Euria erruz ari du Euskal Herrian. Erakundeak neurriak hartzen ari dira, uholde arriskua baitago. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du. Gaurko eta biharko da. Metro koadroko 80-40 litro euri pilatu daitezkeela ohartarazi dute, eta arazoak eragin ditzakeela horrek. Arabako urtegietan, besteak beste, neurriak hartzen hasi dira. Nafarroako Babes Zibilerako eta Larrialdietarako Zerbitzuak ere larrialdietarako plan berezia ezarri du, uholdeak egon daitezkeelakoan. Meteorologoen iragarpenen arabera, 100-120 litro ere pilatu ahal izango dira zenbait tokitan.
Getxon (Bizkaia), bestalde, propio erakunde arteko mahai bat jarri dute martxan egoerari tentuz erreparatzeko, eta udalak aholku eman die herritarrei: aire zabaleko kirol jarduerak ez egiteko, eta muinoen gainetan-eta badabiltza kontuz ibiltzeko. Adaxkak-eta ere eror daitezkeela ohartarazi dute, eta eskatu dute erretiratzeko badaezpada urak eraman ditzakeen objektu eta antzekoak eraikinen kanpoaldeetatik.
Nafarroan, bereziki, Aragoi, Arakil, Larraun, Ultzama eta Arga ibaien arroetara begira egongo dira larrialdi zerbitzuak. Iruñean, zer gerta ere, uholdeak izaten diren toki ohikoenetatik ibilgailuak erretiratzeko eskea egin diete udaltzainek herritarrei.
Bereziki kezka eragin du Aragoi arroak. Azken egunetan izandako euriteen ondorioz, Esa urtegiaren %94,6 beteta dago. Nahiz eta azken egunetan hustu egin den, igande gauean 14 hektometro kubiko jaso ditu, oso kopuru handia. Haren ur maila 424 hektometrora heldu da eguerdian.
Eguraldi iragarpenarekin batera, adi ibiltzeko abisua eman du Frantziako Gobernuak ere Ipar Euskal Herrian, itsasoa zakar ibiliko delakoan.
Elurra eta haizea
Elurra ere ari du, gainetan. Nafarroako Gobernuak alerta laranja ezarri du, 1.100 metroan elurra naro egitea espero baita: baliteke 30 zentimetroko geruza osatzea. Errepideetan adi ibiltzeko eskea egin du. Abisu horia eman du Jaurlaritzak. Araban espero dira elur prezipitaziorik jorienak: 700-800 metroan elurra egin dezakeela iragarri dute. Haizea ere zakar dabil, eta toki haizetsuenetarako ere abisu horia eman dute.
Itsasora begira ere, ohartarazpenak. Abisu horia eman dute, kostan nabigatzea arriskutsua izango delako, eta alerta laranja olatu handiengatik. Apurka, bihar egunak aurrera egin ahala arrisku horiek apaltzea espero da.
Eguraldi zakarraren ondorioz gorabeherak izan dira gaur Loiuko aireportuan (Bizkaia). Frankfurtetik heldu zen hegaldi bat Madrilera bideratu behar izan dute, eta hainbat atzerapen izan dira.