Algortako Portu Zaharrean protesta egin dute, jaietan andre bati egindako erasoa salatzeko

Tuterako eta Gasteizko udaltzainek eta Foruzaingoak andreen kontrako indarkeriarekin lotutako hamar atxiloketaren berri eman dute.

Elkarretaratzea, gaur, Algortako Portu Zaharrean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Elkarretaratzea, gaur, Algortako Portu Zaharrean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
2024ko abuztuaren 12a
20:05
Entzun

Getxon (Bizkaia) emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloa abiarazi dute asteburuan, larunbatetik iganderako goizaldean emakume batek Algortako Portu Zaharreko jaietan sexu eraso bat pairatu zuela-eta. Getxoko Udalak salatu egin du erasoa. Mugimendu feministak deitutako elkarretaratze bat ere egin da erasoaren kontra, astelehen iluntze honetan.

Bestalde, azken egunotan hamar lagun atxilotu dituzte indarkeria matxista egotzita, Tuterako eta Gasteizko Udaltzaingoak eta Foruzaingoak jakitera eman dutenez. Foruzaingoak horietako zazpi atxilotu ditu, lau tratu txarrak ematea egotzita —San Adrianen, Beran, Iruñean eta Funesen— eta hiru urruntze aginduak ez betetzeagatik —bi Iruñean eta bat Artikan—.

Berako (Nafarroa) bestetan izandako erasoa salatu zuten atzo herrian bertan. Udalak ere gertatutakoa gaitzetsi du, ohar bidez: «Indarkeria matxista egiturazkoa da, eta errotuta dago gizartean. Horrek azaltzen du zergatik gertatzen den testuinguru kultural guztietan eta maila guztietan. Izan ere, jatorria ulertuta soilik susta ditzakegu hura ezabatzen lagunduko duten egitura aldaketa sakonak».

Tuterako Udaltzaingoak (Nafarroa), berriz, 32 urteko gizon bat atxilotu du indarkeria matxista egotzita. Haren emaztea jotzea leporatzen diote, zeina larrialdi zerbitzuetan artatu behar izan duten. 04:00 aldera izan da hori, eta gizona Foruzaingoaren zaintzapean da, epailearen esku gelditu arte.

Gasteizko Udaltzaingoak, berriz, bi gizon atxilotu ditu indarkeria matxista leporatuta. Horietako bat 35 urteko gizon bat da, eta haren bikotekide ohia fisikoki eta psikologikoki erasotzea egozten diote. Atzo 08:30 aldera deitu zuen emakumeak Udaltzaingora, gertatutakoa salatzeko. Polizia bertaratu zen, eta gizona atxilotu zuten.

Larunbatean atxilotu zuten bertzea, 40 urtekoa. Udaltzaingoak adierazi duenez, haren bikotekidearekin eztabaida bat izan, eta lurrera bota zuen. Horrek zauriak eragin zizkion emakumeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.