Euskara. Jean Baptiste Coyos. Hizkuntzalaritzan doktorea

«Alferrikakoak dira ofizialtasuna eta legea euskaraz mintzo ez bagara»

Frantziako legediaren bilakaera eta hizkuntza gutxituek egunerokoan dituzten zailtasunak aztertu ditu Jean Baptiste Coyos hizkuntzalaritzan doktoreak liburu batean.

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Parisko Rene Descartes Unibertsitatean Hizkuntzalaritza Orokorreko doktorea da Jean Baptiste Battittu Coyos (Maule, 1952). 2010eko azaroaren 26an izendatu zuten euskaltzain oso, eta gaur egun Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kidea da. Coyosek parte hartu zuen, 1999an, Parisko Sorbonako Unibertsitatean Frantziako hizkuntza eta kultura gutxituak izenarekin egindako jardunaldietan. Hamar urte geroago, legediaren bilakaerari eta hizkuntza gutxituen egoerari buruzko bilduma osatu du.

Hamar urte pasatu dira Sorbonako jardunaldietatik. Geroztik egon diren lege aldaketen ondoren, sakoneko urratsik egin da?

1999ko jardunaldietan ospe handiko ikerlariek hartu zuten parte. Hamar urte geroago, orduan aipatutako gaien bilakaera aztertu behar genuela pentsatu dugu. Lau gai nagusi aztertu genituen: legeria —bereziki Frantziako Konstituzioan hizkuntza gutxituak Frantziako altxor gisa aipatzea 75.1 artikuluan—; estatuaren eta tokiko erakundeen eginkizuna; hedabideen eta gizarte eragileen funtzioa, hizkuntza bizi publikoan kokatu eta suspertzerakoan. Topaketa horretan ospe handiko hizlariek hartu zuten parte, horien artean Xabier North frantseserako eta Frantziako hizkuntzetarako ordezkariak eta Guy Carcassonne lege adituak.

Zer zioten orduan eta zer aldatu da?

Legeria errespetatuz gauza anitz egin zitezkeela zioen Northek. Sozialistek Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetu zuten, baina ez berretsi. Izan ere, Frantziako Konstituzio Batzordeak jakinarazi zuen itun horretako hainbat puntu eta Frantziako Konstituzioa ez zirela bateragarriak. Horregatik ez zuten berretsi. Alta, orain hauteskunde garaian sartzen gara. Irabaziz gero, sozialisten hautagaiak erran du berretsiko dutela Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna. Horretarako, konstituzioa aldatu beharko dute, edo emendakin batzuk egin. Euskal Herrira ekarriz, gogoeta horrek bat egiten du Garapen Kontseiluaren barruan Paxkal Indo Seaskako lehendakariak eta Max Brisson kontseilari nagusiak egindako oharrekin.

Zein dira bi ildo horiek?

Batetik, erran dute eskariaren araberako politika gainditu behar dela eta botere publikoek sortu behar dutela eskaintza hezkuntzan. Orain borondatean oinarritzen da hezkuntzaren eskaintza, gurasoen eskariaren ondoren. Hezkuntza elebidunaren eskaintza orokorra antolatzea da sortu den ideia berria, eta pentsatzen dut ideia hori mahai gainean egonen dela Hautetsien Kontseiluaren eta Garapen Kontseiluaren bilkuretan. Bigarren pista garrantzitsua litzateke Ipar Euskal Herria esperimentaziorako lurralde gisa ikustea, euskararen irakaskuntza indartzeko. Urrats bat da, oraingo egoerari konparatuz. Euskararen Erakunde Publikoa eredu gisa erakusten dute Frantzia osoan, gainerateko eskualdeei erranez harrigarria dela egin den lana. Guk badakigu urrats bat izan dela, baina ez gehiago. Hizkuntza nagusi bat dugu, frantsesa, eta mehatxaturik den hizkuntza, euskara.

Noiz agertu zen liburua?

Joan den urte bukaeran moldatu genuen liburua, eta orain garrantzi berezia hartu du, martxoaren 31n eginen baita Deiadar manifestazioa. Parada dugu, beraz, aipatzeko.

Legean deus gutxi aldatu da. Euskarak ez du aldeko legerik eta konstituzioko aipamenak ez dio aitortzarik ematen.

Ez. Frantziako Konstituzioan egindako aipamenak ez dio neholako ofizialtasunik eman euskarari. Ofizialtasuna eskuratu ondoren ere, gauzak ez dira konponduko keinu batekin. Hala ere, lagungarri izanen da. Hizkuntza biziarazteko baldintza anitz bete behar dira. Ofizialtasun mota anitz daude. Espainian ez da Alemanian bezala. Gure auzo diren herriek urrats hori egin dute, guk egin ez duguna. Euskararen ofizialtasuna eta legea aldarrikatuko dira Deiadarrean. Lan egin beharko dugu maila guztietan. Herritarrak euskaraz mintzo ez badira, alferrik dira ofizialtasuna eta legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.