Alfredo Retortillo izango da Giza Eskubideen sailburuordea, eta Alfonso Gomez Justiziakoa

Retortilloren esku geratuko dira biktimen eta giza eskubideen alorreko gaiak, Gogora Institutua barne. Itxasok Miguel de los Toyos izendatuko du Etxebizitza sailburuorde.

Alfredo Retortillo, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Alfredo Retortillo, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 27a
16:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzak bere lehen gobernu bileran egindako izendapen bakarra Nekane Zeberiorena izan zen: Imanol Pradales lehendakariaren kabineteburua izango da. Dena dela, sailburuak ere hasi dira euren taldeak osatzen, eta PSE-EEko kideenak izan dira mugimendu adierazgarrienak. Maria Jesus San Jose Giza Eskubideen eta Justizia sailburuak Alfredo Retortillo eta Alfonso Gomez aukeratu ditu Giza Eskubideen eta Justiziako sailburuorde izateko hurrenez hurren. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, berriz, Miguel de los Toyos izendatuko du Etxebizitza sailburuorde.

Atzo, Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunean, San Jose Gogora Institutuaren egoitzan egindako ekitaldian izan zen, eta adierazi zuen justiziaren eta erreparazioaren aldeko «konpromiso irmoa» erakutsiko duela gobernuan. Gaur jakin da aukeratuak dituela lan horretan izango dituen bidelagun nagusiak: Retortillo eta Gomez.

Retortillo Zientzia Politikoetako lizentziaduna da, Deustuko Unibertsitatean ikasia, eta irakasle lanetan aritu da EHUn. 2016an, Iñigo Urkullu orduko lehendakariak bere bigarren legealdiari ekin zion Eusko Jaurlaritzan, baina, aurrekoan ez bezala, EAJren eta PSE-EEren arteko akordio bati esker. Sozialistek gobernu hartan sartzeko aukeratu zituztenetako bat izan zen Retortillo. Zehazki, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu izan zen 2016tik 2019ra bitarte. Urte hartan, kargua utzi zuen udal hauteskundeetan PSE-EEren Barakaldoko (Bizkaia) alkategai izateko. Gerora, PSE-EEren Hezkuntza idazkari ere izan da, eta parte hartu zuen 2022ko hezkuntza itunaren inguruko negoziazioetan; hain zuzen, San Joserekin batera.

Jose Antonio Rodriguez Ranz ordezkatuko du, eta bere esku edukiko ditu biktimekin eta memoria historikoaren lotutako gaiak, baita Gogora Memoria Institutuaren kudeaketa ere. Hala, Aintzane Ezenarro Gogora-ko zuzendariaren ordezkoa izendatzea izango du eginbeharretako bat. Hain zuzen, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak asteartean adierazi zuen institutu horrek «tresna» izan behar duela «sozialistak protagonista diren memoria historikoa eta gertukoa» lantzeko.

Gomezek, berriz, bere gain hartuko ditu, besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketaren inguruko lanak. Hark eta San Josek erabaki beharko dituzte Eugenio Etxebeste Justizia zuzendariaren eta Jaime Tapia espetxe arloko aholkulariaren ondorengoak. Izan ere, espetxeen egoerari erreparatzea izango du lan nagusietako bat: euskal presoen gradu progresioak, funtzionarioen lan egoera eta Zubietako espetxearen lehen urratsak, besteak beste.

Gomez abokatua da, eta Eusko Jaurlaritzarentzat lan egin du aholkulari eta zerbitzu juridikoetako letradu gisa. Azken lana, baina, Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko Etxebizitza ordezkari kargua izan du, Etxebizitza, Garraio eta Lurralde Antolaketa Sailean.

Etxebizitza

Itxasok apustu egin du lehendik saila ezagutzen duen norbaiten alde: Miguel de los Toyos izendatuko du Etxebizitza sailburuordea. Gaur egun, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordea da. Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak izendatu zuen. De los Toyos Zuzenbidean lizentziatua da, eta Eibarko (Gipuzkoa) alkate izan zen, 2008tik 2021era bitarte. Orain, etxebizitzaren auziari heldu beharko dio. Hain zuzen, afera hori izan da PSE-EEren eta EAJren artean tentsio une nabarmenak eragin dituenetako bat, Espainiako Etxebizitza Legea tarteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.