EH Bilduk Gipuzkoan gehiago hazteko tartea duela ziurtatu du koalizioko lurraldeko arduradun Nekane Zinkunegik (Errezil, Gipuzkoa, 1990). Euskararen defentsan foru gobernuaren «bidelagun» izateko prest dago EH Bildu, baina akordioetarako «borondatea eta aldartea» eskatu dio aldundiari.
Pello Otxandianoren anaia Aritzen aurkako erasoa dela eta, hausnarketarik egin du EH Bilduk?
Harriduraz hartu dugu, hein batean. Ez dago argi nork egin duen eta arrazoiak zein diren. Aritzek berak aipatu du energia berriztagarrien inguruko bere posizioak ekarri dizkiola mehatxuak, baina orain mugak gainditu dituztela. Gure aldetik, elkartasuna adierazi nahi diogu, eta horrelako jarrerak intoleranteak direla nabarmendu.
EH Bildu energia berriztagarriak zabaltzearen alde dago. Berretsi egiten duzue apustu hori?
Gure apustu politiko bat da, eta, orain, nola zabaldu behar diren galderari erantzun behar zaio. Berandu egiten ari da eztabaida hau; ehunka proiektu daude izapidetzeko tramitean; anabasa da, eta oraindik ez dute onartu behin betiko lurralde plan sektoriala; eta, beraz, ez dago argi zenbat proiektu izango diren bideragarriak.
Zergatik egin behar da berriztagarrien alde orain?
Herri honen ongizate mailaren oinarrian industria dago: hark bermatu du aberastasuna sortzea zerbitzu publiko indartsuak edukitzeko. Industria herrialde bat izateko apustua egiten dugu, eta horrek energia kontsumo intentsiboa egitea dakar. Horri gehitzen badiogu CO2 isurien murrizketa egin behar dela, emaitza da energia iturri berriztagarrien trantsizioa egin behar dela. Baina modu ordenatuan egin behar da, eta ingurumenean ahalik eta kalte gutxien eginez.
EH Bilduren hiru zinegotzik dimisioa eman dute berriztagarrien proiektu bat dela eta. Gai hori ez da oinarrien artean tirabirak sortzen ari?
Tokian-tokian halako azpiegitura handiek ezinegon soziala eragiten dute, eta erreakzioa zilegia, ulergarria eta gizatiarra da. EH Bilduren alkatetzetan nabaria da, eta beste batzuenetan ere bai. Eskumena duten erakundeek aurretik egin gabeko etxeko lanak daude erreakzio horren atzean, hartu ez dituzten ardurak, eta anabasa dugu aurrez aurre. Fokua, ordea, tokiko erakundeetan jartzen ari dira, eskumenik gabeko erakundeetan alegia.
Gipuzkoan lehen indarra zarete, baina oposizioan zaudete. Itun handirik ez duzue egin foru gobernuarekin. Oposizio gogorra egiten ari zarete?
Oposizio arduratsua egiten ari gara, zorrotza EAJ eta PSEren gobernantza moduarekin. Gutxiengoan gotortuta daude, noraez antzeko batekin. Gutxiengoan gobernatzea zilegi den arren, gutxiengoan egonik eduki duten lankidetzarako borondate eta aldarte handiagoa erakutsi behar da. Eskuin muturra ez den gainerako alderdiekin akordioak egiteari ez dio aterik ixten EH Bilduk, baina edukietan dago gakoa.
«Poztu ginen Bizkaian ez bezala Gipuzkoako EAJk bat egin duelako euskararen aurrerabiderako beharrezkoak diren aldaketa juridikoak egiteko bultzadarekin. Hor bidelagun izango gaituzte. Baina atzerapausorik ez dugu onartuko»
EH Bilduk badu tarterik Gipuzkoan 2023ko bozetan lortutako emaitzak hobetzeko?
Bai. 2023ko udal eta foru bozetan langa bat hautsi genuen, eta geroztik egon diren hauteskunde guztietan lehen indarra izan gara, boto portzentajea hobetuz eta bigarrenarekiko aldea handituz. 88 udalerrietatik 51n gobernatzen dugu, eta gure proiektua gehiago errotzen ari gara eremu askotan. Indargune hori baliatuta, emaitzak hobetu ditzakegu 2027an, eta aldundian gobernatzeko jauzia egin.
Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak eskatu du «denak eskutik» joatea euskara babesteko ekimenean. EH Bildu prest dago elkarlanerako?
Euskararen defentsan ez genuke atzerapausorik ikusi nahiko. Hala adierazi diogu foru gobernuari, eta poztu ginen Bizkaian ez bezala Gipuzkoako EAJk bat egin duelako euskararen aurrerabiderako beharrezkoak diren aldaketa juridikoak egiteko bultzadarekin. Hor bidelagun izango gaituzte. Baina atzerapausorik ez dugu onartuko. Udal legeak izan duen kolpea kontuan hartuta, aterki orokor batean bermatu beharko litzateke defentsa, oldarraldiari zirrikituak itxita. Eusko Legebiltzarrean badago zeregina.
Estatus berriaren edukiari dagokionez, gradualki aritzeaz hitz egiten du EH Bilduk onartu berri duen txosten politikoan. Gipuzkoako oinarri independentistenak ulertuko dute estrategia hori?
Gure kongresuaren emaitzei erreparatuta, ildo politikoarekiko kohesioa erabatekoa izan da. Parte hartze maila eta proposamenek lortu duten babesa ikusita, Gipuzkoako oinarriek ere babestu dute zuzendaritzaren ildoa eta hartu diren erabakiak. Nahiko argi definitzen dugu argi luze eta motzekin ikusi nahi dugun argazki hori. Euskal Herriko errepublika konfederalak definitu du gure ortzi muga, gure helburu estrategikoa. Bide horretan egin daitekeen aurrerapauso oro baliatzeko hautua egin dugu. Gradualismoaren aurrerapauso horietako bat izango litzateke estatusaren bueltan dauden elkarrizketak eta balizko akordio bat.
Ez dago kontraesanik orduan?
Gure ustez, ez daude kontrajarriak pausoak emanez joatea eta helmuga argi edukitzea.
Independentziaren aldeko hautuak inoizko babesik apalena du, aldiro egiten dituzten galdeketen arabera, baina EH Bildu inoiz baino gehiago hazten ari da. Nola azaltzen duzu egoera hori?
EH Bilduk argi dauka bere sen independentista, eta, hori horrela izanik, geroz eta jende gehiagok babesten gaitu. Independentismoa ahul dagoela dioen tesiaren aldean, bada beste tesi bat: autogobernu handiagoz hobeto bizi gaitezke. Uste hori gero eta jende gehiagok babesten du, eta EH Bilduk asmatu egin du pedagogia soziala egitean azalduz burujabetzak ongizate handiagoari bide egin diezaiokeela. Autogobernu handiagoaren tesira batzen ari da jendea, eta EH Bildurekiko konfiantzara.