Iñaki San Andres. ELAko ordezkaria Bizkaibusen

«Aldundia gezurretan ari da; iaz sinatu zuen akordioa oso argia da»

Bizkaibuseko grebak aurrera jarraitzen du, eta sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiaren deiaren zain daude erakundearen proposamena ezagutzeko; iaz sinatutako akordioa betetzeko eskatzen dute.

gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Egunotan, posta elektronikoari adi dabil Iñaki San Andres (Bilbo, 1973). Bide horretatik iristen zaizkio Bizkaiko Foru Aldundiaren mezuak, eta joan den astelehenean izandako bileraren ostean, aldundiak beste bilera batera noiz deituko zain daude sindikatuetako ordezkariak. ELAk Bizkaibusen duen arduraduna da San Andres; iaz lorturiko akordioaren sinatzaileetako bat izan zen, eta, egun, aldundiarekin negoziatzen ari den batzordeko kidea ere bada.

Zerk eragin du Bizkaibuseko greba?

Gure eskakizun bakarra da iaz aldundiak sinatu zuen akordioa bete dezan. Iazko abuztuan, aldundiak jakinarazi zuen zenbait autobus linea desagertuko zirela enpresa kudeatzaile berriek zerbitzuaren ardura hartutakoan. Guk mobilizazioei ekin genien, eta, azkenean, iazko urriaren 4an, akordio bat izenpetu genuen. Akordio horren arabera, enpresa berriek errespetatu behar zituzten une hartan zeuden hitzarmenak eta lan baldintzak, eta aldundiak konpromisoa hartzen zuen lanpostuen amortizazioa ez egiteko.

Eta ez da hala izan?

Irailaren 4an egindako bileran esan ziguten, alde batetik, agian enpresek ez zutela sinatutakoa beteko, eta, beste aldetik, aldundiak iazko abuztuan aurkeztutako plangintzari eusten ziola.Plangintza hori beteko balitz, linea batzuk desagertu, 300 lanpostu inguru galdu eta kalte nabarmena egingo liekete herritarrei.

Hala ere, aldundiak behin eta berriro esan du hitza bete duela eta ez dela lanposturik galduko.

Aldundia gezurretan ari da. Hor dago iaz sinatutako agiria; horren edukia oso argia da. Eta, beste aldetik, aldundiak aurkeztutako plangintzan nabarmen gelditzen da azaroaren 1etik aurrera linea batzuk desagertuko direla, eta horrek lanpostuak galtzea ekarriko duela. Nik hasieran pentsatzen nuen beharbada [Herri Lan eta Garraioen foru diputatu] Itziar Garamendik ez zuela informazio guztia eta horregatik esaten zituela esaten zituenak, baina ikusten dugu nahita ari direla herritarrei gezurra esaten, eta ez dakigu zergatik.

Joan den astelehenean bilera izan zenuten aldundiarekin. Horren ostean bidalitako prentsa oharrean, LABek adierazi zuen aldundiak «bitartekariaren mozorroa» kendu zuela. Ados al zaude balorazio horrekin?

Bai, erabat. Aldundia askotan saiatu da mezu hori ematen, langile eta enpresen arteko bitartekari lana egin nahi dutela, baina iazko akordioa aldundiak sinatu zuen, ez enpresek. Enpresei dagokie lan baldintzen arloa, eta hori haiekin negoziatu beharko dugu, baina lanpostu eta zerbitzuaren arloa aldundiari dagokio. Hala onartu zuten asteleheneko bileran, eta esan zuten gure eskakizunak aztertu eta beste bilera batera deituko gintuztela. Oraindik ez digute deitu.

Beraz, dei horren zain zaudete.

Bai, Ez dakigu zertan ari diren, baina denbora galtzen ari dira, eta horren ondorioa da antolatuta dauden lanuzteak mantentzen direla, horrek dakarren kaltearekin langile zein bezeroentzat.

Gutxieneko zerbitzuak %30ean finkatu dituzte. Ados al zaudete?

Guk helegitea jarri dugu horren kontra. %30 larregi iruditzen zaigu, baina hori ez da okerrena, baizik eta enpresek aukera dutela %30 hori nahi duten moduan banatzeko. Hau da, linea batzuetan gutxieneko zerbitzuak %30 baino gehiago dira, %100 ere bai, eta beste linea batzuk kendu egin dituzte besterik gabe. Bidaiari kopurua irizpide bakar hartuta, leku batzuk zerbitzurik gabe utzi dituzte, ordezko zerbitzurik ez duten lekuak kasu askotan, haientzat errentagarriagoak diren lineen mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.