Alfredo de Miguel EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohia egunez kartzelatik atera ahal izanen da datorren astelehenetik aurrera, Vocento taldeak jakitera eman duenez. Hala, aholkularitza talde batean lan eginen du, eta iluntzean espetxera itzuli beharko da. De Miguel auzian zigortu zuten ABBko kide ohia, EAJk gobernatutako zenbait administrazioren kontratu publikoetan legez kanpoko komisioak kobratzeagatik eta prebarikazio delituagatik.
Joan den urteko uztailaren 6an sartu zen kartzelara, Espainiako Auzitegi Gorenaren Zigor arloak Arabako Auzitegiak jarritako zigorra jaitsi eta gero: hamahiru urte eta hiru hilabetetik, hamabi urte eta lau hilabetera —gehienez bederatzi urte betetzeko—. Handik urtebetera, 100.2 artikulua aplikatu diote, zeinak erregimen itxia moldatzeko aukera ematen duen. Arau hori zegatik aplikatu dioten ere azaldu du Vocentok: zigorragatik eskatzen zizkioten 186.000 euroak ordaintzea, eta arlo ekonomikoan delituak egin dituzten pertsonendako ikastaro bat burutzea. Auziko bertze bi zigorturi, Koldo Otxandianori eta Xabier Sanchezi, ere artikulu bera aplikatu diete.
Horrez gain, De Miguel kartzelaz aldatu dute. Orain arte Zaballan (Araba) egon da, baina orain Basauriko (Bizkaia) kartzelara eramanen dute. Izan ere, haren lantoki berritik hurbilago dago.
Erabakiak PP Alderdi Popularraren kritikak ekarri ditu. Javier de Andres alderdiko buruak sare sozialetan adierazi du EAJk «egunetik egunera PSOEren antz handiagoa» duela: «Orain neurri oso onuragarriak aplikatzen dizkiete beren ustelkeria kasuen erantzuleei. Bederatzi urteko zigorra jarri zioten, eta bakarra igaro du espetxean». Gainera, alderdiak jakitera eman du Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Joseri gaiari buruz galderak eginen dizkiotela.
Ustelkeria kasu handia
Euskal Herriko ustelkeria kasurik handienetakoa da De Miguel auzia. Arabako Probintzia Auzitegiak 2019an ebatzi zuen orduan epaitutako 26 lagunetatik hamabost zigortzea. Helegiteen ostean —hamahiru lagunek aurkeztu zituzten—, afera Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi zen. Hark zigorrik handienak berretsi zituen urtarrilean, eta bertze zenbait murriztu. Erraterako, De Miguel absolbitu zuen Zanbranako Udalean (Araba) ustez egindako trafiko-influentzia delitutik, eta Julian Sanchezen aurkako karguak bertan behera utzi zituen, haren aurkako froga nahikorik ez dagoela argudiatuta.
Halere, epaiak frogatutzat jo zuen hiru akusatu nagusiak —De Miguel, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria— ABBko buruzagi gisa zuten «influentzia politikoaz» eta udaletan eta EAEko administrazioan ardura postuetan zeuden hainbat pertsonarekin zuten «adiskidetasunaz» baliatu zirela obrak enpresa jakin batzuei adjudikatzeko, hainbat komisioren truke. Horretarako propio sortutako sozietateetan ezkutatzen zituzten komisio horiek, dirua zurituta. Hala, eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuak faltsutzea egotzi zieten.