Iganderako haizete bortitzak espero dira, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du Araban eta Bizkaian. Igandeko goizeko seietan sartuko da indarrean, eta egun guztian eutsiko zaio alerta egoerari. Haizeguneetan boladek orduko 120 kilometrotik gorako abiadura hartu dezaketela ohartarazi du Segurtasun Sailak. Eta gainerako tokietan ere abisu horia ezarri dute, orduko 80 kilometrotik gorako abiadura har baitezake haizeak. Hori dela eta, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek bertan behera utzi dituzte kanpoan egitekoak ziren eskola kiroleko jarduera guztiak egun horretarako.
Haizeterik zakarrenak iganderako espero dira, baina gaur ere indartsu dabil hego haizea Euskal Herrian. Galeako puntan (Getxo, Bizkaia), orduko 114 kilometroko abiadura hartu du haizeak gaur goizean. Goizean abisu horia sartu da indarrean Bizkaiko haizeguneetan, eta orduko ehun kilometrotik gorako boladak neurtu dituzte zenbait gunetan; besteak beste, Galean, Trapagarango Zugaztieta auzoan —orduko 108 kilometro—, Matxitxakon eta Karrantza Haranean —bietan orduko 104 kilometro—. Era berean, haize bolada bortitzengatik, gaur arratsaldetik abisu horian daude Nafarroako iparraldea, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa.
Oraingoz, haizeteek ez du kalte larririk eragin. Goizean, Loiuko aireportuan (Bizkaia) lur hartzekoak ziren bi hegazkin desbideratu behar izan dituzte Gasteizera. Gainera, Euskotren zerbitzua etenda egon da, Mendaro eta Deba artean (Gipuzkoa) zuhaitz bat erori delako.
Bihar goizerako bertan behera geratuko dira haizeagatiko abisuak Hego Euskal Herrian, baina Ipar Euskal Herrian indarrean jarraituko du arratsaldeko laurak arte.
Bestalde, gauerdian, olatu handiengatik abisu horia jarriko dute indarrean Lapurdiko kostaldean; ordu batzuk geroago, bihar goizeko seietan ezarriko dute abisu bera Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean. Arratsaldeko hiruretan bertan behera utziko dituzte abisu guztiak.
Urakanak aztertzen dituen hegazkina
Britaniar uharteen gainean dabilen Eowyn ekaitzaren eraginez iritsi dira haizeteak Euskal Herrira. Bada, ekaitz hori ikertzen ari den hegazkin bat ere iritsi da. Loiuko aireportuan igaro du gaua AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren Lockheed P-3 Orion abioiak. Atzo arratsaldean lur hartu zuen Loiun, eta gaur arratsaldean aireratu da berriz Shannonera bidean (Irlanda). Eowyn ekaitzarengatik alerta gorrian daude Britainia Handia eta Irlanda.
Hegazkina AEBetako Gobernuaren menpeko NOAA Ozeanoen eta Atmosferaren Elkarte Nazionalak erabiltzen du. Urakanak ikertzea da abioiaren funtzio nagusia. Urakanean barneratzen da, eta han, zientzialariek zunda batzuk erabiltzen dituzte, depresio atmosferikoaren abiaduraren, indarraren eta norabidearen datu zehatzak lortzeko.