereziki nabarmena da Koldobika Jauregiren arrastoa. Eskultoreak herriaren alde egindako lana goraipatzen dute herrikideek; udal ordezkari gisa eta Ur Mara museoaren sortzaile gisa utzitako arrastoa horren lekuko.
Harrizko eta egurrezko eraikin zaharrean sartu, eskailerak igo eta udalbatzar aretoko mahaiaren bueltan elkartu dira herritar batzuk Alkizari buruz mintzatzeko asmoz. Inaki Irazabalbaitia alkateak laburtu ditu mendearen hasieratik hona herriak izan dituen aldaketak. Behetik gorantz egin du Alkizak; 2000. urtean 257 biztanle zituen. «Herriaren etorkizunari buruzko kezka handia zegoen, eta, horri buelta emateko, herritar batzuk elkartu eta proiektu bat lantzen hasi ginen», gogoratu du.
Hausnarketa hartatik herri proiektu bat sortu zen, hiru ardatzen jiran: natura, gizakia eta kultura. Herriaren nortasuna sendotzeaz gain, hirigintza politika aldatzea eta kultura mugimendua sortzea ere izan ziren haren fruituak. Egun, biztanleriaren heren bat baino gehiago 30 urtetik beherakoa da. Gipuzkoako herri gazteenen artean dago Alkiza. Gazteak erakartzeko errezetarekin bete-betean asmatu dutela harro esan dezakete. Herrian geratzera edo bertara joatera bultzatu zituzten arrazoiez galdetuta, paisaia, lasaitasuna eta kalitatezko bizimodua aipatzen dute denek.
Eskola: herriaren bihotza
Eguerdi aldean jende gutxi dabil herrian, baina, eskolatik irteteko ordua gerturatu orduko, autoez betetzen hasi da plazaren ingurua. Erlojuak 16:30ak eman bezain laster, barrez eta algaraz bete da plaza bat-batean. Umeei ongietorria eman ondoren, gurasoek unea aprobetxatzen dute herrikideekin solasean aritzeko. Hotza egiten du, eta ez dago parkean jolasteko giro. Umeak jaso eta gutxira, gehienek alde egin dute; batzuek, etxera, eta eskolaz kanpoko ekintzak dituztenek, inguruko herrietara.
Plaza berriz isildu da. Bost laguneko taldetxoa baino ez da gelditu parkean. Tartean, Alkizan bizitzea zergatik erabaki zuten azaltzeko prest dauden ama batzuk. Alaitz Errexil amezketarra da, eta bikotekide alkizarra dauka. Bera herri txiki batean sortua izanik, ez du aldaketa handirik igarri. «Gustura bizi naiz hemen; herrian denok ezagutzen dugu elkar, eta bizimodu lasaia egin dezakegu», aipatu du abantailen artean. Desabantailei dagokienez, ganorazko garraio publikorik ezean, autoaren menpe egon behar dutelako kexu da. Bi seme-alaba ditu, eta bat Villabonako institutura joaten da. Institutua, kirol klubak, musika eskola eta ingeles akademia herritik kanpo daude, eta horrek trabak sortzen ditu.
«Gure seme-alabak eskola txiki batean heztea garrantzitsua da guretzat; herri giroan eta kalean lasai egotea gustatzen zaigu»
NAGORE SAGASTUMEGazte alkizarra
Ina Soria bere bi alaben bila gerturatu da plazara. Valentzian (Herrialde Katalanak) du jatorria. Senarra ere hangoa da. Biak naturaren maitale sutsuak izanik, Gipuzkoa begiz jota zeukaten, eta Andoainera bizitzera joan ziren 2002an. 2007tik Alkizan bizi dira. «Lasai bizi gaitezke hemen, eta, dendak, tabernak eta beste zerbitzuak behar ditugunean, hemendik hamar minutura ditugu». Alabei valentzieraz eta euskaraz hitz egiten diete.
Herri giroa eta naturarekin kontaktuan egoteko aukera baloratzen ditu Nagore Sagastumek. Alkiza bere jaioterria izanik, naturala izan zen bertan bizitzea. «Gure bi seme-alabak eskola txiki batean heztea garrantzitsua da guretzat; herri giroan eta kalean lasai egotea gustatzen zaigu».
Parranda egiteko gainditu ezinezko oztoporik ez dute ikusten herriko gazteek. «Orain, seme-alabekin, parranda gutxi egiten dugu, baina lehen gu baino zaharragoak ziren herrikideekin moldatzen ginen haiekin batera autoz etortzeko», kontatu du Sagastumek.
Biziraupenaren giltzak
Herri erakargarria izateaz gain, hirigintza politikak ere lagundu du populazioaren goranzko joera horretan. Izan ere, mende berriarekin batera etxebizitzak eraiki zituzten. «Kanpoan bizi ziren alkizar batzuk herrira itzuli ziren, eta inguruko herrietako familiak ere etorri ziren», azaldu du alkateak. Gazte horiek umeak eduki dituzte eta, horri esker, egun 38 ume daude eskolan, haur eta lehen hezkuntzan.
Ordutik bi hamarkada igaro dira, eta berriro ere etxebizitza falta sumatzen ari da. «30 urte inguruko kuadrilla bat daukagu galdezka: etxebizitzak noizko?», esan du Irazabalbeitiak. Gazte horiek asebetetzeko helburuz, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) berritzen ari dira. 30 etxebizitza berri eraikitzeko aukera izango dute.
Eskolaren garrantzia nabarmentzeko orduan, denek bat egiten dute: gazteak gelditzeko eta erakartzeko giltzarria da. «Alkizak beti izan du eskola. Bestela, herri hila izango litzateke», Rosario Urruzolaren esanetan. Intxaurrandi baserriko alaba da, eta bera ere udalbatzar aretoko mahaiaren bueltako solasaldiari batu zaio. «Nire arbasoen etxean bizi naiz, eta nire sustraiak hemen daude. Hau da nire lekua», dio harro-harro.
Irati Apaolaza ere animatu da herriari buruzko bere bizipenen berri ematera. Anoetarra jaiotzez, bikotekidea alkizarra du, eta duela hamalau urte iritsi zen herrira. «Txikitasun hau polita da. Lasaitasuna, natura eta paisaiak ere mundialak ditugu», dio. Yoga eskolak ematen ditu zenbait herritan. Alkizan 60 eta 87 urte bitarteko hamar laguneko talde bat osatu du, eta astean behin elkartzen dira. Eskolak betetzen duen saretze funtzioa berretsi du Apaolazak: «Plazatik kilometro eta erdira bizi gara, eta lehen apenas azaltzen ginen; sozializatzen hasi ginen umeak izan genituenean».
Xabier Artola donostiarra da, eta duela 40 urte joan zen Alkizara, arnasa bila. Oilategitikkultur elkarteko kidea da. Uste du egungo Alkiza lehengoa baino hobea dela: «Eskola ixteko zorian egon zen, baina jende gazte asko etorri zen kanpotik, eta horrek bizia eman dio herriari».
Esperientziaren begiratokitik ere hitz egin du Jose Mari Aranzabe Pepe-k. Zenbatu ezin diren orduak eman ditu Aranzabek solasaldia gertatzen ari den aretoan; Alkizako zinegotzia da 1983z geroztik. Gazte garaiko oroitzapenak ekarri ditu gogora: «Gehienok baserritik bizi ginen, eta asteburuetan tabernan elkartzen ginen». Hiru taberna zeuden orduan, «herrian gelditzen ginelako». Egungo egoerari buruzko kezka azaldu du. «Orain bi familia bakarrik bizi dira baserritik». Zerbitzuetan oinarri du, beraz, Alkizaren ekonomiak. «Natura turismoari begira egiten dugu lan», argitu du alkateak.
Zeintzuk dira, benetan, ezjakinak?
Herri txikietan bizi direnei buruzko aurreiritziak oraindik ere badaude. Horren isla da Irati Apaolazak kontatutakoa. «Batzuek galdetzen didate: 'Zer egiten duzu? Ez daukazu zinerik, ez marka ezagunen dendarik'. Baina ez dut behar. Arropa behar dudanean, erostera joaten naiz. Ez naiz dendetara joaten aspertuta nagoelako», dio. Iritzi berekoa da Xabier Artola: «Donostiako jende askori iruditzen zaio Alkizara etortzea Himalaiara etortzea dela!».
Rosario Urruzolak dioenez, batzuek uste dute «herri txikiak atzeratuta gaudela, kulturarik gabeak eta kaxeroak garela». Haren ustez, «hiriburuetako jende askori ez zaio buruan sartzen Alkiza bezalako herrietan unibertsitate ikasketak dituen jendea egotea. Uste dute denok ezjakinak garela», dio Urruzolak. Beste adibide bat jarri du Apaolazak: «Donostiara lanera joan eta aurpegira esan didate kaxera bat naizela, egurra mozten aritzen ote naizen galdetu izan didate, euskararekin ere sartu izan dira. Zeintzuk dira, benetan, ezjakinak? Barre egiten diezu, baina mina eta pena ematen dizute».
Aurreiritziak, baina, hutsaren hurrengoa direla agerian geratzen da Alkizak duen kultura eskaintzari begiratuz gero. «Ezin gara lehiatu herri handien eskaintzarekin, baina gure herritarrei hemen bertan kulturaz gozatzeko aukera eskaintzen diegu», dio alkateak. Fagus Alkiza Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuaren interpretazio zentroa izan da horren erakusle urte askotan. Eremuaren biodibertsitateari buruzko erakusketaz gain, hitzaldiak, mahai inguruak eta Sormenaren Kabia bekaren topagunea izan da, besteak beste. Orain itxita dago, eta udalak erositako Erretore Etxea izango da, datorren udaberritik aurrera, herriko kultura eta turismo azpiegituren topalekua.
«Ezin gara lehiatu hiri eta herri handiekin, baina alkizarrok badugu herrian bertan kulturaz gozatzeko aukera»
INAKI IRAZABALBEITIAAlkatea
Sormenaren Kabia beka 2018an sortu zuen udalak, sormena eta kultura hirietatik deszentralizatzeko asmoz. Uxue Juarez idazle eta irakasle iruindarra izan da aurtengo irabazleetako bat. Hiru aste igaro ditu Alkizan, urrian.
Herri itxi bat espero zuen, baina errealitateak aurreiritziak aurretik eraman zituen eta «herriak besarkatuta» sentitu da Uxue Juarez. Semea harekin batera egon zen. Juarez sorkuntzan aritu zen bitartean, semea baso eskolan egon zen. «Sorkuntzan nahiko bakarrik egon nintzen». Semearekin egondako denboran igarri zuen aldea. «Ama izateak modua eman zidan herriko bizitzan parte hartzeko. Eskola plazan bertan dago eta, irteten zirenean, bertan egoten nintzen, eta, semea gelakideekin hizketan edo jolasean geratzen bazen, ni ere bai».
Bere esperientziaren emaitza Beleburu liburuan islatuko da. Alkizan izandako bizipenak gordeta daramatza. «Zerbait magikoa da, hemen egon diren beste artistek ere sentipen hori izan dute. Ezin da azaldu. Etorri behar duzu eta gozatu».