Atzo arratsaldeaz geroztik, alerta egoeran da Euskal Herria, haize ufada handiengatik eta olatu zakarrengatik. Gaur ere alerta horia ezarria dago haizeteagatik, eta laranja kostaldean, olatu handiengatik. Bihar ere itsasoa harrotzeko arriskua dago, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du, litekeena baita sei-zazpi metroko olatuak altxatzea.
Hego-mendebaldeko haizeak orduko 100 kilometroko abiadura gainditu zuen atzo Arabako eta Bizkaiko hainbat gunetan, eta iluntzerako alerta laranja ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian abisu horia ezarri zuten haizeagatik, eta gaur erebizi-bizi ibiliko dela iragarri dute.
Haizeagatik ez ezik, euriagatik ere alerta eman dute. Gaur, Nafarroako ipar-ekialdean abisu horia ezarriko dute 18:00ak arte, euriagatik, aurreikusi baitute hamabi orduan 40 mililitro pilatuko direla. Ipar Euskal Herrian ere abisu horia ezarri du Meteofrancek, euriagatik eta ekaitzengatik.
Itsasoa ere zakar ibiliko dela iragarri dute, eta kostaldean erne ibiltzeko eskatu dute, olatuengatik. Kostaldean 4-5 metroko olatuak espero dira goizean, eta zazpi metrokoak eguerditik aurrera. Itsasoak ez du baretzera joko bihar, eta olatu zakarrak iragarri dituzte, gutxienez, 21:00ak arte.
Kostaldeko arriskua dela eta, hainbat neurri hartu zituzten atzo hainbat udalerritan, eta hondar zakuak jarri zituzten pasealekuetako eraikinak eta beste babesteko. Era berean, itsasontzirik ez erabiltzeko eta uretako kirolik ez egiteko eskatu zuten.
Parkeak, itxita
Denboralea dela eta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat udalek segurtasun neurriak ezarri dituzte, eta, besteak beste, parkeak eta espazio publikoak itxi dituzte. Hiriburuei dagokienez, Gasteizko Udalak larrialdi plana aktibatu zuen atzo, eta ohiko parke, lorategi eta pasealekuak ixtea agindu; Donostian, Kristinaenea parkea eta Ingurumen Baliabideen Etxea itxi zituzten, eta gauribilgailuek eta oinezkoek debekatua izango dute Pasealeku Berritik ibiltzea. Bilboko Udalak ez du aparteko neurririk hartu, baina leihoak ixtea, aldamioak eta garabiak segurtatzea eta ahal den neurrian errepidean ez ibiltzea aholkatu du.
Alerta egoeran dago Euskal Herria, haizete eta olatu handiengatik
Haize bortitza eta olatu handiak espero dira gaurko eta biharko. Baliteke zazpi metroko olatuak altxatzea, eta alerta laranja ezarri dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu