Bota dute kargutik Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatua. EAJk, PSE-EEk eta PPk aurkeztutako zentsura mozioak aurrera egin zuen atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan, hiru alderdi horietako batzarkideen botoekin. Kargugabetzea gorabehera, aldundian egindako lanarekin «oso harro» agertu zen Alduntzin, hondakinen auzia konpontzeko bidea jarri duelakoan: «Badago plana. Estrategia egokia, ona, Europako adituek idatzia, eta erdiprezioan, gainera». Zaborrak ez, joko politikoa dago mozioaren atzean, haren ustez. Argi esan zuten PSE-EEk eta PPk: diputazio osoaren aurka jo nahi dute. «Martin Garitano jauna: segitu harrokeria horrekin, kultura eta jardunbide demokratikoak gutxiesten, eta ikusiko duzu nola aldatu beharko duzun eserlekua berandu baino lehen». Juan Carlos Cano PPko eledunak egin zion oharra. EAJk, oraingoz, baztertu egin du Garitano kaleratzea, baina jarrera «aldatzeko» eskatu dio.
Tentsio handiko saioa izan zen atzokoa. 09:30erako zuten hitzordua Batzar Nagusietan, eta jendetza batu zen lehenagotik. Sarreran, erraustearen aurkako taldeko kideak, haize errota itxurako afixekin; barrurago, Bilduko alkate eta hautetsi hainbat. Txaloka hartu zuten Alduntzin; Garitano ahaldun nagusiarekin eta foru diputatuekin batera joan zen. Han izan ziren Pello Urizar (EA), Oskar Matute (Alternatiba) eta Joseba Permach (ezker abertzalea) ere.
Bilkura hasi aurretik hasi ziren ika-mikak. Mozioa batera aurkeztu dutenez, hitzaldia batean egiteko agindu zien Lohitzune Txarola Batzar Nagusietakopresidenteak EAJri, PSEri eta PPri; hiruren artean denbora banatu nahi zuten haiek. Mahaia egoera aztertzeko bildu zuten bilkura aurretik, baina ez zuten Txarolaren iritzia aldarazi; arauetan oinarrituta, batek hitz egin behar zuela erabaki zuen. Bilkura atzeratu zuten gorabehera horiek, 10:05 arte. Are, Xabier Ezeizabarrenak (EAJ) uko egin zion hitzaldia egiteari, hirurei hitz egiten utzi ez zietelako.
Benetako jarduna, beraz, Alduntzinek berak hasi zuen. Diskurtso landua eraman zuen, hemerotekako erreferentzia ugarirekin. Irmo aritu zen, «eta haserre». Mozioa aurkeztu duten alderdiei eskatu zizkien kontuak, atzera begira jarrita. Argudio nagusia: 2007an, hondakinen plana taxutzeko, diputazioak mankomunitateekin sinatu zuela ituna, Batzar Nagusiak kanpoan utzita. Hori da auziaren muina orain ere: oposizioak orain dio Batzar Nagusietan erabaki behar dela; aldundiak, udalek dutela eskumena.
Adostasuna behar dela behin eta berriro nabarmendu zuen hitzaldian Ingurumen diputatuak. «Hondakinen kudeaketak adostasun zabala behar du, gehiengo desberdinak errespetatuko dituen adostasuna, baina, batez ere, kudeaketaren eskumena duten udalen nahia errespetatzean oinarrituko den akordioa». Hori ez dute nahi orain, ordea, oposizioko alderdiek, Alduntzinen esanetan. «Batzar Nagusietan daukazuen gehiengoa erabiliz, zuen eredua inposatu nahi duzue», aurpegiratu zien hiru taldeei. Herrietan «gatazka elikatzea» ere leporatu zien.
Inposaketa hartu zuten ahotan batzuek eta besteek. Foru aldundiak «inposatu» nahi du plana, EAJk, PSEk eta PPk ohartarazi zutenez. «Gutxiengo batek parlamentuko gehiengoari bere nahia inposatzea soilik falta zitzaigun», adierazi zuen Ezeizabarrenak.
Mozioaren eraginari begira
Aldundiaren plana gutxietsi egin zuten hiru taldeek. «Atzerapausoa» da, PPren esanetan; sozialistek uste dute «kontrolik eta ziurtasunik eza» eragin duela Gipuzkoako Diputazioak; EAJk areago egin zuen, eta «sineskeriatzat» jo zuen Zero Zabor politika: «Lelo bat besterik ez da. Ezinezkoa da. Hondakinak ez dira desagertzen».
Zaborren kudeaketak ekarri du zentsura mozioa, baina eragin handiagoa du. Alduntzinek berak salatu zuen Bilduren aurkako «frentea» osatzeko hartu dutela elkar EAJk, PSEk eta PPk. «Herrigintzan ez, alderdigintzan ari dira». Garitanok berak, diputatuari babesa emateaz bat, hori bera esan zuen: «Ageri-agerian geratu dira EAJk, PSEk eta PPk osatzen duten troika horren ezintasunak. Agerian geratu da hondakinen kudeaketa ez dela zentsura mozioaren arrazoia». Bilduko batzarkide eta Oñatiko alkate Mikel Biainek egoera argitzeko eskatu zien hiru taldeei: Bilduren aurka zer gehiago egingo duten esateko. Hori galdegin zuen Aralarrek ere.
PSEk eta PPk argi utzi zuten Alduntzin botatzea lehen pauso gisa ikusten dutela. Garitanori hitz egin zioten zuzenean. Mikel Duran, PSE: «Ahaldun nagusi jauna: zure gobernuak ezin du jarraitu Batzar Nagusiak mespretxatzen. Honaino heldu gara». Diputazioa aldatu nahi dute sozialistek, baita udalak ere. EAJri eta PPri zabaldu diete eskua: «Gehiago da batzen gaituena urruntzen gaituena baino». Mugimenduak hasita daude: Lasarte-Orian, mankomunitateko ordezkaria aldatzeko mozio bat aurkeztu zuten atzo bertan hiru taldeek; Bilduko kidea kenduko dute. Donostian ere berdin egitekotan, gehiengoa lortuko lukete San Marko mankomunitatean.
Garitanoren aurkako mozioak ez dauka, ordea, EAJren babesik. Jeltzaleek ez dute asmorik Bilduren aurkako «frenterik» osatzeko. «Hala aritu izan bagina, Garitano ez zen ahaldun nagusi izango, eta ez zuen aurrekonturik edukiko», esan zuen Ezeizabarrenak. Hori bai, hark ere aitortu zuen zentsura mozioa ez dela soilik Alduntzinen aurkakoa: «Xede pedagogikoa du, Bilduk jarrera aldatzeko».
Hunkituta utzi zuen kargua Alduntzinek. Txalo artean atera zen Batzar Nagusietatik, Pasaiako alkateak sanferminetako zapia jarrita; aurrez, hitzaldia amaitu ezinik geratu zen, emozionatuta. Etzi emango du Garitanok ordezkoaren berri. Aurrez, gaur dute hitzordua: protesta dute Donostian, 17:30ean, mozioa salatzeko.
Alduntzin bota ondoren, Garitanori egin diote abisu oposizioko taldeek
Gipuzkoako Ingurumen diputatua botatzea onartu dute EAJk, PSEk eta PPk, bat eginda; «oso harro» doala erantzun die AlduntzinekPSE eta PP prest daude ahaldun nagusia ere kentzeko; EAJk ez du «frenterik» osatu nahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu