Oraindik ez dira itzali Algortan (Getxon) ospatutako 2024ko Ibilaldiaren oihartzunak, baina Ikastolen Elkartea jada hasia da Bizkaiko ikastolen 2025eko jaia antolatzen. Algortatik Galdakaora egingo du jauzi Ibilaldiak, eta datorren urtean Eguzkibegi ikastolari egokituko zaio hori antolatzeko lana. 2025eko maiatzaren 25ean izango da, eta 47. aldia izango da.
Lehenago ere, Galdakaok abegi egina dio Ibilaldiari, 2009an han ospatu baitzen. Orain, berriz helduko diote demari: «Ibilaldia ez da egun bakarreko jaialdia soilik; urte osoan garatuz doan proiektua da. Hala, ikasturte osoan arituko gara elkarlanean, jarritako helburuak betetzeko asmoz».
Magaletik herrire euskera erdire izango da Galdakaoko Ibilaldiaren leloa. Magala kontzeptuarekin «ikastolak eskaintzen duen familia giroa» islatu nahi izan dute antolatzaileek, eta, aldi berean, Eguzkibegi ikastola kokatuta dagoen mendi magalari ere egiten dio erreferentzia. «Magaletik herrira» joateari buruzko aipamen horrekin, berriz, «ikastolak herriarekin duen lotura» nabarmendu nahi izan dute.
Euskara sustatzea
Euskararen sustapena bultzatzea izango da 2025eko Ibilaldiaren lerro nagusia. Horrekin batera, parekidetasuna, jasangarritasuna, partaidetza, inklusioa eta beste zenbait balio indartu nahi dituzte: adibidez, «sexu eta generoari lotutako rolak gainditu» nahi dituzte ospakizunetan, eta antolatutako ekitaldi guztiak jasangarriak izatea bilatuko dute, garraio publikoa sustatuz, natura zainduz, eta abar. «Guztientzako Ibilaldia» antolatzea izango dute xede.
Zenbait helburu jarri dituzte datorren urteko Ibilaldirako: lehenik eta behin, «euskal kulturan oinarritutako hezkuntza eskaintza» indartu nahi dute; «ikasleen ongizate emozionalari» garrantzia eman; eta horien parte hartzea, sormena eta ekimena sustatu. Festaren antolakuntzaren bidez, ikastolaren irudia finkatu nahi dute eskualdean, eta Galdakaoko eragileekin harremanak sendotu nahi dituzte. Gainera, ikastolen proiektu kooperatiboa indartzea ezarri dute xedetzat, eta, horretarako, diru baliabideak lortu nahi dituzte, ikastolaren eraikin eta azpiegiturak «eraldatzeko proiektua» finantzatu ahal izateko.
Josu Telleria Ibilaldia elkarteko lehendakaria egon da aurkezpenean, eta aurtengo eta datorren urteko jaietako antolatzaile taldeetako partaideek lagundu diote zeregin horretan: Algortako San Nikolas ikastolako Unai Arzubiagak eta Gaizka Arrizabalagak, eta Eguzkibegi ikastolako Oihane Aranak eta Jon Felizek.