Algortako mugimendu feministak Getxoko Udalari eskatu dio komunikazio bideak irekitzeko

Berriki artxibatu dute Algortako bi feministaren kontrako salaketa. Mugimendua «kriminalizatzeko» saiakera bat izan dela diote.

Mugimendu feminista
Mugimendu feministaren agerraldia, Algortan, gaur arratsaldean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko abenduaren 27a
18:15
Entzun

«Azken urteetan egin ez duzuena egiteko exijitzera gatoz: ez gaitzazuela etsai gisa tratatu, jar ditzazuela gure herrian indarkeriari aurre egiteko baliabideak, eta aitor dezazuela mugimendu feministak herri honi egin dion ekarpen ezinbestekoa». Horrela mintzatu zaio Algortako (Getxo, Bizkaia) mugimendu feminista Getxoko Udalari gaur arratsaldean Algortako portu zaharrean egindako agerraldian. Mugimendu feministarekin hitz egiteko eskatu diote udalari, eta urtean zehar indarkeriari aurre egiteko neurriak hartzeko, «mugimendu feministaren exijentzien markoan».

Adierazpen horiek joan den astean jasotako albiste bati emandako erantzuna dira: talde horretako bi kideren kontra jarritako salaketa bat artxibatu zuen epaileak. 2022ko abuztuan gertatutako afera batean du jatorria guztiak: Portu Zaharreko jaietan, neska batek eraso bat jasan zuen, ziztada bat. Horren berri izatean, mugimendu feministako bi kidek protokoloa aktibatu zuten: larrialdietara deitu zuten, gaztearen gurasoak jakinaren gainean jarri zituzten, eta Ertzaintzarekin «beharrezko prozedura guztia» kudeatu zuten. «Hori guztia kudeatuta zegoenean, kaleko jantziriko eta identifikatu gabeko beste polizia batzuk sartu ziren neskarentzat sortu genuen harrera eta espazio erosoan, eta tentsioa sortu zuten», adierazi zuten mugimendu feministako ordezkariek.

Bi polizia haiek eraman zuten neska anbulantziara, baina mugimendu feministako kideak bertara hurbildu ziren, gaztea ongi zegoen jakiteko. Momentu hartan ertzainek identifikatu zituzten, eta desobedientzia delitua egotzi, «Ertzaintzaren lana oztopatzeagatik». Joan den urteko azaroan deklaratu zuten bi akusatuek, eta ukatu egin zuten Ertzaintzari oztopoak jarri izana. Urtebete eta hilabete bat geroago kasua artxibatu izana albiste ona dela erran dute mugimendu feministako ordezkariek, baina «kezkatzekoa» iruditzen zaie denbora tarte horretan instituzioek izan duten jarrera.

Izan ere, haien erranetan, mugimendu feminista «kriminalizatzeko» saiakera izan da kasua. Gogoratu dute mugimendu feministak urteak daramatzala «indarkeria matxistaren aurka autodefentsa feminista antolatzen, tresna eraginkorrak sortzen, erasoak sistematikoki salatzen eta horien aurka lanean»; eta, bitartean, erakundeek mugimendua «etsai gisa» tratatu dutela: «Gure eskakizunei biderik ez diete eman, indarkeria matxistaren aurka eta patriarkatuaren aurka ez dute neurri eraginkorrik martxan jarri, eta aurpegia garbitzeko baino ez gaituzte erabili».

«Elkarlanerako ohitura»

Adierazi dute ongi dakitela mugimendu feministarekin elkarlanean aritzea «ezinezkoa» dela posizio politiko batzuetatik, instituzioek mugimendu feministarekiko duten jarrerak «patriarkatua sistema gisa erreproduzitzeko helburua» duelako. Dena den, nabarmendu dute Getxoko Udalean inork politika feministak egiteko helburua badu hor egonen dela mugimendu feminista, eta ongi dakitela zein den beren «elkarlanerako ohitura».

Azkeneko bi urteetan igorritako mezuak erantzunik gabe gelditu direla adierazi badute ere, oraingoan udalaren berri izanen dutelakoan egin dute agerraldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.