Haizeteak arazo ugari ekarri ditu, batez ere Bizkaian

Araban eta Bizkaian ezarritako alerta laranja bertan behera utzi dute, baina alerta horiari eutsi diote. Loiuko aireportuan lur hartu behar zuten hiru hegaldi desbideratu dituzte. Araban eskola kirola debekatu dute.

Hegazkin bat Loiuko aireportuan, gaur goizean. LUIS TEJIDO / EFE
Hegazkin bat Loiuko aireportuan, gaur goizean. LUIS TEJIDO / EFE
Olatz Silva Rodrigo - Gotzon Hermosilla
2025eko urtarrilaren 8a
16:45
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja ezarria zuen 15:00ak arte Arabako eta Bizkaiko haizeguneetan. Epe hori igarota, bertan behera utzi dute abisua, baina alerta horiari eutsi diote, gauerdira arte. Aurreikusita zegoen gune haizetsuetan orduko 120 kilometroko haize boladak izatea, eta iragarpenak bete egin dira, Bizkaiko kostaldean haizeak orduko 175 kilometroko abiadura ere hartu baitu. Abisu horia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetarako aktibatuta dago, eta Nafarroako zati batean eta Ipar Euskal Herrian ere abisu horia ezarri dute.

Kostaldean ibili da haizea indartsuen. Matxitxakon (Bizkaia), orduko 175 kilometroko haize boladak izan dira, eta Galeako puntan (Getxo, Bizkaia), 155 kilometrokoak. Gipuzkoako kostaldean ere gogor jo du: orduko 106 kilometroko abiadura hartu du Zarautzen, 104koa Jaizkibelen, eta 102koa Santa Klaran.

Barneko aldeari dagokionez, orduko 142 kilometroko haize boladak izan dira Urduñan (Bizkaia), 127koak Zugaztietan (Trapagaran, Bizkaia), 98koak Zaldiaran mendian (Araba) eta 96koak Kapilduin (Araba).

Arazoak hegaldietan

Haizeak eragina izan du Loiuko aireportutik abiatzekoak ziren eta hara iristekoak ziren hegaldietan. Adibidez, gaur goizean bertan lur hartu behar zuten hiru hegaldi desbideratu behar izan dituzte. Bartzelonatik zetorren bat, Sevillatik (Espainia) beste bat, eta Londrestik hirugarrena. Azken hori Bartzelonara desbideratu behar izan dute.

Atzo ere izan ziren gorabeherak aireportuan; hiru hegaldi desbideratu zituzten. Bi hegaldi Madrildik zetozen; hirugarrena, berriz, Frankfurtetik. Madrilen hartu zuten lur hirurek. Hortaz, Loiutik atera behar zuten bueltako hiru hegaldiak bertan behera utzi zituzten.

Haizeteak arazo ugari ekarri ditu, nahiz eta munta txikikoak izan: adarrak, zuhaitzak edo hiri altzariak erortzearen ondorioz sortutakoak izan dira gehienak, eta ez da inor zauritu. Erandion (Bizkaia) suhiltzaileek esku hartu behar izan dute zuhaitz bat erori delako, eta Bilbon ere jausi egin da eraikin batean zegoen aldamioa. Gipuzkoan, berriz, Euskotrenen zerbitzua eten egin dute Mendaro eta Deba artean, zuhaitz bat trenbidera erori delako, baina 14:00etarako konponduta zegoen arazoa.

Arazo gehienak Bizkaian izan dira. SOS Deiak larrialdi zerbitzuak jakinarazi duenez, 15:00ak arte Bizkaian 106 gorabehera egon dira haizetearen ondorioz. Gipuzkoan, berriz, 31 intzidentzia zenbatu dituzte denbora tarte horretan, eta Araban, hiru.

Haizeak gogor jo zuen atzo ere Araban eta Bizkaian. Izan ere, abisu horia ezarri zuten bi lurraldeetan. Hori ikusita, Arabako Foru Aldundiak erabaki zuen eskola kirola bertan behera uztea, gaurko 15:00ak arte. Ordu horretatik aurrera, mendian, itsaslabarrean edo antzekoetan egiten dituztenak soilik debekatu dituzte.

Bestalde, haizeak gorabeherarik eragin ez zezan, Gasteizen hainbat parke itxi dituzte. Gutxienez eguerdira arte, herritarrak ezin izan dira sartu parke hauetan: Arriagakoan, San Martinen, Floridan eta Pradon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.