Lurra sareak alegazio bat jarri dio Solariaren eguzki plaken parke baten proiektuari: Santurtzi Solar 1 proiektuari. Lurra sarearen esanetan, lege iruzurra egin du Solaria energia berriztagarrien promotoreak, argindarra garraiatzeko linearen %8,5 soilik analizatzeagatik. Bestalde, ingurumen inpaktuaren txostenean «hutsune handiak» daudela ere azaldu du, eta proiektuak promotoreari itzultzeko eskatu, 21/2013 legea urratzen ez duen proposamen bat egiteko.
Argindarra ekoizpen puntutik (Argantzon, Trebiñu, Araba) Santurtzira (Bizkaia) garraiatzeko linean dago Lurrak salatu duen lege iruzurraren gakoa. Izan ere, 88 kilometrotik gorako linea egin beharko dute ekoitzitako energia hori garraiatzeko, baina, Lurraren arabera, Solariak proiektuak «zatitu» ditu, 88 kilometroetatik 7,5 km soilik aztertzen baititu dokumentuak, linea osoaren %8,5 besterik ez.
Azaldu dutenez, linearen gainontzeko zatia komuna izango da Solariaren beste hiru proiekturentzat ere, Zierbena Solar 2, 3 eta 4 proiektuentzat, eta horregatik aztertu dute dokumentuan soilik 7,5 kilometroko partea. Lurrak uste du batera tramitatu beharko litzatekeela dena, eta horren eskumena Espainiako Gobernuarena izango litzatekeela nabarmendu du. Zatiketa hori dela-eta Solariak inpaktu bateratuen azterketa saihestu duela azaldu du sareak.
Horrez gain, 88 kilometro luze den linea baten alternatibarik ez dela ikertu salatu du Lurrak: «Proiektuak ez du beharrezko justifikaziorik, ez direlako alternatiba posibleak aztertu 88 kilometroko tentsio handiko linearik ez eraikitzeko. Onartezina da Santurtzitik gertuago dauden kokalekuak ez aztertzea».
Solariak beste lege iruzur bat ere egin duela adierazi du Lurrak, sektore elektrikoaren 24/2013 legean zehazki, ebakuazio linea gisa tramitatu baita taldearen ustez «garraio linea» bat dena. Izan ere, garraio lineak egitea REE Espainiako Sare Elektrikoaren eskumena da.
Inpaktu txosten «eskasa»
Santurtzi Solar 1 proiektuaren ingurumen inpaktu txostenak konponezinak diren «ezberdintasun handiak» dituela ere kexu da Lurra, batez ere landarediaren, faunaren, babestutako guneen eta bestelako gaien inguruan. «Dokumentuan aurkitutako urritasunek galarazi egiten dute proiektuaren inpaktuen ikerketa egokia egitea, babestutako espezieetan eta faunan zenbateko inpaktua izango duen jakiteko. Europako bisoia da espezie horietako bat, galtzeko arriskuan baitago: Natura 2000 sarean jasota dago, eta Zadorra ibaiko kontserbazio bereziko eremuarekin lotuta.
Proiektu gatazkatsuak
Solariaren proiektua haserrea sortzen ari da Arabako hainbat eskualde eta herritan. Politikariak ere ez daude ados, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak —EAJ— behin baino gehiagotan kritikatu baititu parke fotovoltaiko batzuk, «bideraezinak» direlakoan.
Uztailean,hamasei elkartek 50.000 alegazio bildu zituzten proiektu horien aurka, eta urriaren 26an manifestazio bat egitekoak dira Solariaren asmo horien aurka, Gasteizen. Bada, Zigoitiko (Araba) hainbat lur jabek Solariaren «jazarpena» salatu zuten, lurrak saltzeko presioa egiten ari omen baita Zierbena Solar 3 proiektua egin nahi duen eremuan. Hala ere, enpresak babes gutxi duela nabarmendu zuten.