Euskarafobia

Alesbesko Udalak kartelak zentsuratu ditu euskaraz ere egoteagatik, salatu dutenez

Navarra Sumako alkateak galarazi egin dio Udaleko Emakumeen eta Berdintasunaren Zinegotzigoari kartel elebidunak argitaratzea, herria «eremu ez-euskaldunean» dagoelako, salatzaileen arabera.

Zentsuraturiko kartela, Alesbeseko Ezkerreko Alderdi Independentearen arabera. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2022ko martxoaren 10a
17:02
Entzun

Alesbesko (Nafarroa) Ezkerreko Alderdi Independenteak salatu duenez, herriko udalak kartelak zentsuratu egin dizkio, euskaraz ere bazeudela argudiatuta. Alderdi horrek kudeatzen du udaleko Emakumeen eta Berdintasunaren Zinegotzigoa, eta ezin izan ditu kartel elebidunak argitaratu, Maria Carmen Segura alkatearen «zentsura» dela-eta, salatu dutenez.

Alderdiak azaldu duenez, zinegotzigoak prestaturiko hainbat ekitaldi iragartzeko kartelak argitaratu asmo zituzten, «betiere, elebitan, euskaraz eta gazteleraz, Foru Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan». Gaineratu dutenez, alkateak esan die ezin dutela kartel elebidunik egin Udalaren izenean, «Alesbes eremu ez-euskaldunean dagoela argudiatuta».

Taldeak gogoratu du Euskararen Legearen arabera, Alesbesen administrazioak euskara erabiltzea ez dela derrigorrezkoa, «baina ez dago hori egitea galarazten duen araurik». Beraz, kartelak elebitan jartzeak ez du legerik hausten, esan dutenez.

«Autoritarismo erakustaldi bat da, eta euskararen aurkako gorroto erakustaldi bat, Nafarroako ondasunik baliotsuenaren kontra».

Gogoratu dute azken boladan auzitegiek ebazpenak eman dituztela gorroto delituarengatik. Esan dutenez, ez daude prest men egiteko. «Euskara arbuiatzen, Nafarroaren zati handi bat arbuiatzen dute».

Koldo Martinez Urionabarrenetxea Geroa Baiko senatariak sare sozialetan salatu du gertaturikoa. «Sinesgaitza baina egia! Hau gertatzen da XXI. mendeko Nafarroan. «Eta alkate anderea orain gutxira arte UPNko parlamentaria izan zen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.