Beti eta edozein baldintzatan al da aberasgarria mugimendu eta borroka diferenteen arteko elkarlana sustatzea? Modu horizontalean lan egin nahi izan arren, ez al dago botere harremanik? Eta galdera horien aurrean, nolakoa izan behar du euskararen kokalekuak? Zein euskalgintzarena? Galderak herrestan datoz, eta ez dago beti eta guztiz balio duen formularik, baina Plaza Hutsak euskarari buruz antolatutako jardunaldi sortan zenbait hausnarketa eta proposamen mahaigaineratzen ari dira. Atzo, Euskalgintzaren indarberritzea solasaldian izan ziren Mikel Aiartzaguena, Andere Ormazabal eta Gotzon Barandiaran, nor bere txokotik ekarpena egiten, euskara beste egitasmo batzuen hari eroale gisa nola txertatu, eta euskalgintzaren elkarlan posibleak zein izan daitezkeen, gai horiei heldu zieten gazteen, herri mugimenduen eta kulturgintzaren ikuspegitik.
«Erakargarritasunean baino gehiago, botere harremanetan gertatzen da hizkuntzen arteko lehia», azaldu du Ernaiko kide Aiartzaguenak. Haren ustez, hizkuntza batek —euskarak, kasurako— lekua eta boterea hartu behar ditu nagusi izan nahi badu. Beraz, euskarari dagokionez, botereguneak hartu behar dira, eta hartu ezin diren eremu horietan talka egongo dela onartu behar da, eta, hortaz, gatazka horretan egon.
Baina gatazkak eta botere harremanak ere badira beste esparru batzuetan ere, eta, Aiartzaguenarentzat, hor dago gakoa: «Proiektu antikapitalista batean oinarrituta dagoen herri gogo bat behar dugu, euskaraz ari dena: euskarak mundu oso bat hitz egin behar du». Proposatu du euskalgintzak mugimendu izaera berreskuratzea, eta «zapalduen arteko aliantza» saretzea: «Euskarak izan behar du hari eroalea».
Ormazabal EHUko irakaslea da, baina Joxemi Zumalabe fundazioan ere ari da. Herri mugimenduekin egiten du lan taldeak, besteak beste eragileen arteko aliantzak ikuskatuz eta horiek dinamizatuz. Harentzat ere elkarlana aberasgarria da, baina ohartarazi du beti ez direla desegiten botere harremanak: «Eragina du talde bakoitzak zer baliabide dituen, zer mehatxu eta aukera dauden une horretan, askotariko militantziak nola gainjartzen diren...». Horretarako, arretaz begiratu behar da, haren ustez, elkarlanean ari diren taldeek zer identitate duten, loturak zer-nolako intentsitatea duen, eta parte hartzaileen osaera nolakoa den.
Ariketa hori euskalgintzan egitea proposatu du, eta instituzioekin izan beharreko hartu-emanaz ere jardun da: «Hain modan dagoen gobernantzaz hausnartu behar dugu. Herri mugimenduen, alderdi politikoen eta instituzioen eremuak bereizi behar ditugu, eta, gainera, ezkerreko alderdiak interpelatu behar ditugu». Erakundeekin jardutean herri mugimenduekin desoreka sortu daitekeela iradoki du Ormazabalek, eta uste du euskalgintzak ere gogoeta egin behar duela ikusteko zer aukera eta zer oztopo suertatzen diren instituzio publikoekin lan lerroak irekiz gero.
Proposamen zehatzak
«Erakunde publikoak herritar denonak dira», egin du azpimarra Barandiaranek. Hori baliatzea interesgarria litzatekeela adierazi du. Eta baita «beharrezkoa» ere, euskal kulturgintzak aurrera segitzea nahi bada. «Euskal kulturgintzaren ekosistemaren osasuna ez da ona izango euskararena ona ez bada», ohartarazi du, eta eskatu du ekosistema hori osatzen dutenen artean zubiak eraikitzeko; baita erakundeekin ere.
Hori nola egin ere buruan du Barandiaranek. Aurrez hainbat kultur elkartek eta egitasmok 2016an gogoeta bat plazaratu baitzuten Jalgi izeneko dinamika batean. Lau lan ildo identifikatu zituzten; sormenerako baldintzak sortzea —eta sortzaileek baldintza onak edukitzea—, kulturgileentzako plazak sortzea, jardueren eta proiektuen berri ongi ematea, eta transmisioa sustatzea. Horretarako, ezinbesteko dira kultur ekosistema horren partaide guztiak: hartzaileak, bitartekariak, sortzaileak, erakundeetako ordezkariak...
Hori guztia gorpuzteko, kultur mahaiak edo bilguneak jarri ditu eredutzat: «Ikuspegia partekatzeko, eragileak identifikatzeko, eta proiektuak abiarazteko».
Aliatu bai; baina nola, norekin eta zertarako?
Euskalgintza nola egituratu, zeinekin sortu bide orri berriak, eta indarguneak non bilatu: horren inguruan jardun dira Plaza Hutsak antolatutako bigarren jardunaldian. 'Euskalgintzaren indarberritzea' solasaldian, aukerez eta erronkez aritu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu