Konponbideari begira

Alfonso Etxegarai deportatua Euskal Herrira itzuli da

Erbestean egin ditu 34 urte. Sortuk jakinarazi duenez, Sao Tome eta Principeko Errepublikako azken deportatua zen Etxegarai.

Alfonso Etxegarai eta haren bikotekide Kristian Etxaluz, San Tome uhartean. IPES
2019ko irailaren 30a
23:14
Entzun

Alfonso Etxegarai euskal deportatua Euskal Herrira itzuli da, erbestean 34 urte egin ondoren. Sortuk jakinarazi zuen Etxegarairen itzulera, atzo iluntzean, sare sozialetan zabaldu zuen mezu baten bidez. "Sao Tomen jada ez dago euskal deportatu politikorik. 41 urteren ostean, etxera itzuli da Alfonso Etxegarai erbestetik. Ongi etorri! Bat gutxiago!", adierazi du.

Sortuk adierazi duenez, Etxegarai izan da Sao Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoko azken deportatu euskal herritarra. Etxegaraik 1978an utzi behar izan zuen Plentzia (Bizkaia), bere bizitokia zena, eta Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes. Handik, Ekuadorrera estraditatu zuten, zazpi urte beranduago. Espainiako Poliziak bahitu eta torturatu egin zuen Quiton, Anjel Aldanarekin batera. 1986an, Ekuadortik Sao Tome uhartera eraman zuten, inolako epaiketatik gabe. Uhartetik irten ezinik, 33 urte eman ditu Etxegaraik, bere etxetik 7.000 kilometrora baino gehiagora.

Etxegaraik iazko maiatzean salatu zuen bere deportazioa "bahiketa politikoa" zela. Azaldu zuenez, Sao Tome eta Principeko agintariek erantzun izan diote bere etorkizuna Espainiaren mende dagoela, izapide administratiboak egiteko bazen ere: "Ez zen sententziarik egon, ez dut zigorrik bete... eta, 33 urteren ondoren, sine die deportatuta jarraitzen dut indarrez eraman ninduten herrialde batean, nire oniritzirik gabe eta oinarrizko eskubide zibil eta politikoak ukatuta".

Gaur egun, beste bederatzi euskal herritarrek jarraitzen dute deportatuta: hiru Kuban daude, bi Venezuelan, eta lau Cabo Verden.

Deportatuta egon den denboran, hainbat liburu idatzi ditu Etxegaraik. Regresar a Sara [Sarara itzuli], Hitzezko txalupak: Euskal Herria-Sao Tome gutunak 2010-2011 eta Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea duen 58ko gerra.

Josu Martinez eta Txaber Larreategi zinegileek Sagarraren denbora dokumentalean jaso zuten Etxegarairen eta haren bikotekide Kristian Etxaluzen bizimodua. Orain, Etxegarairen itzulera kontatzeko beste lan bat egingo dute, eta diru bilketa abiatu dute proiektua finantzatzeko.

Euskal iheslari politikoek gatazkaren konponbidean eragile aktiboa izateko borondatea adierazi zuten 2013ko ekainaren 16an, Miarritzeko Irati gelan egin zuten agerraldian. Ordutik, azken urteetan hainbat izan dira erbestetik Euskal Herrira itzuli diren iheslari eta deportatuak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.